Peli Fdz. Romarategi

"Kartzelan ikasi nuen euskaraz, irakasle onenarekin”

Anakoz Amenabar 2015ko eka. 16a, 02:00
Peli Fdz. de Romarategi, Gasteizko apaiz etxean. / A. Amenabar

Loma Jeneralaren plazan dagoen apaiz egoitzan bizi da Peli Fernandez de Romarategi (Gasteiz, 1922). Apaiza ez bada ere, bizitza erlijioari estuki lotua izan du, tartean misiolari gisa Ekuadorren hiru hamarkadaz.

Eguneroko otoitzekin batera, irudi erlijiosoen mosaikoak ere badarabiltza gaur egun esku artean, arotza baita ofizioz eta afizioz. Abertzalea sentitzen dela dio eta, ororen gainetik, euskaltzalea.

Erraza al da Gasteizen euskaraz egitea?

Erraza ez, baina nik egiten dut. Egunero joaten naiz igerilekura eta han entzuten dut eta egiten dut.   Gipuzkoarra naizen galdetzen didate. Ez, jauna, arabarra naiz. Hemen, apaizen erresidentzian, aukera gutxi daude, bakarrik Felix Placer apaizarekin egin dezaket, eta egiten dut, noski. Meza, goizero, gaztelaniaz entzun behar dut, ez daukat beste aukerarik, kantaren bat edo beste ez bada... Gustatuko litzaidake aukera gehiago izatea. Eta familian dakitenekin beti; bilobekin, beti euskaraz egiten dut. Eta irakurri ere euskaraz egiten dut tarteka; goizero erlijio liburuak irakurtzen ditut eta nobelaren bat edo beste ere bai; Bernardo Atxagaren Obabakoak adibidez, hiztegia beti alboan dudala hala ere... Arantzazuko egutegia ere badut, eta egunero irakurtzen dut.

Gasteizko lehenengo ikastolan izan zinen. Gogoan dituzu eskola haiek?

Bai, oroitzapen politak ditut. Lehendabizi Posta kalean izan genuen eta gero Zapateria kalean; hogeita hamar bat haur izango ginen. Pilar Landaburu izan genuen irakasle. Solidaridad de Obreros Vascos sindikatuaren –ELA sindikatua gaur egun– ekimenez jarri zuten martxan, eta hantxe izan ginen hiru bat urtez. Euskara gutxi genuen han, hala ere; gauean, eraikin berean, "Gaztetxu" izeneko programa genuen, eta han bai, dantza, musika eta beste saio batzuk izaten zituzten euskaraz. Sindikatuaren ekimenez jarri zuten martxan hori ere. Han hasitakoa, ordea, bertan behera geratu zen Francorekin; 1936ko uztailean amaitu ziren euskal eskola hartako plan guztiak.

"Francorekin, 1936ko uztailean amaitu ziren Gasteizko euskal eskola hartako plan guztiak"

Ondorengo urteetan euskara irakasle bikainak izan zenituen.

Bai, primerakoak. Haurra nintzela izan nuen lehendabiziko hartu-emana euskararekin, baina benetako euskara eskola kartzelan izan nuen. Urte eta erdi egon nintzen kartzelan eta han, tarte batez, euskara irakasle onena izan nuen, Andoni Urrestarazu  Umandi. Denbora ondo aprobetxatu genuen behintzat. Kontzientziatzeko ere balio izan zuen horrek. Hark eman zizkigun lehenengo gramatika eskolak; libururik ez genuen orduan, buruz ematen zigun dena eta guk gure koadernoetan jasotzen genuen.

Ikurriña bat jartzeagatik izan zinen kartzelan, ezta?

Bai, ikurrina jarri eta protesta egiteagatik. 1947an izan zen. Fray Francisco de Vitoria domingotarraren omenez monumentu bat inauguratu zuten, Gasteizko Senda paseale kuan, gaur egun ere badagoena. Franco etorri zen inauguratzera eta istiluak izan ziren; ikurrina atera genuen eta erbesteratuentzat mugak zabaltzeko eskatzen zuen pankarta bat ere jarri genuen. Soldaduska egiten nenbilen garai hartan eta inauguraziora etorri nintzen; atxilotu gintuzten, sei lagun, eta urte eta erdi egin genuen kartzelan.

Politika gertutik bizi izan duzu?

Politika ez hainbeste, EAJrekin batera aritu izan naizen arren; baina gaur egungo EAJ ez da garai batekoa... Abertzalea sentitzen naiz, hori bai, baina batez ere euskaltzalea. Hori defendatzen dut.

Misiolari ere izan zinen Ekuadorren. Nolatan erabaki zenuen joatea?

Jose Mari Zunzunegi Zestoako semea ezagutu nuen, eta hark animatuta joan nintzen. Misiolari laiko moduan joan nintzen, jendea laguntzeko asmoarekin. 1955. urtean joan nintzen eta Los Rios eta Manabi probintzietan aritu nintzen. Hiru hamarkada baino gehiago egin nituen han, arotz moduan lanean.

Non ikasi zenuen ofizioa?

Aurretik Arte eta Lanbide eskolan ibili nintzen, gauetan, eta han ikasi nituen hainbat kontu. Ikasitakoarekin, Ekuadorren hainbat proiektutan parte hartu nuen; hainbat azpiegitura lan egin genituen. Euskararekin jarraitu zenuen han? Bai, kartzelan hartutako apunteekin eta ondoren Urrestarazuren etxean ere ikasitakoekin joan nintzen Ekuadorrera eta han ere praktikatzeko aukera izan nuen. Gipuzkoa aldeko hainbat lagun izan ziren han eta eurekin euskara hobetzeko parada izan nuen.

Eta erlijioarekin zer nolako harremana izan zenuen urte haietan?

Gertutik bizi izan dut, baina ingurukoengatik gehiago. Katekesi eskoletan parte hartu nuen, mezetan, baina ez da ardatza izan. Fededuna naiz, baina beste lan batzuk egin ditut, ez da lehentasuna izan; Gasteizko apaiz egoitza honetan ni naiz apaiza ez den bakarra, baina onartu egin naute egindako lanagatik kar kar.   

Ekuador utzi eta Urkiolako santutegian ere izan zinen, ondoren?

Bai, Urkiolan ere lanetan ari ziren bete-betean heldu nintzenean, eta han hasi nintzen. Pentsa zelako aldaketa! Tropikoa atzean utzi eta Urkiolako hotzetara ohitu behar nuen! Garai bateko negu haietara gainera kar kar kar... Urkiola beti zegoen itxita elurragatik. Baina pozik izan nintzen eta hainbat lan egin nituen; besteak beste, eraikin nagusiko beirateak prestatzen. Jose Mari Muñoz artistak marraztu eta nik moztu eta muntatu egiten nituen beirak. Han  ere euskaraz aritzen noski, baina arazo batzuekin; etxeko andreari ez nion ezer ulertzen! Nik dakidana gipuzkera forma zen eta asko kostatu zitzaidan hango hizkerara ohitzea.   

Eta, oraindik ere, lanean jarraitzen duzu?

Bai, tarteka eskulan batzuk egiten ditut. Orain egiten ari naizen lantxo hau monjek eskatu didate, prestatzen ari diren festa batetarako. Gustatzen zait tailer honetan egotea; musika  entzun bitartean lasai egoten naiz kontu hauek egiten.

Atseden gutxi duzu, beraz.

Denbora gutxi dut aspertzeko, egia esan. Honekin amaitutakoan igerilekura joango naiz eta beste hainbat kontu ditut ondoren. Urkiolan hogei urte egin eta gero Gasteizera heldu nintzen duela bost, baina oraindik tarteka gustatzen zait bertara joatea eta asteburuan horretarako aukera izango dut; larunbatean joateko asmoa dut, San Antonio eguna -ekainak 13- ospatzera eta behar duten guztian laguntzera.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide