Ramiro Gonzalez

"Berriztagarriak indartzeko momentua da, ezinbestean"

Anakoz Amenabar 2022ko mar. 17a, 07:28

Ramiro Gonzalez, Arabako Diputazioan duen bulegoan./ Erlantz Anda

Ukrainako gerrak utzitako arrasto ekonomikoaren emaitzak oraindik ebaluatzea "zaila" den arren, eragina izango duela argi du Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak, lurraldeko sektore desberdinetako enpresekin elkartu ostean. Epe motzera diru-laguntzak eta aurrera begira berriztagarriak gakoa izango direla dio.

Ukrainako gerra uzten ari den ondorioekin, eta sektore bateko eta besteko protestekin, kezka areagotuz doa Ramiro Gonzalez (Burgos, Espainia, 1962) ahaldun nagusiaren lantaldean. Ondorioak neurtzeko goizegi dela esan duen arren, besteak beste, energiaren eta erregaien garestitzeak "krisi ekonomiko nabarmen batera"  garamatzala uste du, eta beharren arabera diru partidak egokitu beharko direla gogoratu. "Ez da murrizketarik izango, baina beharbada proiekturen bat atzeratu beharko da".

Prest al dago Araba Ukrainako gerrako errefuxiatuei harrera egiteko?

Arabak dituen tresna guztiak jarriko ditu iristen diren pertsonen eskura. Oraindik ez dakigu zehatz zenbat lagun iritsiko diren, baina gure ardura da ahalik eta baldintza onenetan hartzea. Herrialde bakar bat ere ez dago prest bat-batean pertsona asko hartzeko, eta kopuru handia izango dela aurreikusten da, baina bitartekoak egokitu eta berehala hartzeko prest izan behar dugu. Momentuz, 200 plaza ditugu hiru aterpetxe artean. Espejo, Barria eta Santa Marian. Eta aktibatu dugun lehena Santa Maria katedralarena izan da, errefuxiatuak zaintzen lan egiten duten gizarte-eragileen lankidetzarekin batera abian jarritakoa. Gaur –asteartea–, lehen orduan iritsi diren 17 lagun jaso ditugu. Lehen harrera baliabidea hori izango da, eta gero familia horiek gure bizi-baldintza antzekoenak izan ditzaten lortu behar dugu. 

Ondorio humanitarioekin batera, ondorio ekonomikoak agerikoak dira gurean. Zer kezka dute enpresek?

Bi topaketa izan ditugu azken egunotan kaltetutako sektoreekin. Lehenengoa joan den asteazkenean izan zen, elektrizitatearen edo erregaiaren prezioaren garestitzearen ondorioz larrituta dauden hogei bat enpresarekin, ezaugarri desberdinetako enpresekin. Eta igandean beste topaketa bat lehen sektoreko beste hogeirekin. Sektore horiei krisiak zenbateraino eragiten dien aztertzea da helburua, gero gainerako erakundeekin batera neurriak proposatzeko. Diagnostikoa argia da: eragin ekonomikoa nabarmena izango da. Eta bada neurri bat lehenbailehen hartu beharrekoa; energiaren kontrola, alegia energia elektrikoaren eta erregaien prezioaren igoera da premiaz eten behar dena.

Ondorio horiei aurre egiteko, diputazioak zer neurri hartu du epe ertain-motzera?

Aldundiak duen aurrekontua Europako funtsak jasotzeko aukera aprobetxatzearekin osatutakoa da, defizita izateko aukerarekin, Arabak funtsezko hiru esparrutan behar duen eraldaketan jauzia egiteko: zaintzaren eremuan, gure enpresen produktibitatearen hobekuntzaren eremuan eta trantsizio energetikoaren esparruak behar dituen aldaketen eremuan. Aurrekontu handia da, erakundearen historiako aurrekonturik handiena. Eta orain egoera honen ondorioak aztertzen ari gara egunez egun, beharbada aurrekontu horretan jasotako ildoak aldatzeko aukerarekin, betiere kaltetutako sektoreek egiten dizkiguten eskaerei erantzuteko. Oraindik goiz da zer neurri har daitezkeen ikusteko, gainerako erakundeetan bezala, uste dugu epe luzeagoa behar dela krisiaren eragina zein den jakiteko, baina behar den neurrian aldatzeko prest gaude.

Aurrekontuetan izango diren aldaketa horiek esan nahi dute murrizketak eta alde batera geratuko diren proiektuak izan daitezkeela?

Murrizketarik ez, eta gizarte politikekin zerikusia duten partidak handitu egin beharko dira ziurrenik, baina agian proiektu batzuk nola atzeratu ditzakegun ikusi behar dugu. Halere, goiz da gai horri buruz hitz egiteko, ondorioak zeintzuk diren jakin arte. Energiaren prezioaren igoera geldiaraziko duten balizko neurriei modu serioan heltzen diotenean jakingo dugu benetako eragina zein izango den.

Energiaren dependentzia gakoa izan daiteke. Diputazioak zer du pentsatuta mendekotasun hori murrizteko?

Europa osoan oso arazo larria izaten ari da. Bi arrazoirengatik. Lehena prezioa da, energia izateko kanpokoaren mende baldin bazaude, markatzen dizuten prezioaren mende zaude. Eta bigarrena, ikusi dugulako hirugarren herrialdeen mende bagaude edozein unetan energiaren iturria moztu dezaketela. Beraz, sortzen dugun energia areagotzeko lan egin behar dugu, nahitaez energia berriztagarria izango dena. Uste dut momentua dela ezinbestean berriztagarrien proiektuak indartzeko, herrialdean dauden bi proiektu motak indartzeko; lehenik, banatutako energia-proiektuak, eta hor Arabako Diputazioa modu trinkoan ari da lanean, Ekiolaren bidez, herritarrek beren energia sortu ahal izateko, lurraldeko 2.500 familiarekin hasiera batean. Eta, bigarrenik, energia intentsiboki sortzeko proiektuak, ez baita ahaztu behar energiaren kontsumoa funtsean industriak eta mugikortasunak baldintzatzen dutela, eta gure lurraldean industria nabarmena dela.

Etengabe ari gara Arabako lurretarako berriztagarrien proiektuak ezagutzen. Zergatik hainbeste? Herritarren iritzia ezagutzeko saiakera dira?

Kokapen posibleak planteatzen dituzten enpresen ideia asko daude. Baina oraintxe aurrera doazen proiektuak hiru dira. Armiñongo parke fotovoltaikoa, Oion inguruko parke eolikoa eta Azazeta ingurukoa. Horiek dira orain izapidetzen ari direnak, eta gainerakoak aurretiazko informazioak baino dira. Ikusi beharko da besteek bide bera jarraitzen duten.

Izan daitekeen inpaktu ekologikoagatik kritika ugari izan dira, tartean Azazetako parkeagatik.

Euskal erakundeek erakutsi dutena da erabat zorrotzak garela biodibertsitatea zaintzen, eta praktikan frogatu dugu, ez teorian bakarrik, lehendik zeuden eta jada ez dauden bi proiekturekin, Iturrieta eta Arkamoko parke eolikoekin; ez zituzten betetzen biodibertsitatea babesteko eskatzen diren baldintzak. Izapidetzen ari diren bi parkeetan txosten teknikoek diotena da ez dutela ingurumen-legeria urratzen eta litekeena da izapidetzen jarraitzea, kasuren batean aldaketak egin beharko diren arren. Ez dago biodibertsitateari modu batean edo bestean eragiten ez dion proiekturik; txikienek ere eragiten dute, baita Ekiola proiekuek ere, edozein errepidek, baina oreka-puntu bat bilatu behar da naturagune babestuak eta errespetatuko dituen ingurumen-legediaren artean. Orain ezinbestekoa da energia berriztagarriaren ekoizpenean aurrera egitea.

Aurretik kontsumoa gutxitzeko neurriak hartu gabe?

Kontsumoa murriztea ezinbestekoa da, baina kontsumoa murriztuta bakarrik ez dugu saihestuko energia premia. Aldundia kontsumoa murriztea dakarten eraginkortasun energetikoko neurriak lantzen ari da, lurraldea deskarbonizatzeko ere lanean ari da, energia fosilen kontsumoa kontsumo elektrikoarekin ordezkatzeko lanean ari da, baina lurraldeko enpresa handiak ez ditugu kontsumo murrizketarekin mugituko; kontsumoa esparru askotan murriztu dezakegu, baina energia intentsiboaren kontsumoa behar dugu funtsean industriala den lurralde honetan.

Josean Galera Ingurumen diputatuak aitortu du deskarbonizazio prozesua kolokan dela...

Ingurumen diputatuak esan du krisi honek eragina izan dezakeela enpresek deskarbonizazio prozesuari ekiteko duten erritmoan, inbertsio oso garrantzitsuak beharko direlako, adibidez, ibilgailu elektrikoetara igarotzeko, eta ez dakigu enpresek inbertsio horiek egiteko behar adina diru izango duten, klima-aldaketaren legean zehaztuta dagoen denbora tartean. Deskarbonizazioa ezinbestekoa da planetaren etorkizuna bermatzeko, eta ezinbestekoa da erregai fosilen kontsumoa beste erregai mota batzuengatik ordezkatzea. Baina kontuan izan behar da, halaber, dimentsio ezezaguneko krisi ekonomiko baten aurrean gaudela. Ikusiko dugu nola eragiten digun guztioi.

Atal horretan autokritika egin behar du Arabak?

Berriztagarrien arloan autokritika egin behar da. Ekoizpena biderkatu behar dugu, orain arte ez baitugu nahikoa ekoiztu. Beste leku batzuetan ikusten ari gara energia berriztagarriaren ekoizpena askoz ere handiagoa dela, eta, hain zuzen ere, horregatik egin behar dugu autokritika, ekoizpen hori modu erabakigarrian bultzatu behar delako.

Politika fiskaletan zein izango da hurrengo pausoa? Cristina Gonzalez diputatu nagusiordeak ebaluazioa egin behar dela esan du.

Azken urteetan bi aldaketa garrantzitsu egin dira zerga-politikan; bata Sozietateen gaineko zergan eta bestea Pertsona fisikoen errenta zergan. Aldaketa horien ondoren, bi helburu zituzten aldaketa horien emaitzak ebaluatzeko konpromisoa hartu genuen: kalitatezko zerbitzu publikoak eman ahal izateko baliabide nahikoak bermatzea, eta, bigarrenik, jarduera ekonomikoa sortzeko pizgarria izatea, aberastasun handiagoa, diru-bilketa handiagoa sortzeko. Aldaketak egin aurretik, helburuak bete ditugun ebaluatu behar da. Ebaluazioa 2020rako aurreikusita zegoen, justu koronabirusaren krisia etorri zenean, eta ez zen aldaketetarako unea; 2020 eta 2021eko diru-bilketa ez zen bilketa normala izan, eta zaila zen erreformaren emaitza ebaluatzea. Aurreikuspenen arabera, 2022an helduko diogu egoera horri, baina, era berean, jakin behar dugu krisi honek neurri berriak hartzera behartu gaitzakeela, eta, beraz, urte zaila izango dela ikuspegi fiskaletik eta ekonomikotik.

"Goiz da aurrekontuetan aldaketak egiteko, baina prest gaude behar denerako"

Diru-bilketa txikiagoa aurreikus daiteke aurten?

Goiz da esateko. Nik ez dut aurreikusten 2020an gertatu zenaren moduko jaitsiera bat; izan ere, diru-bilketa egun batetik bestera erori zen, jarduera guztia bertan behera geratu eta biltzeari utzi zitzaiolako. Aparteko zorpetze-neurrietara jo behar izan genuen. Ez dut aurreikusten ondorioa orain berehalakoa eta bat-batekoa izango denik, baina adi egon behar dugu.

Zertan da AHT-aren trenbidea lurperatzeko egitasmoa? Aurrera doa?

Lurperatzea bermatuta dago, hori bermatzen duen neurri bat adostu delako, Arkautiko korapiloko eta lurpeko sarrera kudeatzeko batzordea; uste dut orain arte esan denaren elementu nagusia dela. Euskal erakundeek bi fase horiei egin beharko diete aurre, bi azpiegitura horiei, eta horrek AHTa bermatzen du. Oraindik oinarrizko proiektua amaitzeko bide garrantzitsu bat dago, baina uste dut urrats garrantzitsu bat egin dela. Epeei dagokienez, garraio ministroak 2026 urte amaierarako aurreikusi zuen trena, baina eraikuntza proiektua dagoenean izango da kronograma.

Ramiro Gonzalez, 'Argiaren basoa' memorialean. / E. Anda

Pandemia errealitate kolpea izan da zahar etxeetan  lanean hasteko?

2019-2023 legealdia politika sozialak birdiseinatzeko legealdia zen Aldundiarentzat, erresidentzien eredua birpentsatzeko. Eta 2019ko amaieratik eredu hori birpentsatzeko lan bat egiten ari ginen: egoitza humanoagoak, bertan bizi direnen beharretara egokituagoak, harreman sozialetara egokituagoak... Hausnarketa horretan geundela, koronabirusa iritsi zen, eta pandemiak zaintza politikak fokuan jarri ditu. Aldundian, gizarte-politiken eredu berri bat landu dugu, eta aste hauetan zehar aurkezten ari gara, egoitzetako aldaketa erronka garrantzitsua baita: modulu txikiagoak, familia bizitzarekin antzekotasun handiagoa dutenak, pertsonengan arreta handiagoa jartzen duen erakundea, beharrizanetan gehiago zentratzen dena...Kontuan hartuta mendetasun-maila oso handia duten pertsonez ari garela, horrek dituen zailtasunekin, baina saiatu beharra dago; nik oso gertuko pertsonak ditut adinekoentzako egoitzetan bizi direnak, eta bertatik bertara ezagutzen ditut egoitzak.

EH Bilduk egindako kalkuluen arabera, mila plaza inguru behar dira egoitzetan.

Ez dut uste lekuak falta direnik, are, egoitzak ez daude beteta. Badugu eredu bat non elkarrekin bizi diren egoitza publikoak, itunpeko plazak eta egoitza pribatuak. Baina zein da Aldundiaren asmoa? Kudeaketa edo erantzukizun publikoa indartzea lankidetza publiko sozialeko eredu baten bidez, "Arabarren eredua" deitu duguna. Irabazi-asmorik ez duten kooperatibekin lankidetzan aritzeko eredu bat. Hori da Arabako Aldundiaren politika, eta bi egoitzaren bidez ezartzen ari gara: bata Arabarren, Lakuan eraikitzen ari direna eta 2023 urte amaierarako prest izango dena, eta bestea proiektua da oraindik. Eredu horretan sinesten dugu, eta horretan ari gara lanean.

Bitartean, egoitzetako langileek grebara joko dute martxoaren 30ean.

Arazo larria dago egoitza pribatuetan. Gogor egin dugu lan egoitza pribatuetako patronala negoziatzera eser zedin, eta egin du. Orain, kolektiboarekin akordio batera iristeko elkarrizketekin ari gara. Jarrerak ez daude behar bezain hurbil, baina konfiantza dut lan-baldintza duinak ezartzeko kolektiboak egin dituen eskaeretan. Foru Aldundiaren lana ere bada bere ardurapekoa ez den eremu bat bultzatzea, ez baitugu inolako eskumenik lan-arloan, baina bultzatu behar dugu hitzarmen duin bat egon dadin.

"Kontsumoa murriztuta bakarrik ez dugu asetuko energia premia"

Noizko izango da prest Martxoaren 3ko Biktimen Oroimenezko Zentroa?

Espero dut ahalik eta azkarren egotea. Aurten Gotzaindegia, Gasteizko Udala, Eusko Jaurlaritza eta Diputazioaren arteko akordioa lortu dugu elizan memorial bat paratzeko, eta gobernantza eredu bat landu dugu, elkarte memorialista eta biktimen elkartea ere fundazioan barne hartuko dituena, eta hau argi utzi nahi dut: hitza eta botoa izanik biak. Hurrengo urratsa fundazio horren eraketa formala izan behar da, eta, hala, eraikinaren birmoldaketan eta proiektu museistikoan esku hartzen hasiko gara. Uste dut proiektu honetan parte hartzen dugun eragile guztien asmoa ahalik eta azkarren egitea dela.

Azken urtean alde batera utzi dituztela salatu dute biktimen elkartetik.

Aldundiaren ikuspegitik, ez dira bazterrean utzi. Memoria Gara eta Martxoak 3 Elkartearekin izan diren elkarrizketa guztietan nabarmendu da fundazioan eta patronatuan egon behar zutela. Zati garrantzitsu bat izan da Apezpikutzak eliza eskuragarri jartzea, eta konpromiso hori badago.Eta bada beste atal administratiboagoa,  eraketa-dokumentuak erakundeen legezko iragazki guztiak igaro behar dituena, eta fase horretan gaude. Baina, berriz diot, bi elkarteek hitza eta botoa izango dute.

Trebiñarrek noiz arte egin beharko dute protesta? 'Trebiñu Araba da' izeneko mugimendua osatu dute.

Arazo larria da, eta ez da erraza konpontzen, konponbidea Madrilen dagoelako. Duela urte batzuk Kongresuan egon nintzen, integraziorako bide legal bat eztabaidatzeari heldu ziotenean, eta esku hutsik bueltatu ginen. Madrilen ez zen sentsibilitaterik egon, ez eskuineko ez ezkerreko indarren aldetik. Eta orain ere halaxe gaude, nahiz ustez egungo Espainiako gobernuak halako proposamenekin irekiago izan behar lukeen, indar aurrerakoien gobernua delako, baina orain ere ez da gai hori mugitzen ari. Aldundiak akordio bat du sinatuta Burgosko Diputazioarekin zerbitzuak emateko; akordio horretan argi eta garbi ezartzen da aldi baterakoa dela, harik eta auzia konpondu arte; horrek esan nahi du Burgosek bere gain hartzen duela hemen arazo bat dagoela konpontzeko. Arazo bat dagoela onartzen da, baina ez da hori konpontzeko urratsik egiten. Uste dut oso garrantzitsua dela Trebiñun ematen ari den mugimendua, behetik sortzen ari dena, horrek bultza ditzakeelako berriz ere integraziorako neurriak.

San Prudentzio jaiak izango dira Aldundiarentzat hurrengo ospakizunak. Ohiko moduan ospatuko dira? 

Pandemiak ahalbidetzen duen normaltasun egoeran ospatuko dira. Aldundia San Prudentzio jaien programa bat prestatzen ari da, normaltasun batera hurbiltzen ari dena, baina data horietan dagoen egoerara egokitu beharko dugu. Izan ere, bi urte igaro ondoren, denok ahal dugun neurrian gure bizitza berreskuratu behar dugu. Eta normaltasun horren ondorioz beharbada kutsatzeak igoko dira, inauterietan ikusi dugun moduan, baina zorionez txertoekin ospitaleen egoera egonkortu egin da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago