Aste honetan SER irratiak argitaratu duenez, Arabako Txakolinaren kontseilu arautzaileak baimena eskatu du bere jatorrizko deituraren araudia aldatzeko eta, horrela, bere ardo zuria latan merkaturatu ahal izateko, ohiko beirazko botilaren ordez. Hilabete gutxi barru Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak beren ebazpena eman beharko dute.
Jose Antonio Merino Arabako Txokolinako gerenteak SER irratiari azaldu dionez, formatua 25 zentilitroko aluminiozko lata bat izango litzateke —dosi bakarrekoa—, serigrafiatua, lau latako kutxatila batean eta sei kutxatilako kaxa batean doana. "Oso aurkezpen polita da. Gure egileentzat beste aukera bat dela uste dugu, eta horretan ari gara", azaldu du.
Arabako ardogileek hartutako erabakiaren arrazoi nagusia AEBetako bezeroen eskariari erantzutea da. Izan ere, txakolinaren ekoizpenaren laurden bat atzerrian saltzen da, eta Estatu Batuak bezero nagusia dira —baina ez bakarra—. "Ikaragarria da bertan dagoen merkataritza, eta horixe lortu nahiko genuke aldaketa horiekin. Ea zortea dugun eta funtzionatzen duen", esan du Merinok.
Kritikak
Nolanahi ere, Bizkaian eta Gipuzkoan ez dute ondo hartu Arabako Txakolinaren apustua, eta kritikak nagusitu dira. Alde batetik, Getariko Txakolinak baztertu egin du txakolina latan saltzea, beirazko botiletan saltzen jarraituko du, eta "errespetatzen" badu ere, ez dator bat Arabako kideen erabakiarekin.
Bestalde, Bizkaiko Txakolinak erabakia kritikatu du, eta nahiago du beirazko botila mantentzea, "produktuaren kalitatearen adierazle eta bereizgarri gisa". Izan ere, ontzi horietan merkaturatzen diren ardoak "prezio baxuagokoak eta beste bezero batzuentzat" izaten direla uste dute.