Martxoak 3 Elkartearen egoitza den M3moria Gunean prentsaurrekoa eskaini du gaur Frankismoaren aurkako Euskal Plataformak. Bihar, abenduaren 10ean, elkarretaratzea egingo dute 11:00etan Gasteizko epaitegien aurrean, Giza Eskubideen Nazioarteko Egunaren harira.
Prentsaurrekoan giza eskubideen urraketa larriak jasan dituzten hainbat biktima izan dira: besteak beste, Unai Romano eta Agurtzane Juanena, bortizki torturatuak; Jose Luis Martinez Ocio eta Fermin Rodriguez, 1976ko martxoaren 3an Gasteizen eta uztailaren 8an 1978ko Iruñeko Sanferminetan izandako polizia-sarraskietan hildako Pedro Mari eta Germanen anai-arrebak; Nerea Martinez, Pedro Mari Martinez Ocioren iloba; Juan Ramon Garai eta Nati Roa, diktaduran hildakoen bilobak; Andoni Txasko, 1976ko martxoan Gasteizen izandako sarraskian zaurituta; Imanol Olabarria, Carabanchelen espetxeratua martxoaren 3aren ondorioz, "matxinada eta sedizioa" egotzita; eta, azkenik, Josu Ibargutxi, frankismoan errepresaliatua eta presoa.
Josu Ibargutxik eta Andoni Txaskok adierazi dutenez, Gasteizko epaitegietan egindako protestaren helburua da "Espainiako Estatuak giza eskubideen urraketa larriak egin zituzten arduradun frankistei bermatzen dien zigorgabetasuna" salatzea, eta arduradun horiek Espainiako Auzitegietan epaitzea gizateriaren aurkako delituengatik.
Gogorarazi dutenez, genozidioa, tortura, bortxazko desagerpena edo gizateriaren aurkako delituak ez dira preskribatzen eta ezin dira amnistiatu. "Nazioarteko araudiak eta zuzenbideak hori adierazten du, eta Espainiako Estatuak urratu egiten ditu, argudio horietan babestuta, kriminal frankistak ez epaitzeko", salatu dute.
Horrez gain, Nerea Martinezek eta Fermin Rodriguezek Euskal Plataformak egindako manifestua irakurri dute.
Martin Villa, auzipetuta
Urrian, Maria Servini epaile argentinarrak Martin Villa auzipetzea erabaki zuen, gizateriaren aurkako delituen testuinguruan larriagotutako lau hilketengatik. Frankismoaren aurkako Euskal Plataforma "pozik" agertu da, eta auto hori Espainiako Estatuan "norabide berean" jarduteko eredu izan dadila exijitu dute.
"Une egokia da Gobernuak eta Auzitegiek gaur arte izan duten jarrera zuzentzeko, eta Madrilgo Kongresuan zein Eusko Legebiltzarrean eztabaidatzen ari diren Memoria Demokratikoaren legeetan argi eta eraginkortasunez jasotzeko, epaileen interpretazioaren esku utzi gabe jarduteko modua eta giza eskubideen urraketa larrien biktima guztiei arreta emateko modua. Egia, justizia eta erreparazioa", aldarrikatu dute.