Kutxazainetik gertu, arrakala nabarmenago

Anakoz Amenabar 2022ko ots. 20a, 08:00

Pentsionistak Araba taldeko Juan Antonio Armentia. / A.A

Pentsionistak Araba elkarteak bankuetan 65 urtetik gorako pertsonei "aurrez aurreko arreta handiagoa" emateko eskatu du Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean. Kaleko asteroko protestetan, halaber, "banku publiko" baten beharra ageriago geratu dela adierazi dute.

Bankentxeen aldetik adinekoei ematen ari zaien tratuak hautsak harrotu ditu azkenaldian. Gero eta sukurtsal fisiko gutxiago eta prozesu guztiak digitalizatu diren garaian, arrakala digitala oztopo bat da kolektibo horrek bankuko eragiketak online egin ahal izateko. Carlos San Juan Valentziako mediku erretiratuak "bankuetan arreta duina" eskatzeko hasitako Adinekoa naiz, ez inozoa kanpainak, gainera, arreta handiagoa jarri du adinekoen isolamenduan, eta haserreak forma hartu du. Arabako pentsionisten mugimenduak ere indarrez heldu dio gaiari; lurraldeko erakunde nagusietan aurkeztu dute euren mezua, eta protesta banketxeen aurrera eramaten jarraituko dutela gogoratu dute.

"Atzo hainbat ordu egin behar izan nituen zain banketxe atarian...". Kexa hori da Pentsionistak Araba elkartera maiz heltzen denetako bat, taldeko kide Juan Antonio Armentiak kontatu duenez. "Ezin da onartu aurrez aurreko arreta eskasa; digitalizazioaren ondorioz adineko askok ezin dute teknologia berrietara egokitu, eta erantzun egoki bat behar dute". Bankuetan 65 urtetik gorako pertsonei aurrez aurreko arreta handiagoa eskaintzea eskatu dute Batzar Nagusietan eta Gasteizko Udalean; arreta pertsonalizatua eta lehentasunezkoa galdegin dute, baldintza duinetan, kanpoak iladak saihestuz, bulegoak ixteari utziz eta landa-eremuetan bereziki eraginez, eta adinekoen eskura jarriz doako kreditu-txartela.

Arrakala digitaletik harago, banku-komisioen eta "abusuzko" klausulen gaia ere aipatu du Armentiak. Gutxien kobratzen dutenei eragiten diela nabarmendu du, emakumeei gehien, batez ere alarguntza-pentsioa dutenei.

Gomendioak bankuei

Estatuko eragileek egindako presioak ondorioak ekarri ditu, Espainiako Gobernuak hainbat gomendio egin dizkie bankuei, bulego ordutegiak handitu eta arreta hobetzeko proposamenekin, eta bankuak neurriak hartzen hasi dira.

Pentsiodunen eskaerak, baina, harago doazela azaldu du Armentiak: "Garrantzitsuak dira neurri horiek, baina gure beldurra da horietan bakarrik geratuko ez ote diren; azaleko erabaki batean". Pauso bat gehiago eman nahi dute, eta bankuen jarduteko modua salatu: "Bulegoak ixtea, langileak kaleratzea eta, ondorioz, Langabezia funtsa eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren odolustea, abusuzko klausulak, neurriz kanpoko etekinak... alegia, kalean ikusten diren iladak korapilo handi baten parte baino ez dira".

Joan den urtarrilaren 27an Batzar Nagusietan izan zen elkartea, eta egindako aurkezpenarekin taldeek bat egin zutela gogoratu du Armentiak. Lanarekin jarraitzeko, orain, mozio-proposamena helaraziko diete, eta kalera ere eramango dute aldarria astelehenero. "Banku publiko baten beharra ere mahai gainean jarri nahi dugu; egoera honek ageriago utzi du beharra".

 

Erretiratuak

Angel Alvarez de Arkaia: "Ez dut semeak lagundu zain egon nahi"

Egun bat eta beste, pandemia betean, banketxe baten atarian zain egon da Angel Alvarez barrura noiz sartuko. Orain ez daude garai bateko iladak, baretu dira, baina "lotsagarria" izan dela nabarmendu du. "Goizean goiz bertara joan, eta konturatu orduko sartu ezinik geratu 12:00etan atea ixten zutelako... Kanpoan behin baino gehiagotan geratu den horietakoa naiz".

Bankuen tratuaren kalitatea urteekin murriztu egin dela dio, eta edadetuentzako gero eta baldintza zailagoak jartzen ari direla. Lagun artean ere ohiko hizketagaia bilakatu da bankuen jarduna, gogoratu duenez: telefono arreta eskasa, bulegoetako arreta murriztea, kutxazainak kendu... "Horregatik, Valentziako medikuak hasi duen kanpaina garrantzitsua iruditzen zait; bezeroen aurrez aurreko arreta ezinbestekoa da, eta hemen gaudela gogoratu behar dugu". Kreditu-txartelarekin ez du arazorik Alvarezek, aspaldi erabili izan du, eta ederki moldatzen da erosketak egin edo dirua ateratzeko. Kontuak jarraitzeko, ordea, ez du teknologia berria erabiltzen, eta ezta nahi ere; "libreta" nahi du berak, eta hala eskatu die bankuei. "Libreta kendu nahi dute, eta ni ez naiz mugikorrarekin moldatzen. Nola egin behar dut? Nola jakin zenbat diru dudan?". Adinekoek "gero eta zailagoa" dutela uste du, eta "neurriak" eskatu dizkie ardura dutenei. "Ez dut semeak lagunduko nauen zain ibili nahi".

 

Mercedes Aspiazu: "Erantzukizuna dute, eta eskatu behar zaie"

Banketxeekin "harreman ona" duela kontatu du Mercedes Aspiazu gasteiztarrak. Kreditu-txartelarekin ondo moldatzen da, eta gutxitan egiten ditu bulego izapideak. "Egia esan, esperientzia ona dut; fakturaren bat ordaindu behar izan dudanean, ez dut arazorik izan".

Jakin badaki, ordea, salbuespena dela bere inguruan. 78 urte ditu, eta adin bereko askok ez dute kreditu-txartela erabiltzen, eta zailtasunak dituzte teknologia berriekin. "Banketxeko kontuetarako ez dut zailtasunik, baina ez pentsa teknologiekin aparta naizenik; covid-aren kontrako txertoa jartzeko hitzordua arazorik gabe eskatu nuen internet bidez, baina ziurtagiria eskuratzeko, esate baterako, iloba bati eskatu behar izan nion laguntza".

Arabako Pentsionistak taldeak antolatu duen manifestazioarekin bat egin du, astelehenero moduan, eta bankuen jardueraren inguruan egindako eskaerak bere egin ditu Aspiazuk. Landa-eremuetan egoera "bereziki tamalgarria" dela gogoratu du, eta "gero eta zailagoa" den egoera horren kontra daudela erakutsi behar dutela azpimarratu: "Adineko lagunak ikusi ditut banketxe kanpoan iladan zain, are gehiago pandemia garaian, eta hori ezin dugu onartu". Guztientzako "baldintza duinak" galdegin ditu, eta bankuek dituzten mozkinak horretan inbertitzea eskatu du.  "Erantzukizuna dute, eta eskatu egin behar zaie". 

 

Jesus Martinez Urizar: "Pare bat urteko arazoa izango da hau"

Bizitza osoa banketxe batean egin du lan 68 urteko Jesus Martinez Urizarrek, eta, beraz, ez du arazorik dirua atera edo izapideak egiterako garaian. "Hemezortzi urterekin hasi nintzen lanean banketxe batean; hainbat sukurtsal ireki nituen, eta lautan izan nintzen zuzendari, beraz, bertako langile ugari ezagutzen ditut...", gogoratu du.   

Azken urteetan sortu den "zalaparta", ordea, gertutik ikusi du: banketxeetara ezin sartu, iladak kalean, txartelekin dirua ateratzen jakin ez, teknologia berriekin arazoak... "Covidak areagotu egin du arazoa, edo bazegoena azaleratu du, eta argi ikusi dugu denok". Inguruko lagun eta bezero ohien artean ere ikusten du arazoa, egunerokoan hamaika oztoporekin dabiltzalako, besteak beste, diru kontu txikiak egiteko. "Normala den moduan, adin batetik aurrera oso zaila da teknologia berriei heltzea, eta alde batera geratzeko arriskua handia da; eta ez da kreditu-txartela bakarrik, telefonoarekin egin behar diren operazio guztiak, handik jasotakoak...". Aldiz, denbora kontua dela uste du Martinezek, baikorra da, eta herritarrak teknologia berrietara moldatzen joango direla uste du. "Pare bat urteko arazoa dela uste dut; arrakala digitala txikitu egingo da, eta kontu hau ahaztu egingo dugula uste dut. Bankuen funtzionamendua ez dut uste aldatuko denik, ez dut uste berriz atzera egingo dutenik, baina jendea ikasten joango da poliki-poliki".

 

Miguel Lamas: "Faltan botatzen dut garai bateko tratua"

Paperezko libreta baduen arren, diru kontuak mugikorrarekin jarraitzeko ondo moldatzen da Miguel Lamas gasteiztarra, baina bestelako eragiketak egiteko laguntza behar du. 88 urterekin, ezin aproposagoa iruditu zaio Carlos San Juan erretiratuak abian jarri duen Adinekoa naiz, ez inozoa kanpaina. "Beharrezkoa zen halako kanpaina bat, eta nik ere babesa ematen diot, noski; badirudi, bazter batean egotera kondenatu nahi gaituztela".

Lamasek faltan du garai batean banketxeetan izaten zen tratua. Sukurtsalak itxi eta langileen murrizketak tarteko, gaur egun hitz egiteko aukerarik ere ez dagoela dio, eta bisita gutxi egiten die. "Egia esan, faltan botatzen ditut lehen lankideekin izaten nituen berriketaldiak, askotan joaten nintzen, kontu bat edo beste, dirua ateratzera edo inbertsio txikiak egitera...". Gaur egun, norbera bere kontura moldatu behar dela dio, eta horretan zailtasunak ditu bere belaunaldiak: "Nire edadekoen artean ez dira asko izango mugikorrarekin moldatzen direnak, logikoa den moduan; nik zeozer badakit, oinarrizkoena egiteko behintzat, baina arrakala nabarmena da". Covid ziurtagiria lortzeko, esaterako, bilobaren laguntza behar izan duela kontatu du; hark bidali zion whatsappera. "Gustatuko litzaidake haien moduan moldatzea, izugarria da nola aritzen diren; baina gure adinean ez gaude horretarako".

 

 

 

 

 

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago