ANkerkeriari STOP

Aitor Zelaia eta Galder Barbadoren askatasuna eskatuko dute Gasteizen eta Agurainen

Erredakzioa 2022ko urt. 26a, 14:01

Alarma Gaua antolatu zuten Amurrion, urtarrilaren 20an. / Argazkia: AIARALDEA.eus

Lau urtez espetxeratuak izateko arriskuan daude Aitor Zelaia eta Galder Barbado gazte arabarrak. ANkerkeriari Stop plataformak mobilizazioak antolatu ditu: ostegun eta ostiralean Agurainen, eta larunbatean Gasteizen.

Aitor Zelaiak eta Galder Barbadok Espainiako Auzitegi Gorenaren berehalako erabakiaren zain jarraitzen dute, Auzitegi Nazionalak lau urteko zigorra, urtebeteko zaintzapeko askatasuna eta hamar urteko inhabilitazioa ezarri ostean.

Bihar izan daiteke. Defentsaren abokatuek absoluzioa eskatzeko helegitea aurkeztu zuten arren, edozein unetan irits daitekeen epaia kontrakoa bada, bi gazte arabarrak espetxeratuak izango dira. Auzitegi Nazionalak frogatutzat eman zuen "lehergarriak egiteko elementuak gorde izana", 2018an Duran (Arratzua-Ubarrundia) Ertzaintzak aurkitutako bidoi baten harira.

"Bizitza normala egin ezin izanaren kondena gehitua" suposatzen ari den itxaronaldi horren testuinguruan, "prozesu bidegabe hau" amaitzea exijitzeko mobilizazioak deitu ditu ANkerkeriari Stop plataformak asteburu honetarako.

Joan den astean Amurrion antolatutako ekimenaren ildotik, Gasteizen Alarma Gaua antolatu dute larunbaterako, urtarrilaren 29rako: 20:00etan elkartasun argazki masiboa aterako dute, eta, ondoren, Alde Zaharretik Piztu alarmak! izeneko ekintza egingo dute, xehetasun gehiago eman gabe. Gainera, otsailaren 4ko data gordetzeko dei egin dute, egun horretan Gasteizko Gaztetxean elkartasun jaialdia egingo dutelako.

Baina lehenago beste hitzordu bat izango dute Agurainen —Zelaia bertan bizi da gaur egun—, urtarrilaren 27an eta 28an. Ostegunean, asanblada irekia egingo dute LAB sindikatuaren egoitzan, 18:30ean. Ostiralean, berriz, egun osoko egitaraua prestatu dute: 19:30ean elkartasun kalejira bat abiatuko da Santa Mariatik, 20:00etan preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzearekin bat egingo dute, 20:30ean elkartasun pintxo-potea egingo dute Latsarri Gaztetxean, eta, azkenik, 21:30ean, Kittu taldeak kontzertua eskainiko du bertan.

Deialdiak

"Nola iritsi gara honaino?"

Duela egun batzuk, ANkerkeriari Stop plataformak 2019tik 2022ra bitartean luzatu den prozesu osoa laburbiltzeko bideo bat plazaratu zuen, "Aitor eta Galderren aurka edozein unetan irits daitekeen berehalako erabakiaren aurrean antolatzera" deituz.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago