Arabako biztanle bakoitzeko ia 500 gramo janari galtzen da, egunero. Hiru kilo baino gehiago astean. 176 kilo urte batean. Orotara, urtean 58.608 tona elikagai baino gehiago zaborrera doaz Araban, ekoizpen eta kontsumo kate osoa kontuan hartuta. Kalkulu hori egin du Elikak, Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak. Azken horrek koordinatuta, lantalde bat gaia ikertzen ari da, horren garrantziaz ohartuta. Izan ere, Elikako iturrien arabera "eutsiezina eta arduragabea" da janaria xahutzea.
Xahututako janariaren gaiaren garrantziak arlo asko ukitzen dituela gogorarazi dute gai horretan lanean ari diren eragileek. Batetik, agerikoena, gutxieneko nutrizio beharrak asetzen ez dituzten pertsonak ekarri dituzte gogora; hori gertatzen den bitartean, janaria botatzea "onartezina" dela nabarmendu dute Elikako iturriek. Bestetik, xahuketak suposatzen duen ur eta energia galeraren neurria gogorarazi dute. FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza erakundearen arabera, munduan erabilitako uraren %70 janaria ekoizteko da. Horri gehitu beharko litzaioke ekoizpenean, eraldaketan eta garraioan erabilitako energia, isuritako CO2a, sortutako kutsadura…
Errealitate hori hobeto ezagutzeko Araba, Bizkai eta Gipuzkoan xahututako jakien diagnostikoa egiten ari da lantalde bat. Elikak koordinatzen du, eta bertan daude Hazi Fundazioa, Azti, Ihobe, Neiker eta Euskadiko Elikaduraren klusterra. Janariaren ekoizpen eta kontsumo katea bost ataletan banatu dute, xahuketaren nondik norakoak ikertzeko: lehen sektorea, janarien eraldaketa, etxeko kontsumoa, merkataritza, eta ostalaritza zein catering zerbitzuak.
Galera nagusia, etxeetan
Diagnostikoa martxan dago. Lehen sektorea eta janarien eraldaketari buruzko informazioa bildu dute dagoeneko, eta aztertzen ari dira. Edonola ere, amaitu bitartean, hasiera bateko kalkuluen berri eman du Bittor Orozek, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak: etxeetan xahutzen da janari gehien. Arabar bakoitzeko urtero zaborrera doazen 176 kilo jaki horietatik, 74 kilo etxe barruan galtzen dira.
Datu zehatzagoak lortze aldera, Elikak koordinatutako lantaldeak familien parte hartzea eskatu du diagnostikoaren hirugarren fasean (zerodespilfarro.elika.eus). Familiek etxeetan botatzen duten janariari buruzko diagnostikoa maiatzerako amaituta izatea aurreikusi du Elikak, gerora handizkako eta txikizkako merkataritza aztertzeko. Azkenik, ostalaritza zen catering zerbitzuak aztertuko dituzte, eta informazio horrekin errealitatearen irudi zehatza izango dute, xahuketa murrizteko neurriak proposatu ahal izateko.
Esan bezala, lehen sektorearen eta janariaren eraldaketa sektoreen datuak bildu dituzte, jadanik; horiek aztertzeko prozesuan daude orain. Elikak behin-behineko datu batzuk ezagutarazi ditu. Lehen sektorean, adibidez, ekoizten den guztiaren %3,70 galtzen da: nekazaritzan %7,10 inguru, eta abeltzaintzan %3. Nekazaritzan, galera hori uztan edo ekoizpen prozesuan gertatzen da, nagusiki; ondoren, eguraldiak eragindako kalteak dira xahuketa gehien eragiten dutenak. Merkaturatzen ez den janari horretatik ia guztia botatzen da, eta gainerako ia guztia abereak elikatzera bideratzen da. Abeltzaintzan janaria galtzeko arrazoiak antzekoak dira.
Eraldaketaren sektorean, aldiz, ekoizten den guztiaren %5,3 galtzen da. Edonola ere, Elikak jakinarazi du sektorean ohartu direla janari xahuketak duen eraginaz, eta hori murrizteko lanean ari direla. Merkaturatzen ez diren hamar kilo janaritik sei kilo ekoizpen prozesuan galtzen dira, bi kilo kalitate kontrolean, eta bat baino gehiago behar baino gehiago ekoiztu dutelako. Merkaturatzen ez den horri beste erabilera bat bilatu diote; %14, adibidez, elikagai bankuetara bideratzen dute.
Aplikazioak, gero eta gehiago
Azken urteetan biderkatu dira janaria ez botatzeko helburuarekin sortutako proiektuak. Horien artean gero eta ezagunagoak dira gailu mugikorretako hainbat aplikazio: hozkailuan dauden jakiekin errezetak proposatzen dituzte batzuk; janari erosketak kudeatzen eta xahuketa gutxitzen laguntzen dute beste batzuk; denda edo ostalaritza zerbitzuak erosleekin harremanetan jartzen dituztenak daude, epe laburrean galduko den janariari irtenbidea bilatzeko…
Azken horietako batzuk Arabara heldu dira. Esan bezala, bitartekari lana egiten dute saltoki eta erosleen artean: dendek botako zuten, baina kontsumitzeko moduan dagoen janariarekin sortak prestatzen dituzte, eta prezio txikian saltzen dute; erosleak merke erosiko du, baina ez daki zer egongo den sorta horretan. Araban ezarri denetako bat TooGoodToGo aplikazioa da. 2019eko ekainean heldu zen Gasteizera, eta egun 100 saltoki baino gehiagok baliatzen dute aplikazio hori Araban, 60 inguru Gasteizen daude: okindegiak, tabernak, jatetxeak, fruta eta barazki dendak, harategiak, arrandegiak, supermerkatu kateak…
"Aplikazioa Danimarkan sortu zuten lagun batzuek, buffet bateko janaria botatzen hasi zirela ikustean", azaldu du Carlos Garciak, aipatu aplikazioko Espainiako komunikazio arduradunak. Garciak azaldu du, Gasteizen hasi zirenetik, 38.000 janari sorta baino gehiago salbatu dituztela: 38 tona janari inguru.
"Urtean, 58.608 tona baino gehiago zaborrera doaz lurraldean"
Bapo taberna da Gasteizen janari sortak TooGoodToGo-ren bitartez eskaintzen dituen saltoki horietako bat. Tortillak egiten dituzte, eta, eguna amaitzean galduko liratekeenak eskaintzen dituzte, aplikazioaren bitartez, prezioaren heren batean. "Pandemiak eragin handia izan zuen gugan, eta zer egin behar nuen pentsatzen nengoen egun batean aplikazioaren berri izan nuen", azaldu du Maria Lazkanok, Bapoko nagusiak. "Ideia aparta iruditu zitzaidan, bai guretzat, baita beharra dutenentzat ere". Tortillekin batera ogia edota galduko den janaria ere sartzen dute sortetan; egunaren arabera aldatzen da sortan sartuko duten janari hori.
Miren Egiletak aplikazio hori erabiltzen du duela urte erdi bat inguru. Frantzia kaleko fruta eta barazki denda batean elikagai kutxa bat jaso berri du. Hiru euroren truke erositako sorta koloretsua da: tomateak, apurtutako azenario asko dituen poltsa bat, baratxuriak, kiwiak, kakiak, mutur bat ilunduta duen batata handi bat… "Estetikoki polita ez den, kolperen bat duen, edo galtzear dagoen janaria da, eta epe laburrean horrekin zer egin pentsatu behar duzu; kasu honetan, ez dut inoiz batata probatu. Ea zer asmatzen dudan!".
Janaria emateko gida
Aipatu aplikazioak saltokientzako irtenbide bat dira. Askoz gehiago daude, ordea. Eusko Jaurlaritzak prestatu zuen Euskadin elikagaien soberakinak dohaintzan emateko orientazio gida, duela bi urte. Horren bitartez, batetik, sustatu nahi izan zuen ekimen sozialeko erakundeei jakiak ematea, eta, bestetik, hori modu seguruan egitea. Ildo horretan enpresa askok lan egiten dute. Eroskik, esaterako, 2020. urtean 4.648 tona janari eta oinarrizko produktu eman zizkien Elikagai Bankuari, Caritasi eta bestelako elkarteei.
Eroskiko iturriek azaldu dute ekonomia zirkularraren ildotik ari direla lanean, hondakinik ez sortzeko, "kaltea ahal beste murrizteko, dela ingurumenean eragindakoa, dela gizarte mailakoa". Zentzu horretan, prebentzioa lehen pausua dela zehaztu dute, iraungitzear dauden produktuen prezioa jaitsiz, edota, esan bezala, elkarte eta erakundeei emanez. Edonola ere, giza kontsumorako baliagarriak ez ziren elikagaiak ere berrerabiltzeko modua bilatu dute: 2020an 4.800 tona elikagai bideratu zituzten animalientzako pentsu eta irinak egiteko.
Administrazio publikoek zein enpresek lanean jarraitzeko asmoa berretsi dute. Lan horretan kontsumitzaileek kontzientzia hartzearen garrantzia nabarmendu dute guztiek. Zenbait eragilek gogora ekarri dute tokiko produktuen kontsumoak berak murrizten duela janari ekoizpenaren katearen aztarna ekologikoa. Horrez gain, norberak bere txikitasunetik egin dezakeenaren indarra azpimarratu dute. Carlos Garciak nabarmendu du kontsumitzaileek informazioa behar dutela jakiteko zer egin dezaketen, komunitate bateko kideek, norabide berean eraginez gero, "eragin oso handia" izan dezaketelako.