Iragarritakoa bete da. Santiagoko urgentziak itxita daude, eta Txagorritxun artatzen ari dira azken asteotan beren kabuz joan ahal diren paziente guztiak. Ondorioak ere agerian dira: "Txagorritxun lan zama handitu egin da paziente gehiago artatu behar direlako". Izan ere, Osasun Publikoa Aurrera plataformako kide Maite Alonsok esan du ez direla langile gehiago kontratatu.
Aldaketak eragin dituen arazoei gehitu behar zaio, gainera, herritarrak ez direla zerbitzua modu egokian erabiltzen ari. "Lehen mailako arretara iristeko arazoak ditugunez, urgentzietara jotzen dugu behar ez dugunean. Ume txiki bat lehen mailako arretara eramateko astebeteko epea ematen baldin badidate eta Etengabeko Arreta Gunea itxita baldin badago, nora joango naiz? Larrialdietara, noski. Osakidetzak horretara behartzen gaitu", azpimarratu du Alonsok.
"Isilpean egin dute guztia, herritarrei ez digute uzten parte hartzen"
(Maite Alonso)
Santiagoko larrialdiak itxi eta herritarrak Txagorritxura aldatzeko erabakiaren berri iragan urtarrilaren 21ean eman zuen Osakidetzak, eta otsailaren 2an gauzatu da erabakia. "Isilpean egiten dute. Herritarrei ez digute uzten gure osasunarekin zerikusia duten erabakietan parte hartzen. Ez dago demokraziarik" esan du. Gainera, salatu du langileak ere hedabideen bitartez enteratu direla erabakiaz, egun batetik bestera. "Lotsagarria da. Txagorritxun larrialdien zentralizazioak lanpostuak galtzea edo daudenen prekarietatea ere ekarriko du".
Sinadurak
Horregatik, mobilizazioak eta sinadura bilketa egin ostean, plataformak martxoaren 23an entregatuko ditu bildutako 11.000 babes baino gehiago Osakidetzako zerbitzu zentralen egoitzan, eta horrekin batera mobilizatuko dira. Gainera, Alonsok azaldu duenez, hilabeteak daramatzate osasun publikoaren aldeko Euskal Herriko beste plataforma batzuekin biltzen, eta zerbait elkarrekin egiteko asmoa dute. "Gasteizen, Santiagoko larrialdi zerbitzuaren eta San Martingo EAGaren itxierarekin gertatu dena beste herrialdeetan ere gertatzen ari da, eta susmatzen dugu herritarrei osasun sistemaren oinarrizko zerbitzuetara iristeko muga gero eta gehiago jarri nahi dizkietela".
Haserrea sareetan
Txagorritxuko larrialdietan gaixo gehiago artatu behar izateak atzerapenak eta itxaronaldi luzeak eragin dituztela salatu dute ere hainbat herritarrek sare sozialetan. Martxoaren 6an, txio hau idatzi zuen @TxusNaizNi-k: "Oraintxe, Txagorritxu ospitaleko larrialdi gelan 65 pertsona baino gehiago dago (erdia laguntzaileak izango dira, baina hala ere izugarria da). Duela hiru aste lagun batek artatu gabe alde egin behar izan zuen, gau osoa itxarongelan emanda. Hau izugarria da. Osakidetza kaput". Bi egun lehenago, berriz, @aralur-ek honako hau zioen: "Sei orduko itxaronaldia Txagorritxuko larrialdi berrietan. Erabiltzaileen etsipena eta kudeatzaileen eraginkortasunik eza". Eta martxoaren 2an, @rkasGasteiz-ek idatzi zuen: "5, 6, 7 eta 8 ordu ere badaramatza jendeak Txagorritxuko itxarongelan. Medikuek ordu bateko tartearekin deitzen dute. Desesperagarria. Haserre dagoen jendeak erreklamazio-orriak eskatu ditu".
Zaurgarrienak zaurgarriago
Plataformaren esanetan, gainera, adinekoak dira larrialdi zerbitzuaren lekualdaketaren kaltetu nagusiak. Izan ere, orain arte Santiago ospitaleko larrialdi zerbitzuek hiriko hegoaldeko auzo zaurgarriei eta zaharkitutakoei zerbitzua eskaintzen zien bereziki, baina hemendik aurrera adineko gaixoak Txagorritxura joan beharko dira. "Zaurgarriago egiten dituzte, ezin dira bakarrik joan, ezin dira oinez joan, laguntza behar izango dute hemendik aurrera ospitalera joateko, eta hori ez da bidezkoa".
Osasun Publikoa Aurrera plataformako bozeramaileak argi du Santiagoko larrialdi zerbitzuaren itxiera erietxearen "birmoldaketaren" lehen urratsa dela, eta zaharrak bezala, herritar guztiak kaltetuko dituela: "Ospitale nagusi baten zerbitzuak kentzen dituzunean bere jatorrizko funtzioa galtzen du, eta ikusten ari gara zerbitzu guztiak Txagorritxu inguruan eraiki nahi duten mega ospitalera bideratzen ari direla, herritarrei arreta murriztuz".
Orain arte Gasteiz hegoaldeko erreferentzia izan den ospitalearen funtzioa aldatzeko asmoa du Osakidetzako zuzendaritzak, plataformako kidearen esanetan. "Ospitale nagusia izan beharrean, adinekoentzat eta zainketa aringarriak behar dituztenentzat egoitza moduko bat izatea bilatzen ari direla uste dugu".