Peli Romarategiren 100 urteak ospatuko dituzte

Erredakzioa 2022ko urt. 17a, 17:14
Peli Romarategi, Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan. / Vital Fundazioa

Misiolari arabarraren bizitza eta lana bildu dituzte erakusketa batean, ehundik gora irudiren bidez.

Hilaren 30ean 100 urte beteko ditu Peli Romarategik, Gasteizko misioilari zaharrenak. Hori ospatzeko, Vital Fundazioa erakusketa-zentroak bere bizitza eta obra zabala ezagutzera emateko erakusketa antolatu du. Peli Romarategi misiolari eta artistaren 100 urte izenburupean, erakusketa zabalik egongo da otsailaren 13ra arte. Bisitaldi gidatuak eta hitzaldiak ere izango dira osagarri.

1922an Errementari kalean jaiotako misiolari honek bat egin zuen Gasteizko Elizbarrutiak 40ko hamarkadan behartsuenak ziren herrialdeetan misioak bultzatuz abiarazi zuen apustuarekin. Arte eta Ofizio Eskolan ikasi zuen, eta, gaur egun Bibat Museoa den Bendaña Jauregian zegoen Agirreren oinordeko tailerretan hasi zen ebanisterian lanean. Vatikanoko tailerretatik eta Madril, Bartzelona eta Bilboko beste eskola eta lantegi batzuetatik igaro ondoren, bere obra erlijiosoa hobetzeko teknika berriak aurkitu zituen: egurra, beira, zeramika, esmaltea, kobrea, mosaikoa, turkesa, korala edo tagua, besteak beste. Bere lan gehienak Ekuadorren egin zituen.

Garai bereziki zailean (gerra zibila eta gerraostea) Peli dantzaria eta euskalduna zen eta euskal kulturari emandako babesak kartzela ekarri zion. Ekuadorren, elizbarruti sortu berri eta ororen premian, kaperak eta etxeak jantzi eta duintzen zituen bere mural eta beirateekin. 

Fernandez de Romarategik 180 obra baino gehiago sortu ditu, besteak beste, beirateak, mosaikoak, sagrarioak eta aldareak elizetan, baita eskoletan eta laguntza-zentroetan ere, Ekuadorren batez ere. 1988an Euskadira itzuli ondoren, Urkiolan egin zuen lan, euskal elizbarrutiek santutegi hori eskaintzen baitzieten itzultzen ziren misiolariei. Han dago bere lanik adierazgarriena. 

Hitzaldiak eta bisita gidatuak

Gasteizko Seminarioko apaiz-egoitzan bizi den ehun urteko misiolari honen bizitzari eta ondare artistikoari buruz zenbait hitzaldi antolatu dituzte Vital Fundazioa Kulturunean.

Ostegunean, hilaren 20an, Juan Ramon Etxebarria misiolari arabarrak Peli Romarategik Ekuadorretik igaro ondoren utzitako mural eta beirateetatik egingo du ibilbidea, hura izan baitzen misiolari izan zuen lehendabiziko bizilekua eta 33 urte zituenetik 66 bete arte izan zen bertan. Hurrengo ostegunean, urtarrilaren 27an, Pablo Mora ekuadortar artisauak Manabiko probintzian dagoen Andeetako Maria Auxiliadora Pedernales-eko elizako beiratearen berreraikuntza aztertuko du, 2016ko lurrikararen ostean kalte larriak jasan zituen-eta. Otsailaren 3an, mahai-inguru baten txanda izango da. Bertan, horma-arteak gaur egun fedearen transmisioan duen balioaz eztabaidatuko da, eta hizlari izango da Monsinore Nestor Herrera Heredia, Machalako gotzain emeritua.

Era berean, urtarrilaren 16an eta 30ean, igandeak, (Pelik 100 urte beteko ditu 30ean), 12:30ean, erakusketa ikusteko bisita gidatuak izango dira, gehienez ere 20 laguneko taldeentzat eta hitzordua aldez aurretik eskatuta. Bisita horietarako erreserbak www.fundacionvital.eus webgunearen bidez egin daitezke.

Erlazionatuak

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide