Britainiar uharteetako tumulu batean ehortzitako 35 lagunen DNAren analisi esker, duela 5.700 urte inguru bizi izan zen familia handi baten nondik-norakoak argitu dituzte. Historiaurreko familia baten antolaketa zehaztasun handiz deskribatzen duen lehen ikerketa da hau.
Nature aldizkarian argitaratutako zientzia artikulu batean eman dute ikerketaren berri. Iñigo Olalde genetista arabarra arduratu da analisi genetikoak egiteaz. Hainbat urtez atzerrian izan ondoren, EHUn lanean ari da orain, Ikerbasque programaren baitan. Duela bi hilabete ALEAn aurreratu zuenez, ikerketa horretan gizonezko baten eta lau emakumeren arteko ugalketaren ondorioz sortutako familia oso baten harremanak zehaztasun handiz azaltzeko moduan izan dira. Familia hori Kristo aurreko 3.700-3.600 urte bitartean bizi izan zen, gutxi gorabehera Britainiar uharteetara nekazaritza iritsi eta mende batera, hain justu.
Gloucestershireko (Erresuma Batua) Hazelton North izeneko Neolito aroko hilobi handi batean ehortzitako 35 lagunen aztarna genetikoaren analisiari esker ondorioztatu dute horietatik 27 familia biologiko bereko kideak zirela. Informazio genetikoa eta arkeologikoa batuz, familia patrilineala zela iradoki dute, oro har gizonezkoak aitarekin eta anaiekin batera ehortziak izan zirelako. L itxurako bi ganberez osatutako egitura da ikertu dutena. Bi emakumeren ondorengoak ganbera batean ehortziak izan ziren, eta, beste ganberan, gainontzeko bi emakumeenak. Ikertzaileen ustez, horrek adierazten du ama bakoitzaren azpileinu hauek nolabaiteko bereizketa izan zutela. Arkeologiarako ere oso zantzu garrantzitsua da, hilobiaren arkitektura eta harreman genetikoak batera doazela argi erakusten delako.
Bide beretik, eskuratutako informazioak pentsarazten du ere helduarora heltzen zirenean emakumeak beste norabait joaten zirela. Izan ere, hilobian bi alaba ehortziak izan ziren, baina biak neska gazteak ziren. Ez dute aurkitu, ordea, ugaltzeko adinean zegoen alaben arrastorik. Horregatik, ikertzaileek uste dute horiek haien bikoteekin batera beste nonbait ehortziak izan zirela. "Ikusi dugunez, behin ugaltzeko garaian daudela, neskek alde egiten dute. Seguruenera haien familia politikoarekin batera ehortzita egongo dira", argitu du Olaldek. "Oso interesgarria izango litzateke ikertzea ea gertuko hilobietan emakume horiek ehortzita ote dauden. Argitzeko dagoen zerbait da".
Antropologoek patrilokalitate gisa ezagutzen dute fenomenoa da, eta isotopoen analisian oinarrituta, aurreko ikerketek erakutsi dute Europako Neolitoan zabalduta zegoen praktika zela. Hilobi horretako familia patrilinealtasunean oinarritzen bazen ere, ehortzitakoen kokapenagatik jakin dute lehen belaunaldiko emakume baten ondorengoen kokapena ezberdina zela. Hortaz, uste dute lehen belaunaldiko emakume horrek garrantzi berezia izan zuela taldean.
Familia politikoarekin lotura biologikorik ez zuten zortzi lagunen kasuan ere informazio baliotsua eskuratu dute. Familiarekiko lotura genetikoa ez izanda ere, arkeologiak argi erakusten du leinu horretan egotea ahalbidetu zietela. Hortaz, harreman biologikoaz harago zihoazen arrazoiak egon behar ziren hilobi horretan egoteko. Leinuak semeordeak adoptatu izana da azalpenik agerikoena.
Horietatik hiru emakumeak ziren, eta ikertzaileek uste dute litekeena dela hilobi horretan ehortzitako gizonezkoren batekin ere lotura eduki izana, baina ondorengorik eduki ez izana. Proposatu dutenez, agian emakume horiek ez zuten seme-alabarik izan, edo, izatekotan, helduaroan beste norabait joan ziren.
Nature aldizkarian argitaratutako beste ikerketa batean, berriz, argitu dute Brontze eta Burdin aroan Europatik uharteetara migrazio handi bat gertatu zela. "Ez dakigu migrazio hori bat-batekoa izan ote zen, ala hainbat belaunalditan zehar gertatu zen", ohartarazi du Olaldek. Baina, adituak dioenez, ikerketa horren ekarpen interesgarrienetakoa da zehaztasun handiz datatu ahal izan dutela laktosarekiko tolerantziaren auzia. "Kristo aurreko 800 urtearen inguruan gertatu zen, Britainiar uharteetan bederen", azaldu du. Hasieran uste zen mutazio hori Neolitoan izan zela, baina gero eta argiago dago askoz berriagoa dela. "Hautespen natural oso indartsua gertatu zen. Arrazoia ez dakigun arren, zerbait gertatu zen laktosarekiko tolerantzia ahalbidetzen zien mutazioa zuten lagunei izugarrizko abantaila eman ziena", nabarmendu du Olaldek.