Gasteizko Lan arloko 3. auzitegiak epai irmoa eman du DHL-Mercedes enpresaren aurka. 2020ko martxoan, zuzendaritzak egutegia aldatu zuen aste batez, langileen ordezkariekin adostu gabe. ELA sindikatuaren arabera, erabakia "irabazitako epai baten mendeku" gisa hartu zuen enpresak.
Sindikatuak aldaketa horren kontra jo zuen epaitegietan, eta EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak langileen aldeko ebazpena eman zuen: egutegiaren aldaketa "baliogabea" zen. Ondorioz, astegun horiek lan egun gisa kontatu behar zituen enpresak, bai soldatak ordaintzeko eta baita lanorduen zenbaketarako ere.
"Ordutik aurrera, ELAko atal sindikalaren aurkako sorgin-ehiza etengabea izan zen", salatu du sindikatuak. "Horretarako, DHLk era guztietako trikimailuak baliatu zituen: langileei zuzendutako oharrak ELA seinalatuz, atal sindikaleko kideak estutu zituen, lantaldea ELAren aurka jartzeko presioak...".
Enpresak ez zion men egin epaiari, eta atzeraeraginezko ezinbesteko ABLEE bat aplikatu zuen. Hau da, espedientearen hasiera data aurreratu zuen, eta aste gatazkatsu hura erregulazio aldian kokatu zuen. "Hori egiteko aitzaki gisa, gure salaketak hori zekarrela jarri zuen enpresak", azaldu du ELAk.
Epai irmoa
Ia bi urteko tirabira horien ostean, orain, epai irmoa eman dute epaitegiek: "ABLEEa aplikatzeko modua ez zen zuzena izan", dio Gasteizko Lan arloko auzitegiak. Epaiaren ondorioa honakoa izango da: ELAren bidez salaketa jarri zuten 113 afiliatuek ordaindu ez zitzaien ordainsaria jaso beharko dute, %10 gehituta atzerapenagatik; guztira, 60.000 euro ordaindu beharko ditu Mercedeseko hornitzaileen parkeko enpresak.
"DHL-Mercedeseko ELAren atal sindikalak aspaldidanik dihardu langileak antolatu eta ahalduntzeko ahaleginean, eta Gasteizko lantegian dagoen prekarietatearen kontra borrokan. Erreferente bihurtu dira, eta horregatik DHLren moduko multinazional erraldoi batek jomugan jarri ditu. Konpromisoari eta lan onari esker, ordea, erronkari eutsi egin diote", goraipatu du sindikatuak, ohar batean.