Gasteiz eta Aiaraldeko 250 tortura kasuen aitortza eta erreparazioa exijitu dute

Erredakzioa 2022ko ots. 14a, 09:30

Torturaren aurkako Gasteizko manifestazioa, igandean. / Argazkia: SORTU

Igandean, Torturaren aurkako Egunean, Sortuk mobilizazioak antolatu ditu Gasteizen eta Laudion. "Aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak" aldarrikatu dituzte Arabako 250 torturatu ingururentzat: 198 hiriburuan eta 51 Aiaraldean.

1981eko otsailaren 13an, Joxe Arregi zizurkildarra hil zuen Espainiako Poliziak, tortura basatien artean. Beltzez markatutako egun hartatik 41 urte igaro dira, eta urtero Torturaren aurkako Eguna ospatzen da Euskal Herrian. Aurten ere, tortura "Espainiako Estatuak erabilitako jokabide sistematikoa" izan dela salatu du Sortuk: "Bere helburua Euskal Herriak bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko duen eskubidea ukatzea izan da".

Duela egun batzuk, Sortuk ekintza ikusgarria egin zuen Gasteizen, Euskal Herrian erregistratutako 5.657 tortura kasuak salatzeko. Igande honetan, bi mobilizazio antolatu dituzte Gasteizen eta Laudion, tortura jasan duten arabarrentzat "aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak" exijitzeko.

Gogora ekarri dutenez, Guardia Zibilaren, Espainiako Poliziaren eta Ertzaintzaren eskuetan, Gasteizen gutxienez 198 pertsona izan dira torturatuak, eta 51 Aiaraldean. "Larritzeko moduko mina, kuarteletan egin zizkiguten astakeriek eragindako sufrimendua. Horrekin bizitzen ikasi behar izan dugu, baina oraindik ez dute aitortu, ezta erreparatu ere", salatu dute.

"Euskal Herrian milaka izan dira torturaren atzapar krudeletik igaro behar izan direnak, eta hala ere inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik egin eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman", kritikatu du Sortuk. "Gehiago ere esan genezake, azken aldian entzun behar izan ditugun adierazpenek erakutsi diguten moduan, oraindik orain, tortura zuritu eta bere arduradun politiko zein tortura praktikara eraman duten polizia ezberdinei inpunitate guztia eskaintzen zaie".

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago