Abenduaren 1ean bete zen urtebete Miñaoko Teknologi Parkeko 85 langile kaleratu zituela Alestisek. Urtarrilaren 28an, berriz, Auzitegi Nazionalak, EEEaren alde egin zuen. Orduan erabaki zuen enpresa batzordeak Auzitegi Gorenera jotzea, eta helegitea aurkeztu zuen epaitegi horretan. Bada, asteazkenean, hilaren 15ean bilduko dira magistratuak auzia aztertzeko.
Testuinguru horretan agerraldia egin dute langileen ordezkariek. Ebazpen horren "garrantzi juridikoa" nabarmendu dute, "irizpideak finkatuko dituelako eta jurisprudentzia sortuko duelako euskal konpainia aeronautiko handietan aurkeztutako beste errekurtso batzuetarako, hala nola Aernnova edo ITP".
Arabako lantegiko enpresa batzordeak 2020ko abenduaren 1ean "bidegabeki" kaleratutako langileen interesen aldeko epaia espero du, eta kaleratutako langile guztiak lanera itzultzeko eskatu dute. Bestela, langileek banakako demandak jarriko dituztela iragarri dute, uste baitute enpresak "gehiegikeriaz" jokatu zuela eta Enplegu Erregulazioko Espedientean ezarritako izendapen-irizpideak ez zituela bete. "Duela urtebete aeronautikako enpresek zuten panorama beltza ez dator bat egungo errealitatearekin, sektore aeronautikoa berreskuratze-fasean baitago, Airbusen eskaera irmoak 7.000 hegazkin baino gehiagokoak baitira. Gainerako eraikitzaileek ere gorantz jarraitzen dute", azpimarratu du blangileen batzordeak.