JON GALDOS

"Motxila botatzeari utzi nion, gero horren bila joan behar nuelako"

Juanma Gallego 2022ko ots. 26a, 06:00

Jon Galdos bidaiaria, ibilbidearen amaieran. JON GALDOS

Appalacheetako ibilbide ospetsua egin du Jon Galdos Elgezabal bidaiari arabarrak, eta bertan bizi izandakoak Basajaun en el sendero de los Apalaches liburuan jaso ditu. 142 egun jarraian eman zituen ibilbide gogor hori osatu ahal izateko. 

Mendizaletasuna haren bizitzaren parte garrantzitsu bat izan da betidanik. Sei urterekin, Jon Galdosek (Amurrio, 1955) egunean zortzi kilometro egiten zituen eskolara joan eta handik bueltatzeko. Gero, txangoen zirkulua handitu zuen pixkanaka, eta, Europa txiki geratu zitzaionean, mundu osoko mendiak igotzeari ekin zion. Orain Malaga en Orozko artean bizi da, baina denbora gehiena Andaluziako hirian ematen du. "Bereziki neguan, luxu bat da hemen egotea", aitortu du. Bertan idatzi du ere 2017an Appalacheetako ibilbidean zehar izandako esperientziak biltzen dituen Basajaun en el sendero de los Apalaches liburua.

Kontaktuan jarri garenean, eskertu didazu "erromes xume honetaz" oroitu izana. Hala ikusten al duzu zure burua?

Bai. Kirolean, eta bizitzan ere, erromes bat naiz. Bizitza honetan joan-etorrian gaude. Kirolari dagokionez, langiletzat dut nire burua. Martxa asko egin ditut, ultrafondo, mendia… mota askotakoak, baina inoiz ez dut nahi izan aurrena izatea. Ulertzen dut hori nahi dutenen jarrera, baina nik nahiago dut ahalik eta urte gehien ematea honetan. Kirolean aritzen den jende askok astakeria ugari egin ohi ditu, eta, sarritan, 40 urte izanda haien kirol bizitza bukatutzat eman behar dute, lesio garrantzitsuengatik. Ni beti zuhurtziaz ibili naiz, ahalik eta gehien iraun nahi dudalako kirolean. 

Nondik abiatu ziren Appalacheetako ibilbidea egiteko ideia eta horri buruz idaztekoa?

Duela 13 urte inguru, Aconcaguan (Argentina) egon nintzenetik. Bertako kanpamendu nagusian nazioarteko espedizio batean nengoen, eta estatubatuar batek gaiari buruz hitz egin zidan. Egin beharreko zerbait bezala hartu nuen. Lanean ordezkapen kontratu bat lortu nuenean, aukera izan nuen AEBetara joateko. Liburuari dagokionez, bada modu bat ibilbide horretan zehar eman didaten laguntza eskertzeko. Itzulita daukat liburua ingelesera, batez ere AEBetan merkaturatzeko. Ibilbide hau benetako bizitza esperientzia bat da, oso gogorra da. Baina liburu bat idaztea, argitaratzea eta ibilbide bat izan dezala lortzea, horiek badira ere meritu asko duten kontuak, aizu! Oso zaila da ere. Bi urte eman ditut liburua idazteko, eta gaiaren bueltan asko irakurri behar izan dut. Gero, beste bederatzi hilabete eman nituen liburua argitaratzeko. Oso argi izan behar dituzu gauzak ez etsitzeko, argitaletxeen mundua oso konplexua delako. Baina pozik nago, pixkanaka joan arren. Nire webgunean ere saltzen ditut liburuak, eta Malagako itsas pasealekura joaten naiz askotan liburua bertan saltzera.

Bidean dokumentatu al zinen?

Ez, bidea egiten ari nintzenean ibilbidean zentratuta nengoelako. Are gehiago, lan bat bezala hartu nuen. Batez bestean, eguneko 25 kilometro egin nahi nituen, baina ez nintzen gai izan hori egiteko. 24 kilometro ingurutan geratu nintzen. 

Dokumentazio lan gehiena ibilbidea bukatu ondoren egin izanagatik, damutu al zara?

Ez. Ezinezkoa zen bertan dokumentatzea. Halako gauza bat egiten duzunean, sorbaldan 24 kiloko motxila duzunean, egunean hamar eta hamabi ordu artean ibili ondoren, denbora askorik ez duzu gehiegi gozatzeko. Oharrak hartu eta zerbait irakurri bai, baina ezin zara gehiegi gelditu. Liburua idazteko ideiarik ere ez nuen: blog batean jasotzen nuen kontakizuna. Bloga mantentzeak ere ahalegin bat suposatu zuen, besteek atsedena hartzen zuten bitartean nik idatzi behar nuelako. 

Horrelako ibilbide latz batean, seguruenera ataka askotan egon zara. 'Samariar on' asko aurkitu dituzu bidean?

Asko, bai. Pentsa ezazu zenbat gauza gerta dakizkizukeen basoan bost hilabete eman ostean. Egun batean Gorbeiara baldin bazoaz, 24 kiloko motxila bat gainean eramanda, etxera bueltatzen zarenean, jan, sofan bota… eta handik ez zara altxatuko. Bada, imajina ezazu zer den 142 egun egitea, dena jarraian. 

Ibilbide gogorra da, ezta?

Oso gogorra. Horregatik, jende gutxik bukatzen du. Urtero gero eta jende gehiago saiatzen da, 6.000-7.000 lagun inguru, eta %15ek baino ez dute bukatzen. Are gogorragoa da bakarrik egitea. Prestatuta egon behar duzu zailtasunetarako. Zerura begiratzen duzu, hegazkin bat ikusten duzu... eta etxera bueltatzeko gogoa ematen dizu. Baina kirolak diziplina ematen dizu egunez egun goizero altxatzeko. Gakoetako bat da beti epe laburrera begiratzea. Baina, aldi berean, egia da batzuetan dena pikutara bidaltzeko une asko ere gertatzen direla. Nik hainbat aldiz bota nuen motxila. Baina egiteari utzi nion, konturatu nintzelako azkenean beti berriro jaso behar nuela. Ahalegin izugarri handia izan zen. 

Ea, denbora dezente daramagu hizketan eta ez dizut galdetu oinarrizkoena! Zer da Appalacheetako ibilbide hau?

Georgian (AEB) hasi eta ia Kanadaraino doan ibilbidea da. 3.520 kilometro ditu, desnibel handietan zehar –141.580 metroko desnibel metatua–. Ez dago ezer errazik. Oinez baino ezin daiteke egin, eta ibilbide nagusia bigarren mailako beste bide batzuei lotuta dago, estatubatuar askok bertara jotzen dutelako asteburu pasa. Beraientzat, ibilbidea jarraian egitea lortzen dutenak ia-ia heroien antzekoak dira. Thru-Hiker izena ematen diete. Bidea egiten dutenek ezizen bat hartzen dute. Nik Basajaun izena aukeratu nuen. Estatubatuarrei esanahia azaltzen nienean, izugarri gustuko zuten, atzean duen guztiagatik.

"AEBetan eta Iranen inon ez bezalako maitasuna edo abegikortasuna sentitu nuen"

Nola kudeatzen da bide hori guztia?

Boluntarioek mantentzen duten bidea da. Badago ibilbidea kudeatzen duen elkarte bat, eta estatu bakoitzak bere modura pertsonalizatzen du bidea. Liburu ofizial bat ateratzen dute, bideari buruzko informazio guztia jasotzen duena. Baina komeni da ere app batzuekin osatzea, GPSarekin. Hobe ordainpekoak badira, informaziorik egokiena jasotzen dutelako. Bestalde, ez dago erregistro ofizial bat, gure Done Jakue bidearen parekoa, baina pixkanaka horretan ere gauzak aurreratzen ari dira. Nik bidea egin nuenean, erregistro koaderno batzuk baino ez zeuden, etxola, hostel eta gasolindegietan. Antolatzaileek erregistro koadernoak ikusten dituzte gero, eta sei hilabetera ziurtagiri bat egiten dizute. 

Bitxia da dena boluntarioen esku egotea, ezta?

Alde nabarmena dago AEBen eta Estatu espainolaren artean. Han ez dira geratzen itxoiten, adibidez, gobernuak edo erakunde ofizialak garbitzera etorri arte. Boluntariotza oso zabalduta dago. Oroitzen naiz behin Cid-aren ibilbidean, Berlanga de Dueron [Soria], Erdi Aroko zubi eder bat ikusi nuela, erabat utzita. Eta jendea kexu zen udalak garbitzen ez zuelako, garagardoak hartzen ari zen bitartean. Tira, eskokatzeko makina batekin arratsalde batean txukun utzi ahal duzu. Ez dakit zergatik den jarrera hori, agian diktadura bat izan duten herrialdeetan jendea ohituta dago dena estatuaren esku uzten. AEBetan hori ez da gertatzen: bertan gauzak lortzeko ahalegindu behar zara. Jendea oso abegitsua da, eta kolaboratzeko gai dira komunitatearen onerako. 

Topikoaren arabera, estatubatuarrak oso indibidualistak dira...

Bai. Eta liburuak topiko hori desmuntatzen du. Aitortuko dizut hara joan baino lehen nik ere uste nuela horrelakoak zirela. Egia da ere egoera ez dela berdina hiriguneetan eta landa eremuan edota hiri txikietan. Baina ni bederen estatubatuar askoren etxeetan egona naiz. Saiatzen nintzen egunaren amaierarako eguneko ibilaldia bukatzen, eta ordurako herriren batetik gertu egoten. Familiabakarreko etxe asko daude bertan, eta askotan portxean afaltzen dute. Jende guztiak agurtzen ninduen, eta kafe bat hartzera edo afaltzera gonbidatzen ninduten. Eta batzuetan haien etxeetan sartu ninduten. Tira, pentsa behin bikote baten logelan bertan lo egin nuela!

"Bill Brysonen liburua asko gustatzen zait, baina ez du islatzen bidearen errealitatea"

Hortaz, ematen du aitzindarien espiritua mantentzen dutela. Ingalaterrako erregea oso urrun dago, eta zure kabuz moldatu behar duzu, albokoari lagunduz...

Hain justu, holakoak dira, oso barneratuta dute espiritu hori. Badira ere bereziki xendazaleak artatzen dituztenak: trail angel deitzen zaie. Gauza guztietan laguntza ematen dizute, erosketak egitera eramaten zaituzte... Badira ere erretiratu batzuk dirua eta guzti jartzen dutenak xendazaleak laguntzeko. Aitortuko dizut AEBetan inon ez bezalako maitasuna edo abegikortasuna sentitu dudala. Agian soilik Iranen jaso nuen antzeko sentsazio bat. 

Nolakoa izan zen ba Iraneko esperientzia hori?

Felipe Uriarteren Mendiak eta Herriak agentziaren eskutik joan nintzen hara, mendia egitera. Baina gero hilabete batez nire kabuz ibili nintzen herrialdean zehar. Iran izugarri polita da, eta oso herrialde abegikorra, gainera.. Xiiten hiri sakratuan egon nintzen, Qomen, Fatimaren hilobian. Bertako poliziekin hitz egin nuen, eta utzi ninduten sartzen. Bertan ere hainbat etxetan egon nintzen. Gauez eta egunez ibili nintzen, emakumeekin, militarrekin... eta ez nuen inolako arazorik izan. Izan ere, askotan hedabideek estereotipo batzuk saltzen dizkigute; euskaldunok badakigu zerbait horren gainean, ezta? Bestetik, askok uste dute herrialde txiroa dela, baina ez da hala. Hori bai, blokeo ekonomikoa nozitzen dute, eta ahal duten moduan moldatu behar dira. Baina unibertsitate tasa, adibidez, Espainiak duenaren parekoa da. Egia da ere jende gutxik hitz egiten duela ingelesa, farsieraz baino ez dira mintzatzen gehienetan. Dena den, ni hara joan nintzenean, denbora bat eman nuen zenbakiak ikasten, eta ate guztiak irekitzen dizkizuten hitz horiek ikasten: egunon, eskerrik asko... Lau hitz esanda, ate guztiak irekita dituzu. 

Ondo legoke iraniar bat eta estatubatuar bat elkartzea. Seguruenera ez dira hain desberdinak...

Egia. Baina badakizu zein den egoera. Ni, adibidez, orain ezin naiteke Iranera joan, AEBetan sartzeko hamar urtetarako bisatua dudalako; Iranera bueltatuz gero, galduko nuke. AEBetarako bisatua lortzeko ere komeriak izan nituen. Bi urte aurretik Iranen egon izanagatik, tramite asko egin behar izan nituen. Madrilgo enbaxadara joan behar izan nuen elkarrizketa bat egitera, eta agiri mordoa eskatu zizkidaten. Bada, elkarrizketa egin zidan pertsonari esan nionean Appalacheetako ibilbidea egin nahi nuela, esan zidan haren ametsa zela hori egitea... hizketan jarraitu genuen, eta, esan zidan: "Ea ba, hamar urterako bisatua emango dizut". Eta astebete batean eskutan nuen!

"Hartzekin hainbat aldiz topo egin nuen. baina, niretzat, arriskutsuenak sugeak dira"

Bill Bryson idazleak A Walk in the Woods liburua idatzi zuen ibilbide horri buruz. Norainokoa da zehatza?

Liburu hori, eta ondoren egin zuten filma ere, oso arrakastatsuak izan dira; niri asko gustatu zitzaidan, baina ez du islatzen Appalachian Trailaren errealitatea. Brysonen liburan umore asko dago, baina benetako bidea oso gogorra da. Berak ez zuen ibilbidea bukatu. 

Liburu horretan, oso barregarria da hartz espezieen arabera nola jokatu behar den dioen pasartea. Zinez ikara eman behar dute hartzek, ezta?

Hartzekin hainbat aldiz topo egin nuen. Baina arraroa da horien eraso bat izatea. Niretzat, arriskutsuenak sugeak dira. Konturatzeke zapaldu ditzakezu, eta, ziztada bat jasoz gero, hiltzeko arriskua handia da, mendian egonda zaila izango delako laguntza garaiz jasotzea. Hamar bat aldiz topo egin nuen sugeekin. Gero bada ere bizitza guztiz zaila egiten dizun beste animalia bat: eltxoa. Mundua sortu zuenean, Jainkoak eltxo larregi sortu zituen, kar kar! 35 graduko tenperatura, motxila astuna bizkarrean, eta eltxoak inguruan, baita lakrimaletan ere! Desesperatzeko modukoa zen. 

Appalacheak agian urrunegi daude jende gehienarentzat. Zer gomendatuko zenuke, gertuago?

Ibilbide asko daude. Gainera, hemengo bideek duten abantaila da ondare izugarria dutela inguruetan. Adibidez, Cid-aren ibilbidea. Oso politak diren eta atzean historia izugarria duten herriak daude bertan. Inaziotar bidea, Artilearen bidea...  eta ibilbide berriak etengabean ari dira sortzen: adibidez, Elkanoren bidaian bueltan etorri ziren hemezortzi lagunen jaioterriak biltzen dituena, edota hainbat itsasargi batzen dituena. Tira, aspertzeko aukerarik ez dago! 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago