Gabonak, Palestinara begira

Anakoz Amenabar 2021ko abe. 18a, 08:00

Sulaiman Amad eta Rawand Qutob, hiru alabekin, Gasteiz erdigunean. a. amenabar

Gabon garaian ez du aparteko ospakizunik egingo Sulaiman Amad eta Rawand Qutoben familia musulmanak, baina Gasteizko zenbait ekitaldira batuko dira alaben eskutik.

Gabonetako kaleko argi eta apaingarriek erakarrita, alabekin arratsalde-pasa egitea erabaki dute Sulaiman Amad eta Rawand Qutobek. Ez dute Gabonak ospatzeko ohiturarik, baina ez zaizkie arrotzak jaiak. "Kristau komunitate sendoa dago Palestinan, eta euren ospakizunetara batzen gara Gabonetan", gogoratu du Amadek. Hirugarren urtez Gasteizen izango dira aurten, eta ospakizun berezirik egingo ez badute ere, oporrez disfrutatzeko egunak izango dituzte. "Gure ikasketetako tutorearekin elkartu izan gara egun hauetan otorduren bat egiteko, baina egia da familia egunak direla hauek, eta ez dugu enbarazu egin nahi".

Heziketa fisikoko goi mailako zikloa egiteko asmoarekin heldu ziren biak Gasteizera 2019an, Yara alabarekin batera, eta, okerrik ez bada, 2022an amaituko dituzte ikasketak. Urte hauetan familia handitu da, bidean Watan –Aberria– eta Karmel –Palestinako mendi baten izena– txikiak batu zaizkie. "Momentu zailak izan ditugu, dena utzi eta alde egiteko gogoa ere bai, baina ikasketen erronka dugu hemen, eta hori betetzen saiatuko gara", aipatu du Qutobek. Palestinan familia ardatza dutela azpimarratu dute, eta herrialdeen arteko distantziak maldan gora jarri du dena. "Okupazioaren ondorioz, ez dugu gure kaleen, gure lanen edo gure eskolen kontrolik... eta geratzen zaigun gauza bakarra elkar zaintzea da. Egunero bisitatzen dugu familia han. Eta horren falta shock bat izan da hemen. Non dago gure familia?", galdetu du Amadek. "Palestinan herritarrak askoz ere elkartuago gaudela esango nuke. Harremanak oso estuak dira han, eta, tarteka, bakarrik sentitu gara hemen".

"Aurretik bagenekien Euskal Herriak babesa ematen diola Palestinari"

Sulaiman Amad

Hasieran euren lekua topatu ezinik izan badira ere, gero eta gustorago daudela aitortu dute. Lagun sarea zabaldu eta bertako bizimodura ohitzen ari dira. Etxea topatzea ere ez dela samurra izan gogoratu dute, "oso garesti dagoelako dena", baina egoerari buelta ematen jakin izan dute. "Eta zeregin horretan zerikusi handia izan du Ramon Bajo eskolak; babes handia topatu dugu han, eta Yara alaba poz-pozik doa egunero", aipatu du Qutobek. Euskarazko lehendabiziko hitzak ere alabari esker entzun dituzte etxean "Ole! Olentzero! kantua ez da faltako hurrengo egunetan kar-kar". Ingelesez ari dira unibertsitate ikasketak egiten, eta horiek amaitu ostean hasi nahi dute beste hizkuntzekin. "Tarte gutxi dugu orain beste ezertarako, baina ostean gaztelania edo euskara ikasten hasi nahiko genuke".

Ikasketak amaitutakoan, bisitaldia egin nahi dute Palestinara, hiru urte egin dituzte joan gabe, baina ostean Gasteizen hasitako ibilbidearekin jarraitu nahi dute. "Ikasketak dira gure erronka nagusia orain, eta horiek amaitutakoan beste helburu batzuk jarriko ditugu, baina ziurrenik hementxe", gogoratu du Amadek.

Herrimina

Palestinako albisteak, baina, ezin dituzte alde batera utzi. "Are latzagoa da hemendik han gertatzen dena jarraitzea; oldarraldiak, tiroketak, checkpoint-etako eguneroko istiluak... Han egoera hauei  nolabait aurre egin diezaiekezu, ohitu egiten zara. Hemen telefonoan zintzilik egotea, beste aukerarik ez dugu". Hedabide eta sare sozialen bitartez, adi jarraitzen diote egunerokoari, "benetako gertakariak" ezagutzea lan nekeza den arren: "Al Jazeerak berak europarrentzat urardotutako albisteak eskaintzen ditu, askotan maila berean jarriz okupatua eta okupatzailea. Sekulako atzerapausoa da hori; hau ez da berdinen arteko borroka bat".

"Babes handia topatu dugu Ramon Bakjo eskolan; alaba poz-pozik doa egunero"

Rawand Qutob

Euskal Herrian Palestinaren alde egindako lana ondo ezagutzen dute Amadek eta Qutobek, eta, hain zuzen, horregatik erabaki zuten ikasketak Gasteizen egitea. "Etorri aurretik bagenekien Euskal Herriak babesa ematen diola Palestinari, eta argi izan genuen aukeraketa egitean", gogoratu du Qutobek. Gogoan dute, besteak beste, joan den maiatzean, Sheikh Jarrah auzoan Israelek piztutako oldarraldiaren ostean Gasteizen antolatutako manifestazioa. "Itzela izan zen erantzuna, jende ugari batu zen, arabiarron artean helburu beraren aurrean bat egiteko dauden zailtasunak zailtasun".

Palestina aferak ez du egun batetik besterako konponbiderik, gogoratu dutenez, baina badira zenbait tresna eskura. Gasteiztik bertatik, "lan politikoa" ezinbestekoa izango dela uste du Amadek: "Arabiar jatorriko jende ugari dago Gasteizen, eta horiekin elkartu eta bat egitea botatzen dut faltan; talde handi bat dago, meskitan biltzen dena, baina Palestinarekiko babesa eskasa da".

2005ean Palestinako gizarte zibilak abiarazitako Boikot, Desinbertsio eta Zigor kanpainari eustea, halaber, garrantzitsua dela uste dute, eta hemendik lan horrekin jarraituko dute. "Amesgaizto bat da Israelentzat BDZ kanpaina, ekonomia da haientzat garrantzitsuena, eta merkataritza etetea sekulako mina; borroka ekonomikoa garrantzitsua izango da aurrerantzean ere", azpimarratu du Amadek. Horretarako, aurretik, palestinarrak "prestatu" behar direla uste dute. "Israeldik askatu nahi badugu, norbera heztetik hasi behar dugu; gure jendea prestatu, eta gero borroka ekonomikoa moduko tresnak baliatu". 

Eguneroko lanek irentsita, lan politikorako tartea bilatzea ere zaila dela esan du Qutobek. "Gure artean, zaintzarako gaueko eta eguneko txandak banatzen ditugu, eta, egia esan, ikasketa eta umeekin zaila da bestelakoak egitea". Kirolzaleak dira biak, eta aisialdian Gasteizko gune berdeetatik ikus daitezke tarteka, baina ikusle moduan faltan botatzen dute aukera gehiago."Sekulako giroa izaten da Palestinako futbol partidetan. Barrutik bizi dugu, eta hori da faltan botatzen dudana; hemen oraindik ez dut ikusteko aukerarik izan".

Urte amaiera bitartean izango da horretarako aukerarik, beharbada. Orduan, hilaren 31n, Nabluseko lagunekin –ordubete lehenago–  eta ostean Gasteizkoekin esango diote agur 2021ari.

Palestinaren aldeko manifestazioa, joan den maiatzean, Gasteizen. / Hala Bedi

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago