La Polla Recordsen kontzertuko arau-hausteengatik 6.000 euroko isuna jaso du Last Tourrek

Erredakzioa 2022ko urt. 14a, 15:54
La Polla Records taldearen kontzertua, Gasteizko Buesa Arenan. / Argazkia: JOSEBA BAYER

Osasun Sailak "aurreikusitako zehapen handiena" jarri dio Last Tour enpresari, La Polla Records taldeak Gasteizen emandako bi kontzertuetan osasun araudia ez betetzeagatik. Egun bakoitzagatik 3.000 euroko isuna jasoko du.

La Polla Records taldeak bere historiako azken bi kontzertuak eman zituen Gasteizen, Buesa Arenan, abenduaren 17an eta 18an. Ikusmin handiz inguratuta iritsi zen ekitaldia, baina taldeak polemika piztu zuen ostiralean egindako protestagatik: Evaristo Paramosek Munduko Osasun Erakundearen aurkako ikur bat atera zuen oholtzara, eta Bizitza plataformako bi kidek txertoen eta Covid-19aren aurkako neurrien aurkako diskurtso bat eman zuten.

Polemika hartatik ia hilabete igaro denean, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi du Aguraingo musika taldearen biraren arduradunek —Last Tour enpresa sustatzailea— 6.000 euroko isuna ordaindu beharko dizkiotela altxor publikoari, bi ekitaldietan "arau-hauste larriak" egiteagatik. Kontzertu bakoitzari 3.000 euroko isuna dagokio.

Zehazki, sarreran Covid Ziurtagiri Digitalarekin batera egiaztagiriak (NANa) ez exijitzea eta maskara erabiltzeko derrigortasuna ez betetzea egotzi dio Osasun Sailak enpresari.

Hortaz, "osasun araudian aurreikusten den zehapen handiena" jartzea ebatzi du, Segurtasun Sailak igorritako salaketan oinarrituta. Salaketa horren arabera, bi data horietan Euskal Autonomia Erkidegoa osasun larrialdiko egoeran zegoen, eta, ondorioz, Covid-19aren Pandemia Kudeatzeko Neurriei buruzko Legean (ekainaren 24ko 2/2021 Legea) aurreikusitako zehapen prozedura aplikatu behar da.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide