Elurrak Araba zuritu du, mendateak itxiaraziz eta trafikoan arazoak sortuz

Erredakzioa 2021ko abe. 9a, 09:00
Urtegiak hustearen ondorioz, Zadorra ibaiak gainezka egin du. / Argazkia: @A_lphabet

Elurra Arabara itzuli da, baita hiriburuko kaleetara ere. Une honetan, ostegun goizean, Opakua, Urduña eta Herrera mendateek itxita jarraitzen dute. Horrez gain, Zadorrak gainezka egin du, bigarren mailako hainbat errepide moztuz.

Berriz ere albiste nagusi bihurtu da elurra, zubiaren azken txanpan eta intentsitate handiarekin. Prezipitazioak eguerdian hasi dira, baina Euskalmetek elur-maila 600 eta 800 metro bitartean aurreikusita zuen arren —Arabako zenbait puntutan hortik behera egon litekeela ohartaraziz—, 18:00ak aldera Gasteizeraino iritsi da elurtea, eta hiriburuko kaleak zein errepideak ere zuritu egin ditu. Hala ere, azken orduetan elurra ia erabat desagertu da Gasteizko kaleetatik, euria iristearekin batera.

Elurragatik alerta horia ezarri du Segurtasun Sailak, eta osteguneko 09:00ak arte mantenduko dela iragarri du; izan ere, eguerdirako elur-maila 1.500 metrotara itzultzea espero da, prezipitazioak asteburura arte luzatuko diren arren. Prezipitazio iraunkorrengatik alerta laranja iragarri du Euskalmetek osteguneko 09:00etatik ostiraleko 15:00etara.

Arratsaldean zehar, ordea, Arabako mendateek jasan dituzte ondorio larrienak, elurra kentzeko makinak gogor lan egiten ari diren arren (bai Arabako errepideetan, bai Gasteizen): 18:45ean, Opakua mendatea itxi behar izan dute; ondoren, Altube, Azazeta, Urduña eta Herrera itxi dituzte, bata bestearen atzean. AP-68 autobidean ere zirkulazioa nabarmen zaildu da, eta 20:00etatik aurrera aldizkako itxierak izan ditu.

Datozen orduetan, gainera, gauza bera gerta daiteke lurraldeko beste errepide eta mendate batzuetan. Oraingoz, kateak erabiltzea derrigorrezkoa da Kruzeta mendatean; eta elurragatiko zein izotz plakengatiko alertak bere horretan jarraitzen du, besteak beste, A-1 errepidean (Madril-Irun norabidean), Gasteizko mendatean, N-102 errepidean (Gasteiz-Burgos) eta N-622 errepidean (Gasteiz-Bilbo).

Une honetan, osteguneko 9:00etan, Opakua, Urduña eta Herrera mendateek itxita jarraitzen dute. Altube eta Azazeta, ordea, irekita daude berriz ere, kontuz ibili behar da oraindik ere.

Elurtearen irudiak

Gasteizko Alde Zaharreko Pintore kalea, asteazkeneko 19:30ak aldera. / ALEA


 

Zadorra ibaia, gainezka

Bestalde, urtegien mailak igotzen jarraitzen du —Uribarri Ganboako urtegia %86,65ean dago, eta Urrunagakoa %85,6an—, eta, urtegiak hustearen ondorioz, Zadorrako ibilguak gainezka egin du jada. Asteazken goizean 4,5 metroko mailara iritsi da Abetxukon, hainbat puntutan gainezka egin du eta inguruko eremuak urez bete ditu.

Egunean zehar, maila pixka bat jaitsi da, baina egoera laranjan jarraitzen du; elurtearen ondorioak ikusteke daude oraindik.

Errepideen egoera, zuzenean

Iturria: araba.eus

OHARRA: Posible da kamera batzuen seinalea galtzea zenbait unetan. Iturria: trafikoa.eus

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide