2.300 gazte baino gehiagorentzako plazak eskainiko ditu Udaraba programak

Erredakzioa 2022ko martxoaren 17a

Udalekuak eta Gazte Bidaiak programek osatzen dute Udaraba 2022ko eskaintza. / AFA

2022ko udako kanpainan, Arabako 7 eta 17 urte bitarteko gazteei zuzendutako 2.303 plaza izango dira Udalekuak eta Gazte Bidaiak programetan. Aurre-inskripzioa martxoaren 21etik 30era izango da, eta zozketa apirilaren 6an.

Gazteriaren Foru Erakundearen eskutik, Udalekuak eta Gazte Bidaiak hezkuntza aisialdiko programek osatutako Udaraba 2022 udako kanpainak guztira 2.303 plaza izango ditu aurten, Arabako 7 eta 17 urte bitarteko gazteentzat. Ana del Val Kultura Saileko foru diputatu eta Gazteriaren Foru Erakundeko arduradunak gaur aurkeztu du programazioa.

Aurre-inskripzioa martxoaren 21eko 08:00etatik martxoaren 30era arte izango da, eta plaza erreserbatzeko beharrezkoa izango da ziurtagiri digitala edo BAKQ indarrean izatea. Zozketa, berriz, apirilaren 6ko 12:00etan egingo dute.

Udalekuak

Joan den astean, hiru aldundiek batera aurkeztu zuten 2022ko Udalekuen programa, 7 eta 13 urte bitarteko gazteentzat. Uztailaren 1ean hasi eta uztailaren 29an amaituko da, neska-mutilei bizikidetzarako espazio ludiko bat eskaintzeko asmoz, beren autonomia pertsonala sendotu ahal izan dezaten.

Arabako eskaintzari dagokionez, Barria, Espejo eta Zuhatzako aterpetxeetan, zazpi eguneko euskarazko txandetarako eta txanda elebidunetarako 1.695 plazaz gain, ingeleseko 55 plaza eta Euskalaka programako beste 55 plaza eskainiko dira; azken bi horiek Espejon izango dira, 12-13 urteko pertsonentzat eta hamar eguneko txandetan. Hau da, guztira 1.805 plaza eskainiko dira Araban.

Prezioa 135 eurokoa da zazpi eguneko txandetan, eta 190 euro hamar eguneko txandetarako, hobariak kontuan hartu gabe. Plazen %5 beharrizan bereziak dituzten haurrentzat gorde dituzte, eta 200 bat begirale izango dira.

Gazte Bidaiak

Bestalde, Gazte Bidaiak programako 498 plazak —iaz baino ia 200 gehiago— gehitu behar zaizkio eskaintzari. 14-17 urteko gazteei zuzendutako programa honen helburua "berdinen artean ezagutzea, bizi esperientziak trukatzea, berdintasunaren, elkartasunaren eta kulturartekotasunaren balioak onartzea, eta fisikoki eta emozionalki garatzea" da.

Guztira, 23 jarduera antolatu dituzte, beste autonomia erkidegoekin egindako trukeen emaitza gisa: Aragoi, Kantabria, Galizia, Nafarroa, Extremadura, Gaztela eta Leon, Gaztela-Mantxa, Errioxa, Gipuzkoa eta Madril.

Prezioei dagokienez: 210 euro zazpi eguneko txandetan, 300 euro hamar egunetarako, 330 euro hamaika egunetarako eta 360 euro hamabi egunetarako.

Gainera, programa honen barruan sartzen da Gazte Rock egitasmoaren XIV. edizioa. Uztailaren 1etik 12ra bitartean izango da Gasteizen, eta musikaren inguruko jakin mina duten Extremadura, Madril, Galizia, Gipuzkoa eta Arabako gazteek parte hartuko dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago