Zenbait hamarkadaz ia desagertuta egon ondoren, apurka-apurka igaraba (Lutra lutra) lurraldea berreskuratzen ari da. Iberiar penintsula osoan ematen den bilakaera da, eta Araban ederki islatzen da hori.
Gaur egun, gurean, ibaiak dauden leku gehienetan daude ugaztun horiek, gaiaren bueltan egin duten azken zundaketaren emaitzen arabera. Ostegunean aurkeztu zituzten datuak, Gasteizko Atarian, La nutria en España liburuaren aurkezpenean. SECEM Ugaztunak kontserbatu eta aztertzeko Espainiako elkarteko biologo Santiago Palazonek azaldu duenez, mila lagunek baino gehiagok parte hartu dute ahalegin erraldoi horretan, eta 8.000 tokitan baino gehiagotan egin dituzte azterketak. Arabaren kasuan, Iñaki Galdos arduratu da koordinazioaz. Orotara, 192 laginketa egin dituzte, lurraldea bereizteko 10×10 kilometroko 37 UTM laukitan banatuta. Ikusi dutenez, lauki horien %95ek dute igaraben aztarnaren bat.
Kanpotik ikusita aztarna horiek aurkitzea zaila izan daitekeela ematen duen arren, biologoak dio beste zenbait ugaztun jarraitzea baino errazagoa dela. "Igarabek lurraldea markatzeko joera handia dute; adibidez, ibaietatik aise ikusten diren arroketan kaka egiteko ohitura dute". Batez ere, arrasto horien bila abiatzen dira laginketetan parte hartzen duten boluntarioak, baina badira beste arrasto mota batzuk ere. Kasurako, igarabek ibaien ertzetan iraulkatzeko joera dute, eta arrastoak aise ikusten dira, begirada trebatua izanez gero. "Eta, batzuetan, begi hutsez ere ikus daitezke, dagoeneko gizakiari zioten beldurra galtzen ari direlako pixkanaka", azaldu du Palazonek.
Herritar zientziaren adibide bikaina dela uste du biologoak. "Lagun hauei hainbat kontu irakasten zaizkie laginketa horiek taxuz egin ahal izateko; batez ere igarabarenak ez diren arrastoetatik bereizteko. Protokolo baten arabera aritzen dira, guk proposatutako puntuetara". Datu horiek guztiak zentralizatzen dituzte gero, eta horien analisia egin.
Onerako bidean
Jasotako emaitzek argi erakusten dute berreskurapenaren bidea urratzen ari dela. Egin duten laugarren azterketa zabala da hau, 2014-2018 urte tartean jasotako emaitzekin. Aurretik beste hiru laginketa egin ziren —1980ko, 1990ko eta 2000ko hamarkadetan, hain zuzen—, eta panorama ilunagoa marrazten zuten; baina, beti ere, onerako joera batean.
Gure probintzian, bigarren eta hirugarren laginketek adierazten zuten espeziea lurraldearen hegoaldeko erdialdean baino ez zegoela, isurialde mediterraneoko ibaietan. Baina egoera desberdina da orain, eta Gizpuzkoara eta Bizkaira ere zabaltzen hasiak dira.
"Nafarroan eta Araban gertatu den berreskurapena bereziki garrantzitsua izan da. Gipuzkoan, momentuz, oso gutxi daude; Bizkaian, asko ez, baina Gipuzkoan baino gehiago badira", argitu du adituak.
"Joera garbia dago: Arabako ibai gehienetan igarabak daude gaur egun". SANTIAGO PALAZON, BIOLOGOA
Norabide horretan, gogoratu beharra dago urte honen hasierarekin batera Aiaraldeko naturazaleak pozik agertu zirela, fototranpeo teknikaren bitartez aurrenekoz igaraba baten irudia lortua zutelako Izoria ibaian.
"Joera garbia dago, bai. Arabako ibai gehietan daude gaur egun: Ebro, Zadorra, Baia... eta baita Kantauriko isurialdera doazen ibaietan ere", zehaztu du Palazonek.
Ingurumenaren alorrean izan diren zenbait hobekuntza ezinbestekoak izan dira espezieak aurrera egin dezan. "Euskadin espeziea ia-ia desagertua zegoen, ehiza zela eta. Baina uraren kutsadura ere faktore garrantzitsua izan zen. Garai batean asko ziren uretara botatzen ziren metal astunak, edota PCB organokloratuak". Biologoaren hitzetan, kutsadura horrek zuzenean eragiten zuen igaraben ugalketa gaitasunean. Bestetik, batez ere arrainak jaten dituztenez, horien falta ere nabaritu zuten.
Modu berean, espezieak baliatzen dituen habitatak ere pixkanaka berreskuratzen hasiak dira. Hobekuntza horiek egunotan ondo bidean diren arren, orain arazo nagusiena errepideetan izandako harrapaketei dagokiena da, eta horretan hobekuntzarako bide luzea geratzen da oraindino.
Kopuru ezezaguna
Zenbat igaraba patatero egongo dira, bada? "Ez dakigu", aitortu du biologoak. "Egin duguna presentzia egiaztatzeko edo ezeztatzeko azterketa izan da". Bestetik, animalia hauek ere ez dituzte mugak ezagutzen, eta "asko Errioxan edota Nafarroan" lasai asko mugituko dira, errenta aitorpena nori egin behar dioten kezkatu gabe.
Animalia bakartiak direla dio Palazonek. Horregatik, noizbait bat baino gehiago ikusiz gero, seguruenera ama eta kumeak izango dira, ia-ia amaren tamaina izan arte daudelako harekin. Edo bikote bat, araldi garaian egonez gero.
Gainerakoan, arrainak edo ibai ertzetako harrapakin txikiak jaten ematen dute eguna. Araban horiek ez badaude ere, mendi garaietako lakuetara igotzen dira batzuetan, igelak jatera. "Ehizatu, pozoitsua den azala kendu, eta barrukoa jaten dute". Argi dago ondo dakitela moldatzen. Horretan bederen gure parekoak dira.