Aldundiek antolatutako Udalekuek ia 4.000 plaza eskainiko dituzte

Erredakzioa 2022ko mar. 11a, 11:37
Uztailaren 1etik 29ra bitartean izango dira udalekuen txandak. / AFA

Araban 1.695 plaza eskainiko dira; 7 eta 13 urte bitarteko haurrentzat, 7 eguneko txandetan.

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aldundiek berriro antolatuko dituzte Udalekuak, eta kanpaina honetan hiru lurraldeetako 7 eta 13 urte bitarteko 3.973 haurrek hartuko dute parte, 7 eguneko txandetan. Uztailaren 1etik 29ra bitartean izango dira, 135 euroko prezioan.

Araban 1.695 plaza eskainiko dira. Kontuan izan behar da iaz, Covid-19aren ondorioz, 2.321 plaza eskaini zirela guztira, eta haietatik 815 Araban. "Programa hau oso garrantzitsua da hiru aldundientzat; izan ere, beronen helburu nagusia da haurrei bizikidetzarako espazio ludiko bat eskaintzea, beren autonomia pertsonala sendotzeko, jarduera eskaintza zabalarekin: ingurumen jarduerak baserri eskoletan, kiroletakoak, hala nola piraguismoa, mendi ibilaldiak edo bela, eta jarduera ludikoak, besteak beste jolasak, txangoak eta tailerrak. Hau da, aukera paregabea neska-mutilentzat", azaldu du Ana del Val Gazteriaren diputatuak.

Araban, izena emateko epea martxoaren 21ean hasiko da, eta martxoaren 30en amaituko da. Zozketa apirilaren 6an egingo da. Iaz bezala, prozesu osoa, bai aldez aurretik izena ematekoa, bai erreserba berrestekoa, telematikoa izango da webgunearen bidez, eta indarrean dagoen ziurtagiri digital bat beharko da. Informazio guztia aldundiaren web orrian egongo da eskuragarri.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide