Erreportajea

Jaiotzei eusten dien tradizioa

Juanma Gallego 2021ko abe. 17a, 07:00

Gasteizko Karmen elizan urtero erakusten dute urte osoan zehar landutako jaiotzen lagin zabal bat. /ALEA

Gabonetako tradizioen artean, jaiotzena da zabalduen dagoenetako bat. Kutsu erlijiosoaz harago, jaiotzek duten balio kulturala aldarrikatu du Arabako Belentzaleen Elkarteak. Ohi bezala, Gasteizko Karmen elizan jarri dute erakusgai urtean zehar eraikitako jaiotzen lagin zabal bat, eta Gasteiz osora ere zabalduko dute haien zaletasuna.

"Eta bat-batean, sortaldean ikusitako izarra aurretik jarri zitzaien, haurra zegoen lekuaren gainean gelditu arte. Izarra ikusitakoan, berealdiko poza hartu zuten. Eta etxean sarturik, haurra aurkitu zuten, Maria bere amarekin; eta hauspez jarririk, gurtu egin zuten. Eta, beren kutxak irekita, erregaliak eman zizkioten: urrea, intsentsua eta mirra. Eta Herodesengana ez itzultzeko albistea ametsetan harturik, beste bide batetik joan ziren beren lurraldera".

Mateoren araberako ebanjelioko pasarte ezaguna da, Jesukristoren jaiotzaren ostean egindako bisitaldia jasotzen duena. Inon ez da aipatzen hiru zirenik, ezta errege zirenik ere. Ohi bezala, halako datuak eskuratzeko ebanjelio apokrifoetara eta tradiziora jo behar da.

Berdina gertatzen da jaiotzetan jasotzen diren beste pasarte askorekin. Kasurako, testu biblikoari erreparatuta bederen, Jose ez zen arotz bat. "Berez, τέκτων hitza aipatzen da", argitu du Arabako Belentzaleen Elkarteko kide Alfonso Ruiz de Arkautek. "Horrek esan nahi du hainbat lan egiten zituela, konponketan eta eraikuntzan. Gaur egun, xitxuketari bat zela esango genuke". 

"Kutsu erlijiosoa izate soilagatik, ezin ditugu zenbait tradizio alboratu". Alfonso Ruiz de Arkaute

Gauzak hala izanik ere, zalantzarik ez dago sinbolo indartsuak direla tradizio kristau luzeko gizarte batean. Eta, Gabonak iristean, sinbolo horietako batzuk jaiotzen bidez irudikatzen dira. Etxe askotan oraindik mantentzen den tradizioa da, eta ez beti erlijio hutsari lotura. Harago doan kontua baita. "Agnostikoa izanda ere, etxean jaiotza jartzen duen jendea ezagutzen dut, eta baita guztiz ateo diren beste batzuk ere". Arrazoi asko egon daitezke erabaki horren atzean, erlijiosoaz gain: etxeko txikienekin batera jaiotza prestatzea, aspaldiko tradizioari heltzea edota aiton-amonengandik jasotako figurak erabiltzea. "Guztioi gustatzen zaizkigu tradizioak, erakargarriak direnean bederen".

Sinesmenen bizikidetza

Horregatik guztiagatik, Ruiz de Arkautek ez ditu ulertzen zenbait lekutan jaiotzak jarri izanagatik piztu diren polemikak. "Azken urteetan zabaltzen ari da nire ustez oker dabilen jarrera laizista bat; baina kutsu erlijioso bat izate soilagatik, ezin ditugu zenbait tradizio besterik gabe alboratu". Gogora ekarri ditu sinesmenen arteko bizikidetzaren hainbat pasarte. "Duela urte batzuk, esaterako, komunitate musulmaneko kideei gure egoitzan txokolate bat hartzeko gonbidapena luzatu genien, elkartean egiten genuena ikus zezaten. Halako gauzak positiboak dira, guk ere ramadaneko ospakizunetan parte har genezakeen modu berdinean". Dioenez, Italiako jaiotzazale ezagun bat urtero Palestinara joaten da, bertako emakume musulmanei jaiotzak eraikitzen irakastera. "Jaiotzak ez dira beren erlijioaren parte, noski, baina jaiotzen balio kulturala aitortzen da horrela". Norabide horretan, nazioartean jaiotzazaleen elkarte asko lanean ari dira haien diziplina Gizateriaren Ondare Immaterial Kultural gisa aitortua izan dadin.

Ez dira hasiberriak honetan, inondik inora. Aitzitik, Arabako Belentzaleen Elkarteak ibilbide luzea du atzetik. Urtero egiten duten erakusketaren 34. edizioa izango da aurtengoa. Ageriko arrazoiengatik iaz hitzorduari huts egin bazioten ere, Gabonen bueltan beti egin dute jaiotzen erakusketa bat Gasteizko Karmen elizan. Aurtengoa urtarrilaren 7ra arte egongo da zabalik.

Istorio bitxia dago elkartearen sorreraren abiapuntuan. Izan ere, 1987. urtean Espainiako telebista publikoak Gabonetako meza baten emankizuna egin behar zuen eliza horretatik, eta, hitzordu berezi horri begira, elizan jaiotza bat atondu zuten. Baina egundoko elurtea erori zen, eta emankizuna bertan behera utzi behar izan zuten.

Hasierako garai horietan, Juan Cruz Apodaka Ortiz de Guinea karmeldarra ibili zen buru-belarri elkartearen sorreran, Pedro Pablo Gonzalez Mecolayrekin batera. Erakusketen abiapuntua telebista emankizun horretan abiatu bazen ere, Ruiz de Apodakak azaldu du aurretik hirian bazegoela giro bat jaiotzen inguruan. Batetik, Karmen elizan ordenaren ikastetxe bat egona zen, eta bertan ere landuak zituzten jaiotzak. Baina, elizatik kanpo ere, aurrezki kutxa batek lehiaketa bat antolatzen zuen, eta, horri esker, gasteiztar askok jaiotza ederrak egiteko ohitura jarraitu zuten.

Urteko lana

Logikoa denez, Gabonen inguruan erakusten da elkartearen lanaren zati handi bat. Erakusketaz gain, beste hainbat ekimen martxan jartzen dituzte. Iaz, erakusketa handia beharrean, Gasteiz On elkartearekin batera, saltokietako erakusleihoetan ehun jaiotza inguru zabaldu zituzten hirian zehar. Aurten errepikatu dute, 50 bat jaiotzekin. Abenduaren 16ko pregoia da beste puntu garrantzitsu bat, Txema Blasco aktorearen eta Udaberria gospel koroaren laguntzarekin. Horrez gain, hiriko zenbait puntutan jarritako jaiotzak bisitatuko dituzte, eta hilaren 30erako jaiotzen gaua prestatu dute. Kasu honetan, ez dute Karmen elizan egingo. "Tira, gauez izanda, hor goian karmeldarren erizaindegia dago", dio Ruiz de Arkautek, zoruari begira. "Horregatik, fraideen atsedena errespetatu nahi dugu". Beraz, Santa Kruz komentuan, Floridan eta haien egoitzan bertan ospatuko dute gau berezi hori. "Normalean ardo bero batekin ematen diogu amaiera egunari, baina, tamalez, aurten hori egitea zaila izango da, osasun egoeragatik", aurreratu du.

Baina urtean zehar ere lan asko dago atzean. Otsailerako hasten dira hasierako prestaketekin, batez ere jaiotzak egiteko ikastaroen bitartez. Horiei esker, 70-80 lagun inguru biltzen dira. Jaiotzazaleen elkarteko kidearen arabera, jende helduaz gain, gazteak ere hurbiltzen dira ikastaro horietara. "Baina egia da ere, behin unibertsitatean hasten direnean, edo familia bat sortzen dutenean, askotan kontaktua galtzen dela, batez ere aisialdi gutxi geratzen zaielako. Behin seme-alabak nagusitzen direla, orduan bai, asko bueltatzen dira gurera, elkarte askotan gertatzen den moduan", erantsi du.

Dioenez, "urrezko aro" bat ari da gertatzen jaiotzagintzan. Gasteizen kasuan figurak sortzen ez badituzte ere, beste zenbait lekutan badira horretara dedikatzen diren artista trebeak. "Tamalez, gure artean momentuz halakorik ez dago. Gertuenak, Nafarroan dauden batzuk dira".

Intuizioa lagun

Elkartean jaiotzak egiten irakasten duten arren, Ruiz de Apodakak aitortu du funtsean material gutxi batzuekin erraz egin daitekeela jaiotza bat, eta "intuizioa" beti abiapuntuan dagoela. "Lanean hasi aurretik, lehenik eta behin argi izan behar duzu zer jaiotza mota egin nahi duzun", ohartarazi du. Jaiotza tradizional bat ala artistikoagoa den bat? "Bi motak aintzat hartzekoak dira, baina tradizionalak ahaztu gabe, horiei esker iritsi zaigulako tradizio polit hau". Jorratu nahi den gaia ere erabaki behar da, noski. Izan ere, nahiz eta jaiotzen abiapuntu nagusia Jesukristoren jaiotza bera izan, horren gaineko bestelako uneak ere jasotzen dituzte: Deikundea, Erregeen gurtzea edota Egiptorako ihesaldia, ohikoenak aipatzearren. Harago doazenak ere badira, esaterako, Maria eta Joseren arteko ezkontza irudikatuz.

Hartu beharreko beste erabaki bat jaiotzarekin transmititu nahi den sentimenduari dagokio. "Samurtasuna, bakardadea... beti zerbait adierazi behar da. Adibidez, aurtengo erakusketan sumendi baten inguruan kokatutako jaiotza bat dugu, La Palman gertatutako hondamendia gogora ekarri nahian". Handik aurrera, "arau gutxi" daudela dio adituak. "Eta, gainerako arteetan bezala, dauden arauak urratzeko modukoak dira", gaineratu du, umore puntu batekin.

Bada, erlijioa tartean dagoela izanda, horrelakoen inguruan marra gorriak al daude? Ba al dago ortodoxiaren eta heterodoxiaren arteko eztabaidarik? "Bai, noski. Gaur goizean bertan ezbaian ibili naiz adineko kide batekin. Esaten zidan ez dagoela irudi bat jartzerik ikusleari bizkarra emanez".

Teknika artistikoei dagokienez, aspaldi erabiltzen zuten igeltsua ia-ia alboratuta dago gaur egun, lantzeko askoz erraza eta garbiagoa den material batekin ordezkatuta: poliespana. Horren gainean margotzeko, ordea, ezinbestekoa da pintura akrilikoa erabiltzea, esmalteak poliespana kaltetzen duelako. Hortik aurrera, arazo askorik ez dago: imajinazioa eta intuizioa atera daitezela Belengo plazara.

 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago