Erreportajea

Arabako airearen kalitatea ez dago garbi

Jon Rejado 2021ko abe. 10a, 07:00

Araban bereziki kezkagarria da bi kutsatzaileren egoera. / A. Mtz. de Luna

Eusko Jaurlaritzak hausnartu du aireak gero eta kalitate hobea duela, 2020. urteko datuak aztertuta. Ordea, Osasunaren Mundu Erakundeak proposatutako kutsadura mugen arabera, Arabako neurketa estazio guztietan kalitate txarreko airea antzeman dute.

Hausnarketa honekin hasi du Eusko Jaurlaritzak EAEko Airearen Kalitatearen Urteko Txostena: "Airearen kalitateak jarraitzen du hoberantz egiten, urterik urtera". Neurtutako kutsatzaileen balio guztiak arauak zehaztutako mugen azpitik daudela nabarmendu du. Are, zenbait kutsatzailetan egondako hobekuntza lotu du Covid-19a dela-eta ezarritako mugikortasunaren murrizketarekin. Hausnarketa hori indarrean dagoen legedian oinarrituta egin du Eusko Jaurlaritzak. Araudi hori Osasunaren Mundu Erakundeak egindako azken proposamenetik urrun dago, baina, eta OMEren irizpideak kontuan hartuta, emaitzak ez dira horren baikorrak.   

Zortzi neurketa estazio daude Araban, airearen kalitatea aztertzeko. Bada, guztietan OMEk proposatutako gehienezko kutsadura maila gainditu zen 2020an, neurtu zuten kutsatzaileetako batean behintzat. OMEren irizpideak, ordea, proposamen soilak dira: herrialdeek ez dituzte zertan bete behar. Hala ere, legez ezarritako kutsadura mugak aintzat hartuta, Arabako estazio bakar batek baino ez du aire kalitate txarra neurtu, kutsatzaile batean: Valderejoko Natur Parkeko estazioan troposferako ozonoagatik kutsadura antzeman du.

2030era bitartean, Europak airearen kalitatea neurtzeko irizpideak zorroztuko dituela iragarri dute adituek

OMEren irizpide berrien arabera, Araban bereziki kezkagarria da bi kutsatzaileren egoera: partikula eseki txikienak eta nitrogeno dioxidoa. 2,5 mikroi baino txikiagoak diren partikula gehiago neurtzen dituzte estazio gehienetan: Gasteizko hiru, eta Laudiokoa. Valderejoko Natur Parkekoa mugatik oso gertu dago. Nitrogeno dioxidoaren kasuan zazpi estaziotan neurtu da, eta lautan gainditu da gehienezko muga: Laudion, eta Gasteizko hirutan.

OMEren irizpideen arabera, troposferako ozonoarekin kutsatutako airea neurtu da Agurain, Eltziego eta Valderejoko estazioetan. Esan bezala, azken horretan legez ezarritako muga ere gainditu da. Azkenik, 10 mikroi baino handiagoak diren partikula esekien kasuan, estazio guztietan bete dira OMEren irizpideak, bi kasutan mugatik gertu egon arren.

Irizpide zorrotzagoak

OMEk irailean ezagutarazi zituen airearen kalitateari buruzko irizpide berriak aurretik zeudenak baino gogorragoak dira. Indarrean zeuden irizpideak 2005. urtean ezarri zituen Osasunaren Mundu Erakundeak. Dena den, ordutik arlo horretan egindako ikerketek ezbaian utzi dituzte orduko irizpideak; 2005ean segurutzat jotzen ziren kutsadura mailak ere arriskutsuak izan daitezke osasunerako. Beraz, irailean partikula eseki guztien eta nitrogeno dioxidoaren gehienezko mailak berrikusi zituen.

Aire metro kubiko batean dauden kutsatzaileen urteko batez bestekoa neurtuta, nitrogeno dioxidoaren gehienezko muga laurdenera jaitsi du (40 mikrogramotik hamarrera). 2,5 mikroiko partikula esekien muga erdira murriztu du (hamar mikrogramotik bostera), eta 10 mikroiko partikulena %25 jaitsi dute (hogei mikrogramotik hamabostera). Arreta berezia jarri du OMEk partikula esekien kasuan: osasunean eragiten dute maila oso txikietan ere; are, ikerketen arabera, gai horren edozein kutsadura mailak osasuna kaltetzen du.

Hiru neurketa estazio daude Gasteizen; horietako bat Martxoak 3 plaza ondoan dago. / A.Mtz. de Luna

Miguel Angel Ceballosek, Ecologistas en Accioneko Airearen Kalitateko bozeramaileak, azaldu du gehienezko kutsatzaileen berrikusketa ez dela ezustean heldu. "2020an aurkeztu behar zituzten, baina Covid-19ak atzeratu zuen". Urte bat beranduago heldu arren, Ceballosen ustez aholkatutako kutsadura maila berriek agerian uzten dute araudiaren eta zientziak egindako proposamenen arteko aldea. Besteak beste, araudiak onartzen duen kutsadura OMEren aholkua baino lau aldiz handiagoa da partikula eseki txikienen eta nitrogeno dioxidoaren kasuan.

Ceballosek gogora ekarri du Europako araudia gogortzeko prozesua martxan dagoela. "Datorren urtean amaitzea aurreikusita dago, eta kutsatzaileen gehienezko mugak nabarmen murriztea dute buruan". Edonola ere, airearen kalitatea neurtzeko mugak ez lirateke egun batetik bestera ezarriko. 2030era arteko epea ezartzea aztertzen ari dira Europako herrialdeak. "Ezarriko dituzten kutsatzaile mugak betetzeko neurri asko eta gogorrak hartu beharko dira".

Kutsadura, inoizko aire onenean

Airearen kalitatea bermatzeko hartu beharko diren neurrien aurrean, Miguel Angel Ceballosek Eusko Jaurlaritzak egindako hausnarketan jarri du arreta: 2020an neurtutako airearen kalitatea inoizko onena izan da, sistematikoki neurtzen hasi zenetik. Ceballosek bi hausnarketa egin ditu, horren aurrean. Batetik, Eusko Jaurlaritzak esandakoaren ildotik, azaldu du datu horiek berresten dutela kutsatzaile larrienak sortzen direla ibilgailuek eta industriak erregai fosilak erabiltzen dituztenean.

Bestetik, kezkatuta agertu da Ecologistas en Accioneko kidea. Izan ere, inoiz neurtutako aire onena izanda, kutsatzaileen mailak OMEk proposatutako mugak gainditu ditu. "Gasteiz ezaguna da kotxeen erabilera murrizteko saiakerengatik, eta, hala eta guztiz ere, kutsatutako airea du; horrek eman behar digu egin beharko ditugun aldaketen neurria". Neurri nagusia, baina, argi dagoela uste du: erregai fosilen erabilera ahal beste mugatzea.

Ceballosek begiak jarri ditu OMEk berak egindako proposamenetan: argindarra sortzeko modu garbiagoak sustatu; industriak teknologia garbiagoak baliatu, kutsatzaileen isurketak murrizteko; hiri antolamenduan arreta jarri, mugikortasun jasangarria errazteko; hondakinen kudeaketa egokia egitea, errausketa ahal beste saihesteko… Ceballosek horiek guztiak esaldi batean laburbildu ditu: "Kontuan hartuta partikula esekiak, nitrogeno dioxidoa eta ozono troposferikoaren jatorria erregai fosilen erabileragatik datorrela, industrian zein garraioan, airearen kalitatea hobetzeko neurriak klima aldaketaren aurka borrokatzeko behar diren horiek dira.

Iturria: Eusko Jaurlaritza eta Ecologistas en Acción. / A. Mtz. de Luna

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago