ALFONSO SUESKUN

"Benetako harribitxiak aurkitu ditut, guztiz utzita eta ahaztuak"

Juanma Gallego 2022ko api. 5a, 08:00

Arabako erloju monumentalen katalogoa osatzen ari da Alfonso Sueskun erloju konpontzailea, askotan oharkabean igarotzen den ondare baten gaineko ezagutza gorde ahal izateko. Dena dela, ogibideak etorkizunik ez duela uste du, tartean tresneria oso garestia erabili behar dutelako erloju mekanikoak taxuz konpondu ahal izateko.

Jaio zen une beretik erlojuen mundura lotuta egon da Alfonso Javier Sueskun (Gasteiz, 1961) erloju konpontzailea. Hain justu, jaiolekuaz galdetu diogunean, erloju denda batean jaio zela erantzun du. Pedro anaiarekin batera, aitak martxan jarri zuen negozioa jarraitu dute biek, baina Sueskunek ohartarazi du lanbidea "hilda" dagoela dagoeneko. Mago profesionala izateaz gain, idazlea ere bada, eta Los cuentos del Museo liburuan Gasteizko Arte Ederren Museoari lotutako zenbait pertsonaia historikori buruzko bizitzetan arakatu du; Julian de Zulueta edo Juan Jose Diaz de Espada dira horietako batzuk. Oraingoan, baina, erloju monumentalen munduan murgildu nahi izan dugu Sueskunekin batera. Horien inguruko inbentarioa ari da osatzen pixkanaka, eta konturatu da asko eta asko galtzeko bidean daudela.

Asko al zarete honetara dedikatuak zaudetenak?

Kontrara, oso gutxi. Erloju konpontzaile asko daude Gasteizen, baina guk egiten duguna hemen ez du beste inork egiten. Guk zaharberritze prozesua osoa egiten dugu. Tira, urte asko eman ditut korporatibista izaten, baina esango nizuke geratzen diren gehienak lardats hutsak direla. Ez daukate erlojuak konpontzeko beharrezkoa den makineriarik. Arazoa da gure lanbiderako erabiltzen diren tresnak izugarri garestiak direla. Lau katu garenez, enpresak horretaz baliatzen dira prezio oso garestiak jartzeko. Alboan dudan tornu honek 30.000 euro balio du. Hori amortizatzea oso zaila da, noski. Hor ikusten duzun beste makina hori guk egin behar izan dugu, ez zegoelako halakorik merkatuan. Horregatik, benetako lardaskeriak ikusten dira konpondutako erlojuetan. Jesus Ramon Rodriguez Burgo erloju konpontzaile kubatarrari behin entzun nion erloju batentzako arriskutsuena ez dela ura edo hezetasuna, erloju konpontzaile kaskar bat baizik.

Hortaz, ogibideak ez du ordezkapenik...

Ez, ezinezkoa da. Ogibide hau hilda dago. Ez du konpentsatzen. Kide batek dio gure lanbide hau txiroen ogibidea dela, baina aberatsen tresnak erabili behar dituena. Erlojugintza fina lantzeari utzi diogu. Dendan 40 urtez Rolexen zerbitzu ofiziala izan genuen, eta nik hemezortzi urtez mantendu nuen. Baina ezinezkoa da. Eskumuturreko erloju bat garbitzeko, makineria osoa ireki behar da, azken torlojuraino, Rolexen egiten den moduan. Nik 175 bat euro kobratzen nuen hori egiteko, eta zazpi edo zortzi ordu ematen nituen. Bada, behin etorri zitzaidan bezero bat esaten 40 euro kobratzen ziotela aitonaren erlojua garbitzeagatik. Bai noski. Barruko makineria osoa sartzen dute likido miraritsu batean, eta garbi eta koipetuta ateratzen omen da. Ez da berdina, noski. Denbora asko galdu dut zenbait bezerorekin ezbaian. Zabalduta dagoen gaitza da. Ni formakuntzaz elektronikaria naiz, eta ikusi dut nola egiten diren fotokopiagailuak konpontzen ikasteko ikastaroak. Goiz batean ikastaro azkarra eta eskuliburu batzuk eman, eta, hara, konpontzera! Halako bat datorkizu etxera garbigailua konpontzera, eta inork ez ditu zalantzan jartzen bere tarifak. Gurean, bai.

Salcedoko erlojua. Alfonso sueskun

Gasteizko udal erlojuen mantentzea egiten duzue ere...

Bai, besteak beste, San Cristobal, San Miguel, San Vicente, San Pedro, udaletxea... 1994an hartu genuen ardura, eta oso egoera txarrean zeuden erlojuak. Zaharberritu genituen, eta orain denak funtzionamenduan daude. Astero erloju guztien doitasuna egiaztatzen dugu, eta minutu batetik beherako doitasuna ez badute, igotzen gara eta ordu egokian jartzen ditugu.

"Arabako erloju monumentalak dokumentatzen ari gara. Hiru urte daramatzagu lan horretan"

Nolakoa da haien egoera?

Arazorik handiena San Miguelgo erlojuak du. 1857. urtekoa da, eta oso kaltetuta dago, nahiko higatuta dagoelako. 2000. urtean hainbat konponketa egin genizkion, eta gurpilari buelta eman genion. Pentsa ezazu normalean hortzaren alde batek baino ez duela lan egiten, eta hori da kaltetzen dena. 20 urte pasata, ia berdinetan dago orain, oso kalitate handikoa ez delako. Gasteizko gainerako erlojuek seguruenera ehun urte baino gehiagoko bizitza izango dute aurretik, nahiko ondo daudelako.

Aldundiarentzat erloju monumentalen katalogoa egiten ari zara. Zertan dago kontua?

1994an Gasteizko erloju monumentalen ardura hartu genuenean, ikusi genuen Araban zehar ondare kultural handia dagoela erlojuei dagokienez, baina askotan horien berririk ez dagoela; pieza asko galduta daude, edo herdoilduta. Hori, arpilatu dituzten erlojuak ez aipatzearren, batzuk desagertu direlako ere. Diputaziora jo genuen, proposamenarekin, eta erantzun ziguten oso ideia ona zela, bai. Bukatuta izatean, beraiei esateko. Bai zera! Lan hori egiteko laguntza behar genuela erantzun genuen, noski. Bada, horretan ari gara orain; pixkanaka, lan eskerga delako. Arabako erloju monumentalak dokumentatzen ari gara. Bisitatu, haien egoeraren berri jaso, argazkiak hartu, fitxa bat osatu. Hiru urte daramatzagu. Momentuz, Arabako Errioxa eta Mendialdea bukatu ditugu, eta Añana ere bukatzear dugu. Gotzaindegiaren baimena behar dugu ere, eta askotan apaizek laguntzen gaituzte beren ardurapeko herrien elizetara sartzeko.

Zer topatzen ari zara bisita horietan?

Batzuetan, benetako harribitxiak. Batzuk ondo zainduta daude, eta gehienetan hori hala da inguruko norbaitek horien gaineko ardura daukalako. Kasurako, Amurriokoa oso ondo zainduta dago, Jose Luis Albizua inguruan egonda. Salcedokoa ondo zainduta dagoen beste erloju bat da. Eliza batean ez baizik dorre normal batean dago. Guk zaharberritu genuen, duela 15 bat urte, eta ingurukoa den Pedro Montoyak zaintzen du. Markizko elizan dagoen erlojuaren kasuan ere, herriko batek erlojua konpontzea lortu du. Kasu horretan, eliza herriarena da. Baina badira ere guztiz utzita daudenak. Guardiako elizan dagoena, adibidez, urez beteta zegoen bisitatu nuenean. Bujandakoa, zabor artean dago botata. Eta horrela, asko eta asko. Gorrebustoko erlojuak orduak eta laurdenak emateaz gain, oroitzerako hiru dei egiten ditu: matuteak, laudoa eta sesta. Jakina da hoberena dela erloju bakoitza bere tokian egotea, baina agian horietatik batzuk bildu litezke inguruko beste herriren batean, ondo kontserbatuak izan daitezen, eta bisitak errazteko. Puntu horretan bederen, ez nago ados Zaharberrikuntza Zerbitzuan duten irizpidearekin. Haiek diote erlojuak beren jatorrizko lekuan mantendu behar direla beti.

"Erlojuak elizetan daude, baina normalean ez dira Elizarenak. Hor abiatzen dira arazo asko"

Zerbitzu horrekin harremana izango duzula suposatzen dut...

Bai, erlojuak konpontzean haien irizpideak jarraitu behar dira. Adibidez, San Miguelgo erlojua konpontzeko, nik aldatu nituen piezak beste kolore batez margotuta daude, berriak direla jakin dadin. Baina lekutik ezin ateratzeari buruzko irizpidearekin ez nator bat. Erlojua dorretik ezin daitekeela atera diote. Baina haien egoera askotan negargarria da. Adibidez, Gasteizko San Pedro elizako teilatua konpondu zutenean, uso guztiak kanpandorrera joan ziren, eta arkakusoz bete zen. Ni hara joan ahal izateko gorputz osoa intsektizidaz bete behar izan nuen, baina halere etxera eramaten nituen arkakuso asko, eta etxeko arropa guztiak garbitu behar izan nituen arkakusoak kentzeko. Argi esan nien en nintzela berriro igoko, inola ere ez. Orain, behinik behin, kanpandorrean sareta batzuk jarri dituzte, usoak sar ez daitezen, baina eskailerak eta gainerako guztia oso egoera txarrean daude. Tira, erloju konpontzaile tentela baino ez denez bertara igotzen...

Agian, utzita dauden erlojuetako batzuk Arte Sakratuaren Museora eraman litezke adibidez?

Ez, normalean ez dira Elizarenak. Hor dago arazoaren parte garrantzitsu bat ere. Nik ezagutzen ditudan erloju gehien-gehienak herrikoak dira, aberatsen batek ordainduta edo herrikoek ordainduta. Baina jotzeko kanpainak behar dituztenez, horregatik daude elizetan. Beraz, normalean Elizarenak diren eremu batean daude, baina Elizak ez ditu aintzat hartzen, beraienak ez direlako.

Hasieran aipatu didazu etorkizunik ez diozula ikusten ogibideari. Hau non ikasten da?

Nik dakidala, Espainia osoan soilik Bartzelonako Virgen de la Merced institutu politeknikoan irakasten zuten. Orain mikromekanika diziplinaren barruan sartuta daude erlojugintzari buruzko hastapen batzuk. Baina normalean lantegi batean ikasten da hau. Gure aitak Madrilgo Cronos erloju-dendan ikasi zuen lanbidea, gauez zaintzaile gisa aritzen zen bitartean, aprendiza izateko ordaindu behar zelako. Nik txikitan ikasi nuen aitarekin, eta 50 daramatzat ogibidean.

Konpontzeaz gain, gai zara erlojuak egiteko?

Ez. Nire burua erloju konpontzaile eta zaharberritzailetzat jotzen dut. Egia esanda, askotan aipatzen da maisu erlojugile hitza, baina nik benetan bi maisu erlojugile baino ez ditut ezagutzen. Halako pertsona bat gai izan behar da kalibre [barruko mekanismo] bat kalkulatzeko eta fabrikatzeko. Hau da, ez da soilik diseinu kontua, tornuan jarri eta erlojua fabrikatzen jakin behar du ere. Nik nahikoa daukat ditudan hutsuneak betetzearekin. Etxean badut gaiari buruzko liburutegi bat, eta gehiena ingelesez dago. Bada, kontua ez da soilik ingeles teknikoa jakin behar duzula, baizik eta erlojugintzari lotutako hizkeran trebatu behar zarela. Adibidez, drop ingelesez zerbait erortzea da, ezta? Bada, erlojugintzan ez da hori, geldialdia baizik. Halakoez jabetu arte, zoratu zaitezke.

Erlojuen munduaz gain, magoa eta idazlea zara...

Bai, Arabako Ilusionisten Elkarteko kide sortzailea naiz, eta mago profesional gisa aritu izan naiz. Baina batez ere 2009tik literaturan aritu izan naiz, helduentzako ipuinekin. Arabako Arte Ederren Museoari lotutako pertsonaia historikoei buruzko kontakizunen bilduma bat idatzi dut. Julian de Zulueta, adibidez, crack bat izan zen. Estatubatuarra izan balitz, Howard Hughesen parekoa izango zen.

Baina hemen soilik gogoratzen dugu esklabista izateagatik, ezta?

Hori da. Bere negozio andanaren zati bat besterik ez zen hori. Baina Zulueta Kubaren jabe politikoa eta ekonomikoa izan zen bere garaian. Nahi zuen guztia egiten zuen. Domingo Dulce y Garay kapitain jenerala bera ere bota zuen behin, bere armada propioarekin. Baina hori beste egun baterako istorioa izan daiteke. 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago