Duela hiru hamarkada baino gehiago Arkaiako obra batean agertu zen Bakoren burua Kultura Intereseko Ondasun izendatzea eta esku publikoetara itzultzea eskatu diote arkeologoen zenbait kolektibok Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailari eta Arabako Foru Aldundiari. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek ere eskaera bera egin dute Arabako Batzar Nagusietan, eta azalpenak eskatu dizkiote foru gobernuari.
Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak berak aitortu du pieza hori esku pribatuetan dagoela, eta esan du "deitoragarria" dela arabar guztien ondare den ondasun batez jabetzea. "Pieza hori publikoa izan beharko litzateke, eta Aldundiaren esku egon beharko luke", esan du Gonzalezek. "Aldundiak legearen barruan bere esku dagoen guztia egingo du pieza berreskuratzeko".
Agertu eta desagertu
Jose Ignacio San Vicente historialariaren ustez, Bako edo Dionisosen marmolezko buru hori II. mende hasierakoa izan liteke, eta zutabe baten edo mahai baten apaingarria izan zitekeen. Burua 1985ean agertu zen Arkaian, hondakin-uren saneamendurako lan batzuen testuinguruan, Suestatium hiri zaharreko erromatar termen aztarnak aurkitu zituztenean hain zuzen. Agertu ziren elementu gehienak Bibat Arabako Arkeologia Museoan daude, publikoaren eskura eta ikertzaileek azter ditzaten. Baina Bakoren bustoa ez dago horien artean.
Arkaian agertu ondoren, argazki bat atera zioten buruari, eta Arkeologia Museoan erakusteko igeltsuzko erreplika bat egin zuten. Bertan egon zen erreplika, 2009an Bibateko instalazioak berrantolatu zituzten arte. Gaur egun, ordea, bi kopia lokalizatuta daude baina originala "partikular baten eskuetan" dago. Hala jasotzen da bederen, 1993an, EHUk argitaratutako Veleia aldizkarian eta Arabako Aldundiak 2014an kaleratu zuen Las termas romanas de Arcaya / Suestatium liburuan.
Jon Buesaren arrastoa
Aste honetan gaurkotasunera ekarri du gaia El Correo egunkariak, eta azaldu du, gainera, Bakoren pieza horietako bat –ez dago argi originala edo erreplika–, aurkikuntzaren garaian obra publikoen ingeniari kargua zuen Jon Buesa Blanco EAJko goi-kargudunaren eskuetan dagoela. Orain, dagoeneko jubilatuta dago Buesa, eta jatorrizkoa non dagoen ez dakiela eta berak daukana erreplika bat dela ziurtatu dio egunkariari. Buesak "ez du gogoratzen nork eman zion".
Duela bi hilabete, Aldundiko sail juridikoak gaia "preskribatuta" dagoela berretsi zuen. Izan ere, Euskal Kultura Ondarearen Legearen (1990) aurretik egindako aurkikuntza da, eta lege horrek ez du atzeraeraginik.
EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek azalpenak eskatu dizkiete EAJri eta PSEri, Arkaiako aztarnategi erromatarretik desagertutako eskulturari buruz. EH Bilduk "ezinbestekotzat" jo du Arabako ondare arkeologikoa babestea, "eta horrek berekin dakar ondare hori arabar guztien esku egotea". Ildo horretan, arkeologoen kolektiboen iritziarekin bat dator: lana berreskuratu behar da, haren egoera eta kontserbazio maila zein diren jakiteko, eta babesteko.