Prezioen igoerak atakan jarri du lehen sektorea

Juanma Gallego 2022ko mar. 6a, 06:00

Nekazariek diote produkzio kostuak %30 handitu zaizkiela urte batean. UNSPLASH

Produktu eta zerbitzu gehienetan prezioen gorakada handia gertatzen ari da, baita elikagaietan ere. Horiek ekoizteaz arduratzen direnek ohartarazi dute lehen sektoreari zuzenean eragin diola krisi ekonomikoak, eta, egoera denbora luzez jarraituz gero, ustiategi askok arazo larriak izan ditzaketela. 

Inori eskapatzen ez zaion errealitatea da: prezioak etengabe gora ari dira. Ekonomialariek ondo dakiten moduan, egoera horrek gurpil zoro bat elikatzeko arriskua dakar. Produktuak ekoizten dituztenek haien prezioak igo behar dituzte kostuen gorakada estaltzeko, eta horrek merkatu osoan eragiten du, prezioak are gehiago puztuta. Ondorioz, poltsikoan dagoen diruak gero eta gutxiago balio du.

Egoera gordintasunez nozitzen ari da ere lehen sektorea. Izenak berak ondo zehazten du ñabardura garrantzitsu bat: sektore hori kate ekonomikoaren abiapuntuan dago, beharrizan premiazkoenak asetzeko.

Espainiako COAG Nekazarien eta Abeltzainen Elkarteen Koordinadoraren datuen arabera, ekoizpen intsumoetan egindako gastua –hots, elikagaiak ekoizteko erabili beharreko produktuetan– %13 handitu da 2020. urtearekiko. Horrek ekarri du nekazarien errenta %6 jaitsi dela. Oro har, iazko abenduan produkzio kostuak %30 handitu dira joan den urtearekiko, eta bereziki azken hilabeteetan izandako gorakada "esponentziala izan da". Nekazarien ustez, egoerak ustiategien bideragarritasun ekonomikoa kolokan jarri du.

"Prezioen igoerak jasan behar badira, guztion artean jasan beharko ditugu, kate osoan". Javier Torres, UAGA

Lehen sektorearen profesionalek aurrean duten egoera ez da batere ona, Javier Torre UAGA Arabako Nekazarien Elkarteko presidentearen ustez. "Oraintxe bertan prezioen igoera itzela ari gara nozitzen. Irailetik abendura ongarriak %30 garestitu dira, eta orain ia-ia iazkoaren bikoitza da dagoeneko. Pentsuen prezioa ere bikoiztu egin da. Herbizidak, fungizidak, antibiotikoak... den-dena izugarri garestitu da". 

Ataka horretan daudela, Torrek dio zenbait nekazarik aurten ongarria botatzeari utzi diotela, aurreikusten dutelako kostu horiekin ez zaiela errentagarria aterako. Beste batzuek nahiago izan dute batere ez ereitea, baina hori ez da izan joera Araban. "Nik esango nuke hemen gehiena ereingo dela, baina beste zenbat lekutan landak lugorri utziko dituzte", aurreratu du. "Dena dela, gurean ere lugorri gehiago egongo da aurreko urteekin alderatuz, ongarria ez botatzearren".

Ezer ez ereiteko eta lugorri uzteko hautuen artean bada hirugarren aukera bat, eta Torresek uste du nekazari askok horretara joko dutela. Zerealak edo beste laborantza batzuk erein beharrean, eguzki-loreak ereingo dituzte. "Eguzki-loreei normalean ez zaie ongarria botatzen, eta modu horretan aukera dago gastuak murrizteko", azaldu du.

Azkenik, aurreikusita zuten laborantza landuko dutenen artean ere, gauzak ez dira berdinak izango. UAGAko presidenteak uste du ohi baino ongarri gutxiago botako dutela. "Baina, bueltan, horrek ekarriko du ere ekoizpena ez dela berdina izango", aurreratu du. Araban eragin hori agian ez dela asko nabarituko uste du, baina beste zenbait lekutan ekoizpena "tona eta hektarea asko" jaitsiko delakoan dago.

Esne sektorean, okerrago

Esnearen sektorean egoera are zailagoa dela azaldu du Txema Lopez de Abetxuko abeltzainak. Izan ere, aurretik dezente jota zegoen sektoreak orain kostuen gorakada hau nozitu du ere. "Pentsa ezazu guk ia-ia duela 30-40 urteko prezioetan ari garela esnea saltzen", ziurtatu du. "Garai horretan esnea litroko 50 pezetatan ordaintzen ziguten –30 zentimo inguru–, eta intsumoak 30 pezeta ingurukoak ziren –20 zentimo–. Orain esnea 36-37 zentimotan ordaintzen digute, baina intsumoak 37 zentimotan daude", salatu du.

Lopez de Abetxukok dioenez, produktua egiteko lehengaiak %25-30 garestitu zaizkie, baina esnearen prezioa ez da apenas igo. Adibide bat jarri du: Mercadonak 7 zentimo igo du esnearen prezioa saltokietan, eta abeltzainei esnea 4 zentimo igo diete. "Baina Mercadonak aurretik ere bazuen bere mozkina".

Haragiari dagokionez, prezioan "hobekuntza bat" jaso dutela dio, baina, halere, arlo horretan ere kezka mantentzen dutela dio. "Pentsuak behar ditugu, eta horiek artoan eta sojan oinarritzen dira. Horiek kanpotik datoz, eta burtsan kotizatzen dira. Tira, horrekin dena esanda dago, ezta?". Pentsu etxekoek abeltzainari esan diote hiru hilabeterako kontratua egin dutela hornitzaileekin, eta, hortaz, apirilera arte pentsuen prezioa bere horretan mantenduko dietela. Alabaina, apirilean zer gertatuko den ez dakitelako kexu mintzo da abeltzaina.

Arazo hauez gain, bada beste bat epe luzeragokoa dena sektorean. Lopez de Abetxukoren esanetan, Kantauri isurialdeko tamaina ertaineko ustiategi gehienetako jabeak zortzi edo hamar urte barru erretiroa hartzeko adinean egongo dira. Baina ez omen dute ordezkorik aurkituko. "Guk urtean 365 egunez lan egiten dugu, astelehenetik igandera. Ordu asko saltzen ditugu. Nork nahi izango du gurea bezalako lan bat?". Abeltzainak aurreikusi duenez, familia tamainako ustiategi asko eta asko desagertuko dira. "Ni ez naiz Caparroso [makroetxaldeko] ereduaren aldekoa, baina, langileen bizi kalitatearentzat bederen, hori izango da etorkizuna", aurreratu du. "Jendeak bertan lan txanden arabera lan egiten du, bere atseden egun eta oporraldiekin". 

Abeltzainak eskatu du elikagaien kateari buruzko legea aplikatu dadila. Horren arabera, ekoizleei ezin zaie ordaindu produkzio kostuen azpitik. "Eskatzen dugun lege hau agian ez da oso atsegina izango kontsumitzaileentzat. Izan ere, guri gehiago ordaintzen badigute, gero hori prezioetan ere islatuko da. Horregatik askotan isildu egiten gara, baina iristen da une bat non isildu ezin gaitezkeen, ustiategiak kolokan daudelako". Gainera, Lopez de Abetxukok babestu du mozkinak modu ekitatiboan banatu behar direla kate osoan zehar. "Adibiderik argiena ogiarena da. Garia igotzen denean, ondoren ogiaren prezioa igotzen da. Baina gariaren prezioa berriro jaisten denean, ogiaren prezioa bere horretan mantentzen da".

Bat dator Torres. "Ulertu behar da banatzaileen artean marjinak igo behar dituztela ere, beraiei ere kostuak handitu zaizkielako. Baina ez zaigu iruditzen proportzio berdinean egin denik. Normalak ez diren igoera hauek jasan behar badira, guztion artean jasan behar ditugu, ez soilik katearen hasieran eta amaieran daudenen artean".

Aldaketarako tenorea

Ohiko nekazaritzan kostu eta prezioen arteko erlazio hori hain estututa egoteagatik, agian horrek balioko du sikiera abeltzain eta nekazari batzuek beste zenbait eredutara jotzeko? Ekoizpen ekologiko deitutako horretara? Ezezkoan dago Torres. "Honek urteetan jarraitzen badu, beste erremediorik ez genuke izango. Baina oraintxe bertan munduan ez dago gaitasunik jende guztiarentzako elikagaiak bermatzeko ongarria bota gabe". 
Torresek onartu du prezio hauekin ongarriak eta beste intsumoak halabeharrez ahalik eta kopuru zehatzenetan botatzera behartuta egongo direla, behar baino gehiago ez gastatzeko. Baina ohartarazi du horrek bueltan ekar dezakeela ere ekoizpenaren jaitsiera. "Poltsikoak hustuta, kopuruak milimetrora neurtuko dituzu". 

Honetan guztian momentuz dagoen albiste on bakarra da penintsula gehienean nozitzen ari diren lehortea ez dela iritsi gurera. "Lainoak izan ditugu, eta, hotz handia izan dugunez, ura ez da lurrundu. Eskerrak. Landareek ongarri gutxi izateaz gain ur gutxiago izango balute, akabo!". 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago