Prezioen krisia

Poltsikoak astindu dituen olatua noiz geldituko zain

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2022ko mar. 24a, 11:34

Espainiako Gobernuak erregaien eta energiaren gorakada handiari zer muga jarriko dion argitu gabe dagoen bitartean, kontsumitzaileen elkarteek eta sektore ezberdinetako profesionalek zergak jaisteko proposatu dute nagusiki. Elikagaien prezioak ere markak hausten ari dira urte hasieratik.

Erregaien prezioen igoerak, gasarenak eta argiarenak bezala, ez du etenik. Europako Batasuneko Petrolio Buletinaren azken  datuen arabera (2022/03/14), gasolinak eta gasolioak gora egiten jarraitzen dute etengabe, eta marka berri bat hautsi dute 2013tik izandako preziorik altuenarekin alderatuta. Zergak barne hartuta, berunik gabeko 95 gasolinak (E5) litroko 1,844 euro balio du batez beste Espainiako estatuan; dieselak, berriz, litroko 1,817 euro. Batezbesteko bat da, noski, eta, beraz, gasolindegi batzuetan ez da batere arraroa litroko 1,98 eta 2 euro arteko gasolina aurkitzea. Hego Euskal Herrian, adibidez, Iruñeko eta Usurbilgo kasuan, bi eurotik oso gertuko prezioak ere erregistratu dira, eta Azpeitian 2,049 euro litroko. Araban, berriz, 1,99 markatu du gasolindegi batek, eta ilara luzeak daude erregaiak merkeago dituzten hornitegietan.

Horrela, 40 litroko edukiera duen auto baten biltegia betetzea ia 80 euro kostatu daiteke gaur egun toki askotan. Hyundai Tucson baten kasuari erreparatzen badiogu, hau da, gure herrialdean 2020an gehien saldu zen autoari eta 50 litroko deposituari, 100 euro inguru ordaindu beharko ditugu. Zer esan kamioi handi baten kasuan: Europako Petrolio Buletinak zabaldutako dieselaren prezioa (1,817 euro litroko) erreferentziatzat hartuta, distantzia luzeko kamioi bateko 1.500 litroko depositua betetzeak 2.725 euro balio du, 2021eko lehen asteetan garraiolariek gastatzen zituzten 1.590 euroen aldean. Ez da harritzekoa, beraz, greba mugagabea hasteko eta mantentzeko erabakia.

Lehendik datorren egoeraren ginga izan da Ukrainako gerra, eta ez dirudi epe motzean petrolioaren eta erregaien prezioak jaitsiko direnik. Izan ere, Errusia munduko hirugarren petrolio ekoizlerik handiena da, Estatu Batuen eta Saudi Arabiaren atzetik. Errusiak egunean bost milioi petrolio upel inguru esportatzen ditu, eta hiru milioi upel petrolio findu. Europako Batasunak ezarritako zigorren ondorioz, upel horien erdia baino gehiago eroslerik gabe geratu dira, eta egoera horrek okerrera baino ez du egingo. Gainera, egungo egoerak etorkizunekoen merkatuan espekulazioa nabarmen handitzea eragin du, inbertitzaile handiek garestiago erosiz babestu nahi izan baitute.

"Azkar" erantzuteko premia

Real Automovil Club Vasco Navarro (RACVN) elkarteak "marka historiko guztiak" gainditu dituzten erregaien prezioen ondorioei buruz ohartarazi du. "Egungo igoerak ekonomia osoari eragiten dio; izan ere, horniduren kateak errepide, itsaso edo aire bidezko banaketa sare bat du, eta sare horretan erregaia beharrezkoa da". Laster jokatzeko premia azpimarratu dute gainera, erosketa saskia are gehiago garestitu daitekeelako. "Produktu eta zerbitzu guztien prezioak igoko dira, oinarrizkoenetatik hasi eta luxuzkoetaraino. Gainera, azkar eta eraginkortasunez jokatzen ez bada, garraio enpresen amaiera izango da".

Egoerari aurre egiteko berehalako neurri gisa, erregaiei ezartzen zaizkien zergak jaistea proposatu du gidarien elkarteak, Brent upela berriz ere 80 dolarretik behera egon arte –113,5 dolarretan dago orain–. RACVNk adierazi duenez, gasolina litroaren azken prezioaren %52 inguru zergak dira, eta %48 gasolioaren kasuan. "Prezioen igoerarekin gobernua diru gehiago biltzen ari da. Horregatik, badu tarterik erregaiei aldi baterako karga fiskala murrizteko, aurrekontuak arriskuan jarri gabe".

Gasolioaren prezioa jaistea nahikoa izango da, halaber, grebara batu diren Euskal Herriko garraiolari gehienak lanera itzultzeko. Hego Euskal Herrian Tradisna eta Hiru dira greba egiten ari direnak, denak autonomoak edo enpresa txikietakoak, baina greba estatu mailan sortutako plataforma batek deitu du, Plataforma para la Defensa del Sector de Transporte de Mercancias izenekoa, eta aldarrikapenen zerrenda luzea aurkeztu dute Espainiako Gobernuko ministerioetan. Eskatutako guztia lortu arte borrokan segitu nahi du Plataformak, baina gasolioa jaisten bada greba geldituko dela uste du Tradisnak.

Energiaren krisi luzea

Aparteko testuinguru horri aspalditik datorren argiaren fakturaren igoera gehitu behar zaio, zergen murrizketarekin apaldu ez den problema hain zuzen. Joan den urtearen amaieran, Espainiako Gobernuak apirilaren 30era arte luzatu zuen kontsumitzaile guztiek ordaintzen duten argindarraren fakturan jasotako zergen murrizketa, elektrizitatearen prezioaren igoerak herritarrengan eragiten duen kaltea arintzeko. Zehazki, BEZaren eta elektrizitate-zerga bereziaren %21etik %10era bitarteko beherapenak apirilaren 30era arte luzatu ziren, eta enpresek ordaintzen duten %7ko sortze zerga martxoaren 31ra arte luzatu zuten. Aste honetan bertan gobernuak nabarmendu du neurri horiek 1.600 milioi murriztu dituztela estatuaren diru sarrerak.

Halere, OCU kontsumitzaileen elkarteak zerga jaitsierak betikotzea eskatu du, eta ohartarazi du argiaren batez besteko otsaileko fakturak 2021eko otsailean ordaindutakoa bikoiztu duela. Ukrainako gerra "akabera" izan dela esan du elkarteak. "Gobernuak ekainetik aurrera aplikatu dituen neurriak ez dira nahikoak izan prezioen igoera horri aurre egiteko, eta beharrezkoa da ekintza zehatzagoa krisi egoera horren aurrean". Hala, besteak beste, OCUk energiarekin lotutako zerga guztiak aldi baterako etetea proposatu du, "nazioarteko merkatuetan prezioa normalizatu arte". Halaber, elektrizitatearen eta gas naturalaren horniduraren BEZa behin betiko %10era jaistea nahi du, eta elektrizitatearen gaineko zerga berezia behin betiko eta modu iraunkorrean ezabatzea.

"Sakeoari ez" ekimena

Aldiz, murrizketak zergei beharrean energia enpresen etekin ekonomikoei ezartzea galdegin du Sakeoari Ez, Derecho a La Energía (Sakeoari ez, Energia Eskubidea) ekimenak. Martxoaren 26rako, Bilbon, manifestazioa iragarri dute talde ekologista, sindikatu, auzo elkarte, etxebizitza sindikatu eta gazte eragileek osatutako dinamika horretako ordezkariek. Ekimenak hainbat administraziok egin ditzaketen neurri zehatzak proposatu ditu. "Epe labur, ertain eta luzean aplikatu beharreko neurriak dira, merkatu elektrikoaren erabateko aldaketara iristeko eta elektrizitatea oinarrizko eskubidetzat hartzeko, eta ez merkantziatzat". Alde batetik, argindarraren mozketak benetan geldi daitezen exijitu dute, eta argindarraren fakturari aurre egin ezin dioten pertsonen zorpetzea gelditzeko neurriak har daitezen. Bide beretik, "elektriken aberastasunari muga jartzea" eskatu dute, eta "nahi dituzten prezioak jar ditzaten oztopatzea".

Industria, "kinka larrian"

Elektrizitatearen, gasaren, erregaien eta beste lehengai batzuen prezioen tentsioa gainerako ondasun eta zerbitzuen prezioan islatzen ari da. Garraioaren grebak egoera are gehiago larriagotu du, eta enpresarien Arabako patronalak dagoeneko ohartarazi du herrialdeko zenbait enpresak produkzioa eten behar izango dutela kamioiak mugitzen ez badira eta lehengaien, energia elektrikoaren, gasaren eta gainerako erregaien kostuak igotzen jarraituz gero. 
Arabako enpresarien SEA elkarteak emandako datuen arabera, energia elektrikoaren prezioak hiru edo lau aldiz biderkatu dira industria enpresen %64rentzat; gasarenak, berriz, hirukoiztu edo laukoiztu egin dira enpresen %60rentzat. Lehengaiak azken hilabetean %25 igo dira industrian, eta gainera, hornidura falta nabari da industriaren %71n.

Erregaiei, energia elektrikoari eta gasari ezarritako fiskalitatea berehala murrizteko eskatzeaz gainera, SEAk langileei eta sindikatuei galdegin die "egoera egonkortu arte" negoziazio kolektiboko prozesuak gelditzea.

Ekilore olioa, adibide

Herrialdeko industriaren lehengaien prezioetan igoera handiak jazo baldin badira, zer esanik ez Arabako erosketa saskiaren zenbakietan. Ekilore olioa izan da elikagaien prezioaren igoeraren adibide gorena, batik bat Ukrainako gerrak alarma eragin duelako erosleen artean, herrialde hori baita ekilore olioaren munduko esportatzaile nagusia. Litro baten truke 1,20 edo 1,30 euro kobratzen ari ziren Gasteizko hainbat supermerkatutan urte hasieran, eta hilabeteko buruan 2,50 eta 3,89 euro artean kobratzera igaro dira.  Gainera, supermerkatu kate batzuek eros daitekeen ekilore olio kopurua mugatzea erabaki dute, eta horrek hornidura faltaren psikosia areagotu du kontsumitzaileen artean. Neurriak "larritasun handiagoa sortzen du kontsumitzaileen artean, eta garestitzea bultzatzen du", adierazi du OCU kontsumitzaileen elkarteak. Halaber, erakundeak gogoratu du iaztik garestitzen ari dela produktu hori, beste arrazoi batzuk tarteko.

"Banaketa-kateak prezioekin espekulatzen eta puzten ari dira", ziurtatu du Facua elkarteak bere aldetik, eta bost kate salatu ditu ekilore olioaren salmenta mugatzeagatik. Hainbat dendatan jarrita zeuden mezuak desagertu dira ordutik, baina, antza, kate handiek hirietako eta herrietako supermerkatu txikietara egunero bidaltzen duten olio kopurua mugatu dute, eta horrek apalak hutsik agertzea ekarri du.

Elikagaien prezioen igoera ondo jaso zuen otsaileko KPIak. %7,5ekoa izan zen Hego Euskal Herrian, azken 30 urteetako igoerarik handiena. Araban, %7,6 igo da urte arteko KPIa, eta urtarrileko datuekin alderatuta, %0,6 egin du gora. Bada, martxoko datua, Ukrainako gerraren ondorioak hobeto islatuko dituen kopurua, beldurgarria izan daiteke. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago