Arkeologoen aitortza jaso du Paquita Saenz de Urturik

Erredakzioa 2021ko abe. 18a, 14:08

Saenz de Urturik gaur jaso du saria. RAUL SANCHEZ RINCON

Enrique Eguren saria iaz eman bazioten ere, orain arte ezin izan dute ekitaldia ospatu. Ondarearen aldeko bizitza oso bati emandako aintzatespena da. 

Paquita Saenz de Urturik gaur goizean jaso du AAI Arkeologiarako Arabar Institutuak emandako Enrique Eguren saria. Arabako Batzar Nagusietako presidente Pedro Elosegik eman dizkio lurraldeko arkeologoen esker ona adierazten duten diploma eta eskultura.

Diploma horretan jaso dute sariaren muina. "Zure irudiak zure ibilbide guztian zehar transmititutako baloreak erakusten dizkigu. Araban gaur egun ezagutzen dugun arkeologia profesionalaren garapenak barnebiltzen du. Gure lurralde historikoko ondare arkeologikoa babesteko eta gizarteratzeko egin dituzun lanak erabakigarriak izan dira Arabako gizarteak aintzat har ditzan".

AAIk bi urtean behin ematen duten saria da gaur ospatu dutena. Iazko urtearen amaieran ezagutarazi bazuten ere, osasun egoera zela eta, atzeratzea erabaki zuten. AAIko presidente Rafa Varonek ALEAri azaldu zionez, aurten "merezi duen moduko omenaldia egin ahal izatea" espero zuten, "arkeologo guztien etxea den Arkeologia Museoan". Gaur izan da egun hori. 

Saenz de Urturi 1969an hasi zen arkeologiaren munduan, Dulantziko Castro de Henaio herrixkan. Arabako arkeologian urte gehien daramatzan ikertzaileetako bat da. Gasteizko Mariturri eta Arkaia aztarnategietan, Lermandako Legardagutxi herri hustuan, Gasteizko eta Guardiako hirigune historikoetan edo Gaubeako Castros de Lastra aztarnategietan lan egin du, besteak beste.

Erlazionatuak

"Gozamena da lokatz artean zeramika puskak aurkitzea"

Estitxu Ugarte Lz. de Arkaute 2018 mar 18 Araba

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago