Rafa Varon

"Komunitatean egindako arkeologia indartu nahi dugu"

Juanma Gallego 2021ko abu. 11a, 12:00

AAI Arkeologiako Arabar Institutuko presoidentea da Rafa Varon. / Juanma Gallego

Arabatik igarotzen zen erromatar ibilbidea berreskuratzen dabil Rafa Varon, eta horretarako teknika berritzaileak erabiltzen ari da. Kezka berezia du ondarearen espoliazioarekiko, eta arlo horretan jardun kriminalari lotutako profesionalen presentzia handiaz ohartarazi du.

ArkeoClio markaren bidez, bere kabuz dabilen arkeologoa da Rafa Varon (Miranda Ebro, 1971). Deobriga eta Larrara dira inguruan gehien ezagutzen dituen tokiak, baina azken urteetan Araban aztarnategi askotan ibilitakoa da, tartean Iruña-Veleian. AAI Arkeologiarako Arabar Institutuko presidentea izanik, ondare materialaren gaineko kudeaketa ere gertutik ezagutzen du.    

@Deob71 zaitugu Twitterren. Nondik dator izen bitxi hori?

Deobrigatik hartu dut izena. Izan ere, nire hasierako ikerketak Miranda Ebron dagoen erromatar aztarnategi horri lotuta egon dira. Oso leku interesgarria da: hasieran kastro autrigoi bat baino ez zen, baina gero, Kristo aurreko II. mendearen bueltan, oppidum bihurtu zen, eta, ondoren, 26 hektareako hiri erromatarra eraiki zuten. Pena da oso zati txikia induskatu dugula, besteak beste, jabetzaren gaineko arazoak daudelako. Paper-fabrika baten lurrak dira, enpresa hori hartzekodunen konkurtsoan egon arren. 2011n Arkeologiarako Arabar Institutuak diru kopuru bat bideratu zuen kastroan induskatzeko, baina ez genuen baimenik lortu. Tira, erantzunik ere ez genuen jaso!

Zer dakigu autrigoiei buruz?

Egia esanda, oso gutxi. Bureban dute abiapuntua, Virovesca inguruan –gaurko Briviesca (Burgos)–, baina itsasoraino zabaldu ziren. Bilbo eta Castro Urdiales, adibidez, autrigoien eremuan daude. Ez dirudi gaizki moldatzen zirenik inguruan zituzten karistiarrekin eta beroiekin. Jakin badakigu erromatarrek autrigoiak erabili zituztela casus belli gisa kantabroen aurkako gerretan, eta Sertorioren gerretan ere agertzen dira, zaldun gisa, Ponpeioren alde.

Azken urteetan Dulantzin ibili zara. Zer aurkitu duzue bertan?

Orain arte sei kanpaina egin ditugu Larraran. Eliza erromanikoaren oinak aurkitu ditugu, eta baita horren azpian zegoen nekropoli kristau bat ere. 800-900. urteen inguruan hasita eta XIV. mendera arte herria populatuta mantendu zen. Orduan, Dulantziri hiri-gutuna ematearekin batera, populazioak behera egin zuen, herri hustua bihurtu arte. Baseliza gisa mantendu zen 1860ko hamarkadara arte; orduan, espoliatua izan zen, eta hondoa jo zuen. Aurkitutakoaren artean, deigarriena izan da harrian txertatutako dolare bat; seguruenera ardo dolarea zen, mahats haziak ere aurkitu ditugulako.

Arkeologiarako Arabar Institutuak aurten Arabako domina jaso du. Nola hartu duzue?

Egia esatea nahi baduzu, deitu zidatenean esanez diputatu nagusiak nirekin hitz egin nahi zuela, pentsatu nuen: "ai ama, ea oraingoan zer apurtu dugun!". Baina diputatuak esan zidan institutuari eta Armando Llanosi ematen zietela Arabako domina, eta kristoren poza hartu nuen. Etxean saltoka hasi nintzen mahaiaren bueltan, eta zuzendaritza taldekoei komunikatu nienean, whatsapp taldean emozio berezia hautematen zen. Tamalez, pandemiarekin ospakizuna oso formatu txikian egin behar izan genuen, eta pena izan zen, diskurtsoen ondorengo hartu-emanetan dagoelako halako ospakizunen funtsa. Antzeko zerbait gertatu zaigu Paquita Saenz de Urturiri eman diogun Enrique Eguren sariarekin. Espero dugu datorren urtean merezi duen moduko omenaldia egin ahal izatea, arkeologo guztien etxea den Arkeologia Museoan.

Sare sozialetan institutuaren jarduna gero eta handiagoa da...

Bai, hainbat gazte sartu dira, eta horiei esker sare sozialak eta komunikazioa indartzen ari gara. Lan bikaina egiten ari dira, eta euskararen erabilera ere aktibatu dute; egiteko genuen zerbait zen. Tabernetan egindako hitzaldien formatua jorratzen hasiak gara ere. Oro har, lan handia da, are gehiago kontuan izanda hemen ez dagoela inor kontratatua, eta dena auzolanean oinarritzen dela. Egia esanda, ni presidentea naiz, baina daukadan zuzendaritza-batzordearekin oso lan gutxi egiten dut. Esaten didatenari baietz esan… eta, tira, zenbaitetan oztopoak jarri ere!

Bisitaldi ugari ere egiten ari zarete. Zer moduz horiekin?

Aurten sei irteera egin ditugu, eta horietako bat errepikatu behar izan dugu, Markizko bizilagunak haien herriko bisitaldira joateko aukerarik gabe geratu zirelako. Arkeologo bezala, oso esperientzia polita da interesa duten 25-30 bat laguneko talde bati zuk landutako aztarnategi baten gaineko azalpenak ematea. Gainera, bazkideak erakartzeko bide ona dira. Izan ere, haientzako bisitaldiak doakoak dira, eta bazkide ez direnentzat, bost eurokoak. Guztiak egiten badituzu, ia-ia bazkide kuotaren berdina da.

"Espoliazioaren profesionalak gure lurraldean sartzen hasiak dira"

Zer asmo dituzue etorkizunerako?

Orain egiten ari garen hainbat gauza finkatu nahi ditugu, eta baita gauza berriak egin ere. Izan ere, bazkideen eta direktibaren aspaldiko kezka honakoa da: AAI izanda, arkeologia pixka bat ere egin beharko dugu, ezta? Hainbat aukera aztertzen ari gara. Gure kideei kontsulta egin nahi diegu, dituzten interesen arabera gauzak martxan jartzeko. Ohiko indusketez gain, badira hainbat gauza etxean bertan egin daitezkeenak: aireko argazkiak edo informazio geografikoa berrikusi, toponimoen inguruko informazioa landu… funtsean, arkeologia komunitatean egitea.

Erdi konbentzituta naukazu. Metal detektagailu bat erostea ideia ona al da?

Bai zera! Jakin badakizu gaia ateratzen denean niri beti biraoak ateratzen zaizkidala, baina aitortu beharra dago badagoela jendea intentzio onarekin erosten duena, ustez zerbaitetan lagundu dezakeela. Detektagailua proiektu arkeologiko batetik kanpo erabilita, izugarrizko triskantza egingo zenuke. Pieza bat lurretik hartzen baduzu, inguruan duen testuingurua apurtzen duzu, eta informazio hori betirako galdu egingo da. Testuingurutik kanpo, erromatar garaiko iltze batzuek edo Gerra Zibileko munizio arrastoek ezer gutxi balio dute, baina indusketa arkeologiko baten barruan informazio oso preziatua eman dezakete; zenbaitetan, teoria berriak abiarazi ditzakete ere.

Zeregin horretan badira ere zuzenean espoliazioa egin nahi dutenak, ezta?

Are gehiago, enkargu bitartez aztarnategiak espoliatzen ari diren profesionalak daude, eta gure inguruetan ere halakoak gero eta gehiago ikusten ari dira. Tresna profesionalak baliatzen dituzte, eta, zeregin horretan ez daudenean, beste zeregin kriminaletara dedikatzen dira. Jendeak jakin behar du pieza arkeologiko eta historikoen trafikoak erabiltzen dituen zirkuitoak armen, drogen eta pertsonen trafikoek erabiltzen dituztenen berdinak direla. Adibidez, Andaluzian egin duten azken operazioan, drogen trafikora dedikatzen zen klan bati hiru detektagailu eta 4.000 pieza arkeologiko atzeman dizkiote. Eta Italian, hilobi etruskoak espoliatzen dituztenei, carabinieriak ez ezik, mafiosoak ere atzetik ari zaizkie, eurek ere negozio horretan dagokien zatia eskuratu nahi dutelako.

Iruña-Veleia afera maila pertsonalean eta zientifikoan "tristea" izena dela dio Varonek. / Juanma Gallego 

Zuk beste motatako zirkuitoei erreparatu diezu egiten ari zaren doktoretza tesian. Zertan datza?

Iter 34 ibilbidea aztertzen ari naiz. III. mendeko Antoninoren Ibilbidea izeneko liburuan agertzen den azken erromatar ibilbidea da, eta Astorgatik (Leon) Bordelera zihoan. Baina zehazki nondik zihoan ez genekien oso ondo. Harritzekoa izan da ikustea nola zati batzuk 1960ko hamarkadara arte erabiliak izan diren, baina partzelak biltzeko prozesuan zati asko deuseztatu ziren. Halere, ibilbidearen zati batzuk gaurdaino bide gisa mantendu dira. Ezustekoa izan da ere ikustea ibilbidea XIX. mendean Pascual Madoz eta Francisco Coelloren mapa batean agertzen zela, eta, agerian egon arren, ordura arte horri inork ez ziola erreparatu. Jatorrizko ibilbidea berreskuratu nahian, teknika mordo bat erabili dugu, tartean landarediaren indize normalizatua (NDVI) izenekoa. Normalean doitasunezko nekazaritzan erabiltzen da, eta landareek erradiatzen dituzten uhin infragorriak atzematean datza. Neurketa horren bitartez ondorioztatu daiteke landareen osasun egoera. Bada, landareen azpian horien hazkundea moteltzen duen egituraren bat badago, azaleratu daiteke. Droneak baliatu genituen neurketa horiek lortzeko, eta emaitzak Remote sensing aldizkari entzutetsuan argitaratu ditugu.

Iruña-Veleia auziaz galdetu behar dizut ezinbestean. Aurrera ba…

Tristea da, baina esan ahal dizuedan bakarra da epai bat dagoela, eta, hortaz, ezer gutxi dago esateko. Eztabaidaren amaiera al da? Ikusten ari gara ezetz. Baina epaiak dio badagoela arkeologo bat iruzurra egin duena, beste batzuek lagunduta. Ni Eliseo Gilen bitartez hasi nintzen arkeologian, eta estimu handia diot. Oscar Escribanoren lagun mina ere banaiz. Tristea da maila pertsonalean, maila zientifikoan, eta arbuiagarria kudeaketa arkeologikoari dagokionez. Bestalde, epaia argigarriagoa izatea espero genuen. Seguruenera badira hainbat gauza epaiak ikusten dituenak eta arkeologook ikusten ez ditugunak, eta alderantziz. Dena dela, orain dagokiguna da Iruña-Veleiari berriro balioa ematea, izugarrizko aztarnategia delako. Agian denbora pixka bat igaro behar da gauzak lasaitu bitartean.

Gozoagoa den zerbaitekin bukatzearren, zein izan da arkeologiak pertsonalki eman dizun unerik hoberena?

Bereziki garai historikoko arkeologiari lotuta egon naiz. Urte batzuetan boluntario gisa aritu nintzen historiaurreko aztarnategi batean, Toledon. Oroitzen naiz behe paleolito aroko aurpegibiko bat atera nuela, eta arduradunari galdetu nion ea pieza horrek zer kronologia izan zezakeen. Homo heidelbergensis batek egindakoa izan zitekeela esan zidan, agian duela 200.000 urtekoa. Piezekin ez naiz batere fetitxista, baina izugarria izan zen esku artean edukitzea dagoeneko iraungita dagoen espezie batek egindako zerbait. Nire espezialitatearen barruan, Las Ermitas (Espejo) aztarnategian aurkitutako beirazko ontzi fin bat nabarmenduko nuke. Arkeologia Museoan ikusgai dago eta, nire ustez, izugarri ederra da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago