Maria Cerezuela

"Bizitzak eman didan oparirik handiena izan da 'Maixabel' pelikula"

Anakoz Amenabar 2022ko mar. 26a, 08:00

Maria Cerezuela, erdian, Blanca Portillo eta Iciar Bollainekin. / Kowalsky Films

Esker oneko hitzak baino ez ditu Maria Cerezuela gasteiztarrak 'Maixabel' pelikularen inguruan gertatutakoak gogoratzen dituenean; besteak beste, liluratu duen zinema deskubritu du, eta bide horretan sakontzea gustatuko litzaioke, "gizartearentzat interesa izan dezaketen benetako pertsonaiekin".

Pantaila handirako egindako lehendabiziko lanarekin kritika eta publikoaren txalo zaparrada jaso du Maria Cerezuelak (Gasteiz, 1993), eta maila pertsonalean eta  profesionalean ere "ahaztuko ez duen astindua" izan dela nabarmendu du. Maixabel pelikulan Maria Jauregiren papera egitegatik emakumezko aktore berri onenaren Goya saria jaso zuen duela hilabete, eta atsedenerako tarterik ez du izan geroztik. Besteak beste, Netflixerako El club de los lectores criminales pelikulan dabil lanean, eta Los aborÌgenes antzerki obran ere izan da.

Goya sariak proposamen gehiago ekarri dizkizu? Ala goizegi da oraindik jakiteko?

Goizegi dela uste dut, bai. Baina, egia esan, ez daukat presa gehiegirik. Oso gustura nago oraintxe El club de los lectores criminales filmatzen; otsailetik daramagu Madrilen grabazioarekin, eta pozik nago. Gainera, atseden hartu nahiko nuke, etxera itzuli eta nire gertukoekin egon, ez baitut orain arte horretarako aukerarik izan. Zoragarria izan da, baina zoramena aldi berean...

'Maixabel' atzean uzteko gogoa duzu beste proiektuetan sartzeko?

Ezta pentsatu ere. Maixabel nirekin egongo da beti; ikasketa profesional eta pertsonal ikaragarria izan da, eta betiko eramango dut. Bizitza lezioa izan da niretzat Maria Jauregi ezagutzea, Blancarekin –Portillo– egotea, Luisekin –Tosar–, Urkorekin –Olazabal–, eta Iciar Bollainek zuzentzea. Bizitzak eman didan oparirik handiena izan da. Eta, jakina, ez dut atzean utzi nahi, kontrakoa, beti nirekin egotea nahi dut, eta hasiberria nintzela film honetan parte hartu nuela gogoratu nahi dut. Maria Jauregik ematen duen apaltasun lezio hori, pelikulak ematen dituen ikasgai guztiak, niretzat eraman eta nire bizitzarako erabiltzen ditut. Film hau beti egongo da nirekin.

"Libre sentitzen nintzen taula gainean, eta mundu errealean agian ez hainbeste"

Sariak jasotzen jarraitzen du pelikulak: RNEk emandako Sant Jordi saria, Gasteizko Euskal Zinemaren Astean...

Eta ibilbide luzea geratzen zaiola uste dut. Mugak gainditu dituen filma da; herrialdeko puntu zehatz bati buruz hitz egiten du, baina, nire ustez, mugak gainditu egiten ditu, eta gaur egun izaten ari garen edozein arazotan balia daiteke. Gure artean borrokan hasi beharrean, mahai batean eseri eta hitz egin dezakegu, nahiz eta ideietan bat ez etorri, elkar errespetatzea da gakoa, eta oraintxe bertan behar dugula uste dut. Uste dut mundua hobeto joango litzatekeela; eta gerra ikusten ari garen honetan, zer esanik ez...

Pelikulan kontatzen diren gertakarien berri bazenuen?

Maixabel Lasa entzutez ezagutzen nuen. 2000. urtean gertatu zen, eta nik zazpi urte bakarrik nituen, eta etxean ere ez zen gehiegi hitz egin gaiaz. Gidoia iritsi zitzaidanean, jakina, egoera sakon landu nuen, Maixabel eta Juan Mari goitik behera aztertu nituen, filmaketara ahalik eta informatuen heltzeko.

Nolakoa izan zen Maria Jauregirekin lehen hartu-emana?

Filmatzen hasi aurretik geratu nintzen berarekin.Pelikularekin zerikusirik ez zuten gauza pilo bati buruz hitz egin genuen, eta horrexek lagundu zidan pertsonaiari aurre egiten: nola begiratzen zuen, nola geratzen zen isilik, zeukan energia... Oso egun berezia izan zen niretzat.

Pelikulak pertsonalki aldatu zaituela esan izan duzu.

Hala izan da. Profesionalki hazteko balio izan dit, baina are gehiago pertsonalki. Azken batean, Maria Jauregik egiten duena pertsona batenganako benetako maitasun ariketa bat da; pertsonak berekoiak gara berez, eta, egia esan, ni Mariaren lekuan banengo ez dakit amari "utziko" ote niokeen aitaren hiltzailearekin esertzen. Baina berak egiten du, ez du ideia horrekin bat egiten, baina bere amak sendatzeko hori behar izatea errespetatzen du, eta hori munduko maitasun ekintza handiena iruditzen zait. Hori da nik eramaten dudan lezioa.

"Talentua talentua da, sare sozialetan 200 jarraitzaile edo 14.000 izan"

Nolakoa izan da Blanca Portillo, Luis Tosar, Urko Olazabal eta Iciar Bollainekin lan egitea?

Zoragarria izan da. Asko ikasi dut. Batez ere, Blancarengatik hitz egiten dut, sekuentzia gehien partekatu ditudalako harekin; hasieratik entzun, zaindu, errespetatu eta babestu nau, eta zoragarria izan da. Gainera, niretzat beti izan da erreferentea emakume eta aktore gisa, eta amets bat izan da niretzat film hau berarekin egin ahal izatea. Gainera, ni antzerkikoa naiz barne-barneraino, eta Blanca obra batean zuzenean ikusi nuen lehen aldia izugarria izan zen; Arriaga antzokian izan zen duela urte batzuk El cartógrafo egiten, eta maitemindu egin nintzen. Amets bat izan da hau.

Zer jarraibide eman zizkizun Bollainek paperari aurre egiteko?

Normalean guk eramaten genuen proposamen baten gainean egiten genuen lan. Guk sekuentzia bat egiten genuen, eta gero berak nahi zuen ildotik moldatzen gintuen. Iciar zuzendari ikaragarria da, enpatikoa izateaz gainera; aktorea ere bada, eta kamara baten aurrean dugun zaurgarritasuna ondo ezagutzen du, are gehiago benetako pertsonak interpretatzeko ardura dugunean. Oso arduratsua izan zen une oro, eta gauzak mimoz eta begirunez tratatu zituen. Pentsa, "akzioa!" esan beharrean, "nahi duzuenean!" esaten zuen, eta hori enpatiazko eta aktorearekiko errespetuzko ekintza ederra da.

Gasteizko TAE eszena-arte tailerrean eman zenituen antzerkirako lehen pausoak, ezta?

Zazpi bat urte izango nituen, eta ez dut oroitzapen handirik, egia esan. Baina oso neska lotsatia nintzen, oraindik ere banaiz, eta egia da hor deskubritu ahal izan nuela interpretatzea gustatzen zitzaidala, larunbatetako saio haietan; eszenatoki batera igotzen nintzenean ez nintzelako ni, eta lotsa izateari uzten niolako pertsonaia desberdinen atzean babestuta. Bat-batean libre sentitzen nintzen hantxe, eta  mundu errealean agian ez hainbeste.

'Harry Potter'-ek ere izan omen zuen eragina...

Uste dut nire belaunaldia asko markatu zuela pelikulak. Bat-batean oso proiektu berezia genuen zineman. Gogoan dut aitak eraman ninduela zinemara Harry Potterren lehena ikustera, eta txundituta geratu nintzela mundu magiko harekin eta Hermione pertsonaiarekin; neska basati bat ezagutu genuen, azkarra, mutilekin joaten zena eta iniziatiba zuena, ordura arte erakutsi zigutenarekin zerikusirik ez zuena. Eta nik neska hori izan nahi nuen, noski. Hor erabaki nuen aktore izan nahi nuela.

Hemendik aurrera, zer egitea gustatuko litzaizuke?

Asko gustatu zaidan zinema aurkitu dut. Oso sakrifikatua bada ere, antzerkia baino gehiago ere beharbada, gustura egingo nuke zinema benetako pertsonaiekin, gizartearentzat beharrezkoak diren istorioak kontatzen dituzten pertsonaiekin. Eta, jakina, antzerkia; izugarri gustatzen zait, eta faltan botatzen dut.

"Lehorte" garaiak ere ohikoak izaten dira aktoreen artean...

Noski. Hori denok bizi izan dugu hasieratik. Goya bat izateak ez du esan nahi orain etengabe lan proposamenak iritsiko zaizkidanik. Ederra da lankideen aitortza, zoragarria da saria, baina benetako saria hazten jarraitu ahal izatea da. Lanik gabeko garaietan nire kontura antolatu izan dut, eta, besteak beste, Un lugar donde arder lana zuzendu dut; ez daukat inolako eragozpenik horretarako. Epe luzera, gainera, antzerki-konpainia bat sortu nahi nuke, aipatutakoagatik hain zuzen; oso ezegonkorra den lanbide bat aukeratu dugu, eta azkenean denok bizi, jan eta alokairu bat ordaindu behar dugu.

Aktore askorentzat erakusleihoa dira sare sozialak...

Beti esan dut nire sare sozialak aisialdirako direla, eta kitto. Baina beharbada molde zaharrekoa naiz kar-kar. Uste dut talentua beste modu batera frogatzen dela; talentua talentua da 200 jarraitzaile edo 14.000 izan. Lanean maila ematea beste gauza bat dela uste dut, ez duela jarraitzaile kopuru handi batek bermatzen. Lehentasuna emango diozu modaz pasako den sare sozial bati? Modaz pasako da, ezta?

Aktore onenaren Goya jaso du aurten Maria Cerezuelak. / Kowalsky Films

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago