Mercedesek ABLEEa ezarriko du sindikatuen babesik eta soldata osagarririk gabe

Erredakzioa 2022ko ots. 8a, 17:30
ABLEEa ekainaren 30era arte ezarriko da. / MERCEDES-BENZ

Enpresa batzordeak ez du onartu Mercedesen ABLEE berria ezartzeko zuzendaritzak egindako proposamena. Beraz, %80ko soldata-osagarria kobratu gabe ezarriko da 30 eguneko lan erregulazioa, ekainaren 30era bitartean.

Mercedesek langileen ordezkariekin akordiorik erdietsi gabe ezarriko du Aldi Baterako Lan Erregulazio Espedientea (ABLEE) Gasteizko fabrikan. Negoziazio gogorren ostean, gaurko bileran ere, zuzendaritzaren proposamena ez onartzea erabaki du enpresa batzordearen gehiengoak —UGT, ELA, LAB eta ESK—.

Ekainaren 30era bitartean lanik gabeko 30 egun ezarri ahal izango ditu enpresak. Akordiorik lortu ez denez, soldaten %80eko osagarria ordaintzeko enpresak egindako proposamenak ere ez du aurrera egin; hortaz, erregulazioaren eraginpeko 4.600 langile inguruk langabeziarengatik dagokien ordainsaria baino ez dute jasoko.

Sindikatuen artean, adostasunik ez

CCOOk, Ekintzak eta Mercedeseko Plataforma Independenteak (PIM) enpresaren proposamena babesten zuten, eta ordezkaritzaren %51 batu zezaketen UGT sindikatuarekin. Hala ere, azken horrek azkenean ez du akordioa onartu, sindikatuen artean gutxieneko babesa (%55, bere ustez) lortu ez delako.

Hain zuzen ere, UGTrekin batera ordezkaritzaren %55 osatzen duten ELA, LAB eta ESK sindikatuek hasieratik arbuiatu dute ABLEEa ezartzeko enpresak egindako proposamena.

Alde batetik, ELA sindikatuak defendatu du "enpresaren egoera ez dela bateragarria neurri traumatko batekin", eta iragan lan erregulazioen "lezioa" ikasi duela. "Erregulazioarekin, enpresak bere malgutasuna eta etekinak handitu nahi ditu, langileak eta prestazio publikoak truke txanpon gisa hartuta. Ez da normala arazoa konpontzeko planteatzen den irtenbide bakarra ABLEE batera modu kroniko eta iraunkorrean jotzea izatea, inolako industria planik gabe eta alternatbak bilatu gabe", salatu du sindikatuak.

LAB sindikatuak, bere aldetik, "enplegu duina" aldarrikatu du. Sindikatu abertzalearen arabera, enpresak argudiatutako arazoak langileei egotzi dizkie, eta, bere ustez, "ABLEEra jo aurretik beste neurri batzuk har zitezkeen, hala nola lan erritmoak jaistea, betiere enpleguari eutsiz, eta neurri horiek langileen lan baldintzak hobetu egingo lituzkete, okertu beharrean".

Erlazionatuak

Mercedes, ispilu aurrean

Ruben Sanchez Bakaikoa 2022 urt 14 Araba

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide