2021ean, EH Bilduk Bizi On izeneko plan estrategikoa aurkeztu zuen, Arabako zaintza sistema hobetzeko eta kalitatezko arreta zein lan baldintza duinak bermatzeko helburuarekin.
Orain, plan horren barruan, lurraldeko zaintza sistemaren azpiegiturak hobetzeko proposamen bat plazaratu du talde subiranistak: zehazki, Añanan, Mendialdean eta Gorbeialdean adinekoentzako hiru egoitza publiko berri sortzea, baita Gasteizen eta Aiaraldean desgaitasuna duten adinekoentzako beste bi zentro irekitzea ere.
Planteamendu hori egiteko, eskualdez eskualde dauden baliabideak aztertu dituzte, eta egiaztatu dute Arabako lau eskualdetan —Gorbeialdea, Añana, Mendialdea eta Trebiñu— ez dagoela plaza publiko bakar bat ere, ez adinekoentzako egoitzetan, ez eguneko zentroetan. EH Bilduren arabera, 1.000 plaza inguruko defizita dago lurraldean, eta hori "plazak kontzertatuz konpondu behar da, baliabide publiko berriak sortzen diren bitartean".
"Landa eremuan adineko biztanleen multzoak gora egiten duen bitartean, gizarte baliabideak ez dira neurri berean hazten", ohartarazi du Claudia Venceslao EH Bilduko Batzar Nagusietako prokuradoreak.
Donemiliaga eta Argantzon
Berarekin izan dira Erika Letamendi Donemiliagako alkatea eta Pablo Ortiz de Latierro Argantzongo alkatea; izan ere, bi udalerri horietan Eguneko Arretarako Landa Zentroak jartzen ari dira martxan. Lehenengo kasuan, laster hasiko dira obrak Axpurun, eta hura finantzatzeko hitzarmena sinatzea eskatu diote Aldundiari, lurraldeko gainerako baliabideekin egiten den bezala. Bigarren kasuan, udalbatzak argi berdea eman dio ospitale zaharrean baliabide hori sortzeari.
"Gobernatzen dugun tokietan zerbitzuak bultzatzen ari gara gure eskumenen esparruan", azpimarratu dute. Horrez gain, Bastidan ere eguneko arretarako landa zentro bat sortzea aztertzen ari da EH Bildu.
Laudio, Oion eta Samaniego
Orain Bizi On planaren barruan planteatutako bost egoitza berriekin batera, Laudioko San Roke egoitza handitzea eta Oion eta Samaniegoko foru-egoitzetan hobekuntzak egitea proposatu du EH Bilduk. Gainera, horretarako talde ibiltari bat sortzea planteatzen dute, fisioterapia, errehabilitazioa edo psikologia bezalako zerbitzuak emateko. "Profesionalen salaketak argiak dira: zentroak zaharkituta geratu dira, laguntza teknikorik ez dago eta egoiliarren profila aldatu egin da", azaldu du Venceslaok.
Aiaraldea eta Gasteiz
Era berean, lurraldeko bi eskualde populatuenen biztanle kopurua aintzat hartuta, EH Bilduk defendatu du desgaitasuna duten adinekoentzako bi egoitza berri sortzeko beharra Gasteizen eta Aiaraldean. "Horren bidez, lurraldeko defizit historiko bati irtenbidea emango litzaioke, hau da, desgaitasuna duten pertsonak artatzeari 65 urte betetzen dituztenean, eta, gainera, arreta publikoaren bidez erantzun behar zaio horri", aldarrikatu dute.
Gainera, Aiaraldean, Gorbeialdean eta Mendialdean sukalde zentralak sortzea jasotzen du EH Bilduren proposamenak.
Aringarrien arreta
Azkenik, arlo soziosanitarioan, aringarrien arretari kalitatezko erantzuna ematea "premiazkoa" dela uste du EH Bilduk. "Urtero 700 arabarrek zainketa aringarriak behar dituzte, eta une honetan ez dago haiei arreta emateko unitate espezializaturik, ezta zentro espezializaturik ere", ohartarazi dute. "Aurreikuspenen arabera, udaberrian hamabi ohe izango dituen unitate espezializatu bat sortuko da Santiago ospitalean, baina kopuru hori ez da nahikoa izango".
Gainera, EH Bilduk kritikatu du, Araba klinika zaharreko hogei oheak itxi zirenetik, pazienteak Lezara bideratzen ari direla. Hori dela eta, foru jabetzako adinekoentzako egoitzetan aringarrien unitateak sortzea eta Santiago ospitalean egokituko den aringarrien unitatea handitzea eskatu du EH Bilduk.