Igaraba baten lehen irudia lortu dute Aiaraldean

Erredakzioa 2022ko urt. 7a, 12:46

Ezkutuko kamera baten bitartez lortu dute bideoa. NATURAYALA

Espezie honetako ale bat bideoan grabatzea lortu dute Aiaraldeko naturalistek. 1980ko hamarkadatik espeziea desagertutzat jota zegoen eskualdean.

Urte hasierak ezusteko oparia ekarri die Aiaraldeko biztanleei. Izan ere, aurrenekoz igaraba baten (Lutra lutra) irudia lortu dute eskualdean. Naturayala blogean eman dute behaketaren berri.

Bertan azaldutakoaren arabera, animalia hori eskualdean zegoelako zantzuak baziren aurretik, baina aurreneko aldia da horren irudi bat lortzen dutena. 1980ko hamarkadatik espeziea desagertutzat jo izan da Aiaraldean, Arabako beste zenbait lekutan mantentzen den arren.

2014an Laudioko bizilagun batek igaraba baten testigantzaren berri eman zuen, egun argiz barbo bat jaten ari zela ikusi zuenean. 2007an, berriz, Javier Lopez de Luzuriagak Izoria ibaiaren inguruan animalia horren hainbat gorotz atzeman zituen, bisoi espezieen gaineko laginketa bat egiten ari zenean. Azkenik, 2020ko udaberrian Baranbion auto batek harrapatutako ale baten berri izan zuten, Altube ibaitik gertu. Oraingo irudiekin, espeziearen presentzia erabat baieztatzeko moduan izan dira.

Fototranpeoaren teknika baliatu dute horretarako, ezkutuko kamera baten bitartez. Blogaren inguruan biltzen diren naturazaleek abagunea baliatu dute salatzeko eskualdeko ibaien "egoera tamalgarria", eta nabarmendu dute igarabaren parean zabor mordoa ikusten dela. "Baina aintzat har dezagun oraingoz irudi hau, gure ibaiak zein horien inguruan bildutako fauna eta flora berreskuratzeko itxaropenarekin batera", gaineratu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago