ALEX AGINAGALDE (PANTAILAK EUSKARAZ)

"Ikus-entzunezkoetan euskara osotasunetik landu behar da"

Juanma Gallego 2021ko abe. 1a, 15:18

Pantailak Euskaraz plataformako kide da Alex Aginagalde. PANTAILAK EUSKARAZ

Ikus-entzunezkoetan euskara bermatzeko lanean diharduen Pantailak Euskaraz mugimenduak "iruzurtzat" jo du Espainiako Gobernuaren azken lege proposamena. Sektorea hobe kudeatu ahal izateko lege propioak eskatu ditu Alex Aginagaldek.

Streaming plataformetan Estatuko hizkuntza gutxituen presentzia minimoa bermatzea eztabaidagai izan da Espainiako Kongresuan, eta hasierako planteamendua zen eskaintzaren %6 gutxienez hizkuntza horietan izatea. Azken orduan zabaldu da, ordea, gobernuaren lege proposamena. Horren arabera, kuota soilik ezarriko liekete Espainian egoitza duten plataformei. Haserre agertu da horrekin Pantailak Euskaraz ekimeneko kide Alex Aginagalde (Donostia, 1981). Aurki manifestu bat aurkeztuko dute, euskal instituzioen inplikazioa eskatzeko.

Nola baloratzen duzue Espainiako Kongresuan gertatutakoa?

Katalan, galego eta euskaldunoi iruzur egin digutela iruditzen zaigu. Ikusi beharko da legearen behin betiko testua nola geratzen den. Izan ere, orain emendakinen garaia da; ea bederen horien bitartez lortzen den estatutik kanpo egoitza duten plataforma nagusiei ere kuotak ezarri ahal izatea. Hori da aldarrikatuko duguna, hemengo alderdiak hori lortzen saiatu daitezen, katalan eta galegoekin batera. Bestela, gobernuak aurkeztutako planteamenduarekin, legeak izango duen eragina nahiko mugatua izango da. Egia da ere euskaldunentzat eragin bat izango duela: Filmin, A3 Media edota Movistar + ekoiztetxeei kuota horiek ezarrita, gutxienez euskaraz ekoizteko betebehar hori areagotuko da, eta, beraz gehiago ekoitzi beharko dute euskaraz, edo dauden edukiak txertatu. Dena dela, kuota hori lortu arren, egia da ere merkatuko plataforma nagusiak Netflix, Disney + edo HBO direla. Hauei legea aplikatzen ez bazaie, jai dugu!

Prest ikusten al duzue Espainiako Gobernua benetako aurrerapausoak emateko, ala behartuta mugitu da?

Testuingurua argia da, bai. Hango parlamentuan euskal eta katalan alderdiek badute une honetan nolabaiteko pisua edo giltza negoziazioan aritzeko, eta horrek baldintzatu du Espainiako Gobernuaren jarrera. Horrekin batera ikusi dugu ere ETB3 Nafarroa osoan ikusgai izan dadin lortutako akordioa, adibidez. Pixkat behartuta izango da, baina aprobetxatu behar da horrelako testuinguru politikoa, eragin ahal izateko.

"Plataforma nagusiei legea aplikatzen ez bazaie, jai dugu!"

Nola antolatu da mugimendu hau guztia?

Mugimenduaren kimua duela urtebete hasi zen, Euskaraldiaren bueltan. Donostiako guraso eta euskaltzale batzuek Disney + Euskaraz herri ekimena sortu genuen, eta sinadura kanpaina bat abiatu genuen jakin zenean Katalunian Generalitateak akordioa lortua zuela Disneyrekin katalanezko edukiak sartzeko. Hori ikusi genuenean, gu ere mugitzen hasi ginen; batetik Disneyri eskatzeko ez zitzala euskaldunak diskriminatu. Bestetik, euskal erakundeei eskatu genien plataforma horrekin harremanetan jartzeko, euskararen presentzia bermatu aldera; baita zineman ere. Izan ere, Disney, Pixar, Marvel eta Star Wars ekoiztetxeen eduki guztiak kontrolatzen ditu Disneyk. Iruditzen zitzaigun haur eta gazteei zuzenduriko plataforma handiena izanik, estrategikoa zela haurrek bertan euskarazko erreferenteak izatea. Ekimenak dezenteko oihartzuna izan zuen, 5.000 sinadura baino gehiago bildu genituen hilabete batean.

Legebiltzarrean ere agerraldia egin zenuten, ezta?

Bai, kultura batzordean agerraldia egiteko gonbidapena iritsi zitzaigun, eta joan ginen. Ondoren, Bizkaiko herritar talde batek Netflix Euskaraz mugimendua sortu zuen, streaming plataforma nagusian euskarazko edukiak eskatzeko. Azkenean, apirilean Durangon agerraldia egin genuen, elkarlanean aritzeko: Disney Euskaraz, Netflix Euskaraz, Zinemak Euskaraz, Game Erauntsia, Tinko euskara taldea eta Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkartea gara. Erabaki genuen euskarak ikus-entzunezkoetan duen erronka bere osotasunean landuko duen mugimendu integral bat osatzea.

Hortaz, plataformez harago doa oraingo mugimendua...

Bai, orokorrean ikus-entzunezkoetan euskara bermatu nahi dugu: bideo-jokoak, internet, sare sozialak, telebista, zinema, bikoizketak, Euskal Telebista... Horregatik sortu genuen Pantailak Euskaraz mugimendua, eta gure aldarrikapen taula plazaratu genuen. Lanean jarraitzen dugu, eta euskalgintzaren eta ikus-entzunezkoen sektoreko hainbat eragilerekin batera, larunbatean euskarazko ikus-entzunezkoen aldeko manifestua aurkeztuko dugu. Azaroaren 8an Eusko Legebiltzarreko agerraldian  egindako eskarien bidetik doa, euskal instituzioen inplikazioa eskatuz. Horietako eskari bat zinemari buruzkoa da. Filmen %1 baino ez daude euskaraz, baina Euskararen Legeak dio erakundeek neurriak hartu behar dituztela ikus-entzunezkoetan bi hizkuntzen arteko berdintasuna lortzeko; eta zinema berariaz aipatzen da. ETBri dagokionez, legeak dio euskararen normalizaziorako tresna izan behar duela, eta ETB2 horretarako sortu zen. Ikusten dugunez, kontrako norabidea hartu du. TVEk ere bermatu beharko luke hemengo albistegietan euskara, baina minutu bateko laburpena baino ez dute egiten, eta Clan katean euskarazko edukiak ere bermatu beharko lirateke. Uste dugu hori guztia arautzeko beharrezkoa dela euskal ikus-entzunezkoen lege bat egitea. Bai Euskal Autonomia Erkidegoak zein Nafarroak, biek ala bidek lege propioak egiteko eskumena dute. Arautu behar dute ikus-entzunezkoen panorama osotasunean. Gero, hori guztia betetzen dela bermatzeko, eta hizkuntza eskubideak bermatzen direla ziurtatzeko, ikus-entzunezkoen kontseiluak sortu beharko lituzkete. Europako Batzordeak 2000. urtean aholkatu zien estatu kideei ikus-entzunezkoen kontseiluak sortzea, eta Europako herrialde aurreratu guztiek badituzte. 

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago