La Polla Recordsen 'No somos nada' dokumentala zinema aretoetara iritsi da

Erredakzioa 2022ko urt. 26a, 20:04

Gaur estreinatuko dute La Polla Records taldeari buruz Javier Corcuerak zuzendutako dokumentala: No somos nada. Araban, Gorbeia eta Florida zinemetan ikusi ahal izango da, urtarrilaren 28tik aurrera, epe mugatu batean.

No somos nada, Javier Corcuera zuzendariak La Polla Records punk talde aguraindarrari buruz egindako dokumentala, zinema aretoetara iritsiko da gaur arratsaldean. Taldea berreskuratu eta aldi berean agurtzeko 2019an abiatutako nazioarteko bira ardatz hartuta, Evaristo Paramosek 40 urteko istorioa kontatzen du dokumentalean: "Milaka jarraitzailek ereserki bihurtutako abestiekin musika irauli zuten baserritar batzuen istorioa", alegia.

Pantaila handira iritsi aurretik, dokumentalak ibilbide oparoa egin du hainbat zinemalditan zehar: besteak beste, Donostiako Zinemaldian izan zen nazioarteko premiere ofiziala, eta, ondoren, IN-EDIT 2021 Musika Dokumentalen Nazioarteko Jaialdiko publikoaren saria irabazi zuen.

1979an sortu zen La Polla Records, Agurainen. Orduz geroztik, estudioko hamahiru album —eta beste hainbat single, EP, zuzeneko edo bilduma—, dozenaka ereserki, ehunka kontzertu eta milioika jarraitzaile utzi ditu musikaren historiarako eta punk kulturaren ondarerako.

2021eko abenduaren 17an eta 18an, polemikak inguratutako bi kontzertu eskaini zituen Gasteizen; ondoren, Covid-19ari aurre egiteko neurrien ondorioz, bertan behera utzi zuen Donostian egitekoa zen emanaldia, eta, azkenik, bere historiako azken kontzertua eman zuen Madrilgo Wizink Center aretoan. Gaur egun, Evaristok bide berriari ekin dio dagoeneko, Tropa do Carallo taldearekin.

 

Emanaldi mugatuak

Filma ostiral honetatik aurrera, urtarrilaren 28tik, ikusi ahal izango da Espainiako Estatuko 70 bat aretotan. Arabaren kasuan, Florida (Gasteiz) eta Gorbeia (Etxabarri Ibiña - Zigoitia) zinemetara iritsiko da.

Banatzaileek ohartarazi dute emanaldiak "epe mugatu batean" luzatuko direla, beraz, bizkor ibili beharko da sarrerarik gabe ez gelditzeko. A Contracorriente Films webgunearen bitartez lortu daitezke. Webgune ofizialaren arabera, momentuz, Florida zinemetan otsailaren 1era arte programatuta daude saioak; Gorbeia zinemetan, ordea, soilik urtarrilaren 28rako, hau da, estreinaldiaren egunerako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide