Aurtengo Euskaraldia are "ikusgarriago" egin nahi dute

Erredakzioa 2022ko ots. 3a, 14:10
Gaur aurkeztu dituzte duela bi urteko ariketaren ondorioak. EUSKARALDIA

Ariketa sozialaren antolatzaileek hirugarren edizioa "berraktibazioarena" izango dela aurreratu dute, 2020. urteko edizioaren azterketa aurkezteko ekitaldian.

Euskaraldiaren hirugarren edizioa are "ikusgarriago" izatea lortu nahi dute antolatzaileek, 2022 "aktibazioaren urtea" izan dadin. Azpimarratu dutenez, horretarako, batetik "kalea berreskuratu" beharra dago; bestetik, "identifikagarri eta txapen erabilera indartzeko" lan egingo dute, horrek "ariketan eragin positiboa" izan duela ondorioztatu dutelako bigarren edizioari buruz egin duten azterketan.

Gaur aurkeztu dute Bilbon duela bi urte egindako bigarren Euskaraldiaren gainean egin duten ikerketa hori. Pandemia betean egindako ekitaldia izanik, parte hartzearen gaineko datuek osasun larrialdia islatu dute ere. Orotara, 178.184 lagunek parte hartu zuten 2020ko edizioan; 2018ko lehen edizioan, berriz,  225.154 izan ziren. Arabaren kasuan ere nabaritu da pandemiaren eragina. 2020ko Euskaraldian 15.057 arabarrek parte hartu zuten. 2018an, berriz, 20.279 izan ziren.

Ikerketa egin duen Siadeco elkarteko Lide Rekondo eta Unai Oiartzun teknikariek eman dituzte datuak. Haiekin izan dira Bingen Zupiria Hizkuntza Politikako sailburua, Ana Ollo Nafarroako Herritarren Harremanetako kontseilaria eta Kike Amonarriz Euskaltzaleen Topaguneko lehendakaria. Euskal Herri osoko emaitzak dira aurkeztutakoak, Ipar Euskal Herrian Euskararen Erakunde Publikoak ere parte hartu duelako.

Kike Amonarrizek aitortu duenez, Covid-19aren eragina "nabarmena" izan da. "Kaleko presentzia asko gutxitu da pandemiaren eraginez eta bagenekien horrek ariketan bertan ere eragingo zuela". Hala ere, nabarmendu du parte hartu dutenek oro har "balorazio ona" egin dutela ariketaren bueltan.

Rolei erreparatuta, Araba izan da ahobizi gutxien eta belarriprest gehien izan dituen Euskal Herriko herrialdea. Zehazki, izena eman zutenen %68,2 ahobizi izan ziren, %31,8 belarriprest izan zirelarik.

Parte hartzaileen artean egindako ahalegin hori nabarmena izan da, kontuan hartzen bada —Euskal Herri osoko datuak dira hauek— belerriprest izan diren erdiek ez dutela ongi hitz egiten, eta %20k hitz batzuk baino ez dituztela ulertzen.

Kalkulatu dute ere zein izan den ariketaren arrakasta unibertso potentzialaren arabera, hots, hamasei urte gorako eta euskara bederen ulertzeko gai diren herritarren kopuruarekiko proportzioa. Araban %14,7 izan portzentajea —Euskal Herriko batez bestekotik oso gertu: %15,1 maila nazionalean—.

Partaideek egiten duten Euskaraldiaren balorazioa "bizipenei oso lotuta" dagoela esan du Amonarrizek, "norberak egindako aurrerapausoei eta gizarte mailan ikusten diren jokabide aldaketei", hain justu. Horregatik, aurrerantzean Euskaraldiak "aurrerapauso eta lorpen horietan" are arreta handiagoa jarriko duela aurreratu du.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide