Arabako Bertsozale Elkarteak eta ALEAk elkarlanean —Gasteizko Udala, Laboral Kutxa, BAHK eta Elkar erakundeen babesarekin— antolatutako bideo-kopla lehiaketak "gero arte" esan du, datorren ediziora arte. Bigarren edizio honi amaiera borobila emateko, hori bai, sari banaketa eta bertso saio paregabea antolatu genituen ostegun honetan, Gasteizko Udalak sustatutako Euskararen Astearen barruan.
Amets Arzallus, Irati Anda, Peru Abarrategi eta Manu Bendala bertsolariekin batera, Uxue Diaz de Zerio —gai jartzaile gisa—, Nahiara Eizagirre, Xabier Lasa eta Aintzira Gorosabel —musika eta laguntza eskaintzeko— izan ziren oholtza gainean. Ordubete inguruko bertsio saioa entzuteaz eta saritutako bideo-koplak ikus-entzuteaz gain, talde irabazleek zegozkien sariak jaso zituzten.