Salbuespeneko espetxe politikaren amaiera exijitzeko hamaika hitzordu Araban

Erredakzioa 2022ko urt. 7a, 12:30

Sare Herritarraren 2021eko mobilizazioetako bat, Kanpezuko plazan. / ALEA

Aurten ere, larunbat honetan, espetxe politika berri baten aldeko mobilizazioak herrietara eramango ditu Sare Herritarrak. Arabako mobilizazioak Agurain, Bastida, Laudio, Gasteiz, Guardia, Espejo, Kanpezu, Legutio, Trebiñu, Murgia eta Zigoitiko plazetan izango dira.

Bigarren urtez jarraian, aurten ere ezinezkoa izango da urtero Bilbon antolatu ohi den manifestazio erraldoia egitea, Covid-19aren osasun krisia dela era. Hortaz, Sare Herritarrak herriz herri antolatu ditu biharko deialdiak, Elkarbizitzarako, bakerako, etxerako bidean lelopean.

"Euskal presoek eskubideen urratze egoera pairatzen dute, %50 baino gehiago oraindik urrun baitago; graduen progresioa blokeatuta dago; fiskaltzaren helegiteak daude espetxe-baimenak eragozteko. Horrekin guztiarekin, arrazoi objektiboak daude kalera ateratzeko eta salbuespeneko espetxe politika honen amaiera eskatzeko", adierazi du Sarek, mobilizazioen atarian.

Goizean hainbat ekitaldi izango dira Euskalduna Jauregian (Bilbo), eragile politiko, sindikal eta sozialen ordezkaritza zabalarekin. Bertan izango dira, besteak beste, EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemos alderdi politikoak; ELA, LAB, UGT, CCOO, STEILAS, ESK, Etxalde, HIRU, CGT, CNT eta ENHE sindikatuak; Arartekoaren Bulegoko ordezkaritza bat; eta giza eskubideen defentsan lan egiten duten elkarteen ordezkaritza zabala. Halaber, Kataluniatik eta Galiziatik ERC, Junts, CUP, ANC, Omnium, Consell per la Republica eta BNG taldeek bertaratzeko asmoa helarazi diote Sareri, betiere osasun egoeraren arabera.

Mobilizazioak, herriz herri

Iaz bezala, giza-kateak, mosaikoak, manifestazioak, ekitaldi musikatuak... aniztasuna ez da faltako mobilizazio berezi honetan. Arabaren kasuan, hiriburuan eta beste hamar udalerritan era guztietako deialdiak izango dira arratsaldean, 16:00etatik aurrera, eta mobilizazio gehienak —baina ez guztiak— 17:00etan izango dira:

  • Gasteiz:
    • Zutabeak: 16:00etan Europa Jauregitik, 16:30ean San Juan elizatik, 16:30ean Iparralde gizate etxetik.
    • Manifestazioa: 17:00etan Artium Museotik. 
  • Agurain: 17:00etan San Juan plazan.
  • Bastida: 13:00etan herriko plazan.
  • Laudio: 18:00etan Aldai plazatik (Aiaraldeko mobilizazio nagusia).
  • Guardia: 17:00etan Plaza Nagusitik.
  • Espejo: 17:00etan frontoian.
  • Kanpezu: 13:30ean herriko plazatik.
  • Legutio: 17:00etan herriko plazan.
  • Trebiñu: 17:00etan Trebiñuko plazan.
  • Murgia: 17:00etan udaletxeko plazan.
  • Zigoitia: 17:00etan Bengolarrako izkinan.

Iazko urtarrilean, Bidea gara lelopean eta elurrari aurre eginez, espetxe politika aldatzearen aldeko mobilizazioak izan ziren Arabako hamabost herritan. Eguneko irudiak bildu zituen ALEAk, bideo batean eta argazki galeria batean.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago