Larunbatean, otsailaren 13aren —Torturaren aurkako Eguna— atarian, Sortuk antolatutako performance batean parte hartu zuten dozenaka aktibistak Gasteizen, Espainiako Gobernuaren ordezkaritzaordearen eta Espainiako Poliziaren egoitzaren aurrean. 30 bat lagun biluzik, eskuburdinak jarrita eta buruak poltsa beltzez estalita agertu ziren.
Ekintza ikusgarri horren bitartez, torturaren "errealitate iluna" argitara atera eta "aitortza, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak" aldarrikatu nahi izan du ezker abertzaleko antolakundeak.
Izan ere, azken hamarkadetan "milaka herritarrek pairatutako oinazea ahazten" dutela leporatu diete erakunde publikoei: "5.657 euskal herritarrek igaro behar izan dute torturaren atzapar krudeletik. Hala ere inongo arduradun politikok ez du ezelako zintzotasun ariketarik egin ez eta eragindako kaltea aitortzeko urratsik eman", adierazi du Sorturen gatazkaren ondorioen konponbiderako batzordearen arduradun Haimar Altunak.
Ekintzan bertan egindako adierazpenetan, Altunak ardurak eskatu ditu "egia osoa" argitara ateratzeko: "Oraindik orain, tortura zuritzen jarraitzen dute. Inpunitatea eskaintzen zaie torturaren arduradun politikoei eta torturatu zuten poliziei, Guardia Zibilari, Espainiako Poliziari eta Ertzaintzari".
"Ezinbestekoa da torturaren arduradunen aitortza. Tortura eragin zuten horien aitortza, poliziena zein arduradun politikoena. Ezinbestekoa da tortura hauspotu, isilarazi eta modu batera edo bestera posible egin zuten horien aitortza, izan politikari edo mediku, izan abokatu edo epaile, izan fiskal edo kazetari. Ezinbestekoa da eragin zuten mina aitortzea", adierazi du Sortuko kideak.
198 torturatu Gasteizen
Gainera, Sortuk zifra zehatza jarri dio Arabako hiriburuan izandako tortura kasuei: gutxienez 198 gasteiztar torturatuak izan dira.
Torturaren aurkako Egunaren harira, Gasteizko Sortuk manifestazioa deitu du datorren iganderako, otsailaren 13rako, 13:00etan Probintzia Plazan, Euskal Herriak bakea. Aitortza, erreparazioa, ez errepikatzeko bermeak lelopean.