Hamar pertsonatik hiruk irakurtzeko eta irakurritako hori ulertzeko zailtasunak dituzte. Traba horiek dituztenei zailagoa zaie kultura, literatura zein informaziora gerturatzeko eskubidea gauzatzea. Bada, eragozpen horiei aurre egiteko tresna bat zabalduz joan da azken hamarkadetan, irakurketa erraza, behar sozial hori “irisgarri” egiteko. Izan ere, Unescok, Hezkuntza, Zientzia eta Kulturarako Nazio Batuen Erakundeak azaldutakoaren arabera, irakurketa zutabea da hezkuntzaren eta ezagutzaren zabalpenean, kulturaren demokratizazioan, eta oinarrizkoa da gizabanakoek zein pertsona taldeek haien mugak gaindi ditzaten.
Irakurtzeko eta irakurritakoa ulertzeko zailtasuna duten pertsonen artean askotariko errealitateak daude, Lectura Facil Euskadi-Irakurketa Erraza elkarteak jakinarazitakoaren arabera. Batetik, zailtasunak behin-behinean izango dituzten pertsonak daude: hizkuntza berri batera gerturatu direnak; alfabetatze eskasa izan dutenak; ikasketekin arazoak dituztenak... Horrez gain, zailtasun iraunkorrak dituztenak daude: adineko pertsonak, adimen urritasuna dutenak...
"Irakurketa erraza sortu zuten zailtasunak dituzten pertsonengan pentsatuta, baina edonork balia dezake", azaldu du Lucia Vinagrek, Irakurketa Erraza Euskadi elkarteko kideak. Baieztapen horren nondik norakoak azaltzeko, irakurketa erraza alderatu du muga arkitektonikoak gainditzeko azpiegiturekin: aldapak, igogailuak... "Bien oinarrian irisgarritasuna dago: espazio batzuetara heltzeko aukera ematen du batek, eta irakurketara besteak; are gehiago, edonoren esku dago bata zein bestea".
"Aire" asko, eta, istorioak, harira
Baina, zeintzuk dira irakurketa erraza tresnaren berezitasunak? Hiru ardatzetan laburbil daitezke egokitzapen horiek: liburuaren diseinu fisikoan, edukian eta hizkuntzan. Ezaugarri horiek xehatu zituen Vinagrek iragan astean, Ignacio Aldekoa kultura etxean emandako hitzaldian. Are, irakurketa "irisgarri" egiteko egindako proposamen horiek urteen joanarekin finduz eta adostuz joan direla gaineratu zuen, ahalik eta eraginkorrena izan daitezen.
Formari dagozkion aldaketak agerikoak dira, irakurketa errazaren bitartez idatzitako liburu bat hartuz gero: kontrastea funtsezkoa da testuaren eta orriaren artean; letrak handiagoak dira, irakurketa zaildu ditzaketen apaingarririk gabe; lerroak laburrak dira, ez daude eskuinean lerrokatuta, eta espazio handia dago horien artean. "Tresna honen bitartez idatzitako liburuek besteak baino zuriune handiagoak dituzte; airea errazago mugitzen da lerroen artean", azaldu du Lucia Vinagrek. Orriaren bazterretan dagoen espazioan baliatzen da testuko hitz zail edo ezezagun batzuen azalpenak hartzeko, hitz errazekin azalduta. Azkenik, irudiak daude, baina beti deskribatzaileak eta testuarekin bat datozenak.
Testuaren edukia ahalik eta zuzen eta soilena da. Gertaerak itzulingururik gabe agertzen dira, istorioaren hari nagusian zentratuz, denboran aurrera doan hari kronologiko bakarra jarraituz, pertsonai gehiegirik gabe, eta esaldi bakoitzean ideia bat sartuz. Ideiak modu argian adierazteko asmo hori erabilitako hizkuntzan berresten da: ohiko hitzak agertzen dira, forma pasiboak saihestuz, hizkuntza metaforikoari uko eginez... Horrekin batera, esaldiko elementu guztiak agertzen dira beti: subjektua, aditza...
"Istorioaren zirrara mantentzen dute, eta denei eskaintzen diete gozatzeko aukera"
Natalia Jimenez
Testu horiek jatorrian irakurketa erraza baliatuta idatzitakoak izan daitezke, edota beste liburuen moldaketak, klasikoak, besteak beste. Natalia Jimenezek, Irakurketa Erraza Euskadiko beste kide batek, azaldu du liburuen moldaketetan hainbat gauza galtzen direla. Hala ere, nabarmendu du prozesuan ez dela irakurlea "infantilizatzen". "Literatura eta istorioaren zirrara mantentzen dute, eta mundu guztiari eskaintzen diote esperientzia gozatzeko aukera", nabarmendu du. Alegia, irakurleak Jim Hawkinsen abenturaren zirrara senti dezake Altxorraren uhartea eleberriko orriak pasatzean, edota bizitzari buruz hausnartu Printze txikia-ren eskutik.
Literatura baino gehiago
Jimenezek berretsi du irakurtzea ez dela literaturarako sarbidea bakarrik, herritar bezala ahalduntzeko tresna baizik; ahalduntze hori gertatzen da informatzeko aukera handitzen den heinean, edota administrazioarekin harremana ahalbidetzen denean ere, besteak beste. Ordea, hedabide gutxik erabiltzen dute metodologia hori egunerokoan, gure inguruan. Gaztelaniaz saiakera batzuk daude, nagusiki internet bitartez. Pikara magazine elektronikoak, besteak beste, bere eduki batzuk moldatu izan ditu, Irakurketa Erraza Euskadi Elkartearekin elkarlanean. Irakurketa errazak apenas du lekurik euskarazko hedabideetan, baina.
Administrazioarekin harremana izateko bideetan irakurketa errazak leku apur bat handiagoa du gaur egun, duela urte gutxi batzuk baino. Eusko Jaurlaritzaren Irekia webgunea tresna horretara egokitzeko lanetan daude, oraingoz behin betiko ezarrita ez dagoen arren. Irekiaren leloaren azpian, hizkuntza aukeratzeko aukeretan, IE ikonoan klikatuta bertan sartzeko aukera dago. Horrez gain, lan eskaintza publikoetako gaitegia ere egokitu da irakurketa errazera, adimen urritasuna duten pertsonentzako lanpostuak dituzten deialdietan.
Pausoak ematen ari badira ere, hutsune handiak daude oraindik ere. Euskararen presentzia da horietako bat. Aurrez esan bezala, euskarazko hedabideetan irakurketa "demokratizatzeko" tresnari buruz hitz egin bada ere, ez dago euskarazko albisteak irakurketa errazean maiztasun zehatz batekin ateratzen duen hedabiderik. Eta egoera ez da askoz hobea euskarazko literaturan, edota euskararako itzulpenetan ere.
Batetik, irakurketa erraza baliatzen duten idazleak falta direla azaldu du Natalia Jimenezek, baita testuak moldatuko dituztenak ere. Elkarteak berak egiten du moldaketa eta baita euskarazko liburuen argitalpena ere, Kalafate Bildumaren bitartez. Izan ere, argitaletxeen egoera ez da erraza. "Gaur egun ez dago gaiari heldu dion Euskal Herriko argitaletxerik", azaldu du. Garai batean Gaumin Argitaletxeak hainbat izenburu argitaratu zituen, baina urteak dira bilduma horrek ale berririk ez duela. Espainia edota Kataluniako argitaletxeen bitartez heltzen dira euskarazko ale berriak, gaur egun.
Euskarazko tailerra martxan
Irakurketa Erraza Euskadiko kideek nabarmendu bezala, tresna hori hamaika alde dituen baliabide bat da. Eskaintzen dituen aukeren artean hizkuntza bat ikasten ari diren pertsonei "ikasketan aurrera jarraitu ahal izatea" dagoela nabarmendu du Natalia Jimenezek. Hain zuzen, horren harira, aste honetan bertan martxan jarri dute euskarazko irakurketa erraza tailerra. Iragan asteartean elkartu ziren hainbat lagun Ignacio Aldekoa liburutegian, Zeru beraren azpian liburuaren inguruan, eta bi astean behin, sei saiotan, sakonduko dute Nuria Marti Constans idazlearen eleberrian.
Azaitz Unanuek, Geu Elkarteko kideak, azaldu du tailerra bideratuta dagoela euskarazko literaturan aurrera egin nahi duten horientzat, hein batean Mintzalaguna proiektuaren ildotik. "Mintzalagunaren bitartez lagun giro bat sortzen da, euskaraz hitz egiteko ohitura ez duen jendeak hori har dezan; martxan jarri dugun tailerra hori bera litzateke, baina irakurketara bideratuta". Izan ere, irakurketaren arloan "hutsune" bat zegoela hausnartu du Unanuek. "Urtetan eskaini izan diegu mintzalegunei Gasteizko Irakurle Klubera joatea, baina bertan egiten den irakurketa mota apur bat jasoa gertatu zaie batzuei", azaldu du.
"Gogoa duenak baino ez du irakurtzen, eta txandaka egiten da saioetan"
Azaitz Unanue
Geu Elkarteak antolatu, eta Irakurketa Erraza Euskadik garatzen dituen tailer horien dinamikak alde nabariak ditu beste irakurketa klub batzuekin. Batetik, saioan bertan irakurtzen da liburua; hau da, inork ez du irakurrita eraman behar etxetik. "Gogoa duenak baino ez du irakurtzen, eta txandaka egiten dugu". Are gehiago, gorra den norbait egonez gero zeinu hizkuntzan lagun diezaiokeen pertsona bat ere egon daiteke. Irakurketak iraun bitartean sor daitezkeen zalantzak argitzen dira, irakurritakoaren inguruan hausnartzen dute, eta, irakurritako liburuaren arabera, bestelako ekintzak ere egiten dituzte: beste testu batzuk irakurri, bideoren bat ikusi, irteerak prestatu...
Dinamika hori ondo landuta eta ezarrita dagoela azaldu du Natalia Jimenezek. Irakurketa Erraza Euskadik gaur egun bestelako klubak kudeatzen ditu, duela gutxi Klub Feminista kasu, Emakumeen Etxean. Ordea, lankidetza hori urtetan luzatu da askotariko elkarteetan: Aspace, Sirimiri Zerbitzu Soziokulturalak, Arabako Osasun Mentaleko Sarea... Horietan guztietan irakurketa errazaren helburuak lortzeko bidean: irakurketarako sarbidea izateko eskubidea bermatzeko herritar orori.