"Tapia Legea" geldiaraztea eskatu du Araba Bizirik plataformak

Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 11:30

Lurraldearen Antolamendurako Legeari aurkeztutako zuzenketekin, tokiko administrazioen onespenik gabe "azpiegiturak eta proiektuak inposatu" nahi izatea leporatu dio Araba Bizirik plataformak Eusko Jaurlaritzari. Abenduaren 2an Legebiltzarrean mobilizatuko dira.

Duela egun batzuk, Arantxa Tapia sailburuaren bitartez, EAJk iragarri zuen hainbat gehikuntza zuzenketa aurkeztuko dizkiola EAEko Lurralde Antolamenduari buruzko maiatzaren 30eko 4/1990 Legeari. Hori guztia "foru aldundien, udalen edo kontzejuen onespenik eta parte hartzerik ez duten proiektuak inposatzeko maniobra" bat dela salatu du Araba Bizirik plataformak, gaur goizean Gasteizko udaletxearen aurrean egindako prentsaurrekoan.

Abenduaren 2an, 11:00etan, elkarretaratzea deitu dute Eusko Legebiltzarraren aurrean, Tapia Legeari ez! lelopean, zuzenketa horiek onartzeak dakarren "mehatxua" gaitzesteko eta izapideak geldiaraztea eskatzeko. Araba Bizirik plataforma osatzen duten eragileez gain, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritar, talde eta elkarte guztiei luzatu diete mobilizazioan parte hartzeko deia.

Izan ere, Lurralde Antolamenduaren Legea aldatzeak EAEko lurralde osoaren antolamenduko plangintza "etetea" dakarrela deritzo Araba Bizirikek, "udalek baztertu ahal izan dituzten azpiegituren plangintzen onespena Eusko Jaurlaritzaren esku bakarrik uzteko helburuarekin".

"Horrelako maniobrek galdu egiten dute herritarrek parte hartzeko eta kogobernantzarako konpromisoa, EAJk hain ontzat jotzen duena. Gure ustez, administrazio publikoak lurraldea zaintzeko betebeharra bere gain hartu behar du, eta ez du elikatu behar gure lurraldeko edozein espazio diru bihur daitekeen baliabide gisa ikusten duen sistema harrapari bat", ohartarazi dute.

"Adostasunaren aurkako atentatua"

Araba Biziriken ustez, "EAJren gobernatzeko modu horrek" atea irekitzen dio edozein instalazio eta azpiegitura industrial instalatzeari, "interes gorenaren aitzakiapean". Hala ere, horren atzean "enpresa handien interesa" dagoela kritikatu dute, "borondateak erosi eta lurralde horretan bizi den jendearen subiranotasuna deuseztatuz".

Lurraldearen Antolamenduan "hainbeste denboran lortutako adostasuna bertan behera utzi eta horren aurkako atentatu argia" dela salatu dute: "EAJk, harrokeriaz eta PSEren konplizitatearekin, gehiengo osoa duela jakinik, bide demokratikotatik urruntzen ari da bere proiektuak ezartzeko, edozein parte hartze eta eztabaida eragotziz eta modu diktatorialean jokatuz".

"Ez udalek ezta kontzejuek ere, ezin izango dute EAJren makro-proiektuetako bakar bat ere geldiarazi. Gasteizek berriro ere frackingaren mehatxua du ate aurrean; kontzejuek, instalazio zentral eoliko edo fotovoltaikoek dakarten beren lur komunalen desjabetzeari edo AHTaren trazadurari aurre egin diotenek, berriro ere mehatxu bera dute aurrez aurre", ohartarazi dute. Horri guztiari, gainera, goi-tentsioko sare elektrikoen trazadurak edota Gipuzkoan eta Bizkaian eraikitzekoak diren erraustegiak gehitu behar zaizkio.

Horren aurrean, bere garaian aho batez onartutako Lurraldearen Antolamendurako Legean "lortutako adostasuna errespeta dadila" eskatu dute.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago