Ostiralean osasun larrialdia aktibatu eta LABIren bilera deituko du Urkulluk

Erredakzioa 2021ko abe. 2a, 16:41
LABIren bilera ostiraleko 16:30ean egingo dute. / IREKIA

Covid ziurtagiria baimentzeko Espainiako Auzitegi Gorenak emandako epaia "sakonean" aztertu ostean, Iñigo Urkullu lehendakariak ostiral honetan berraktibatuko du osasun larrialdia. Gainera, LABIren bilera deitu du arratsalderako.

Pandemiaren seigarren olatua hemen dago, eta, horrekin batera, berriz hastera. Espainiako Auzitegi Gorenak bere helegitea onartu ostean, urrian bertan behera utzitako makineria berriro martxan jartzeko atzera kontua hasi da. Iñigo Urkullu lehendakariak ostegun honetan sinatuko du osasun larrialdia berraktibatzeko agindua; hortaz, ostiralean bertan indarrean sartuko da, eta arratsaldean (16:30etik aurrera) LABIren Aholku Batzordea bilduko da, ia bi hilabeteko etenaldiaren ostean.

Bestalde, Covid ziurtagiria derrigorrez ezarri aurretik, itxaron eta horren inguruan Auzitegi Gorenak emandako epaia "sakon" ezagutu nahi du lehendakariak. Horren arabera hartuko ditu LABIk abendurako neurri murriztaile berriak. Ostiraleko bileraren ostean, dekretu bidez ezarriko dira neurri berriak.

Zer ekarriko du osasun larrialdi berriak?

Neurri murriztaile nagusiak, osasun larrialdia eta LABI bera bertan behera utzi zituenetik, Eusko Jaurlaritzak kezka agertu du Covid-19ari aurre egiteko baliabide faltagatik. Osasun larrialdia berrezartzeak honako aukerak eskainiko lizkioke Jaurlaritzari:

  • Murrizketak ezarri ahal izatea ordutegietan, edukieretan eta hezkuntzan.
  • Ezingo du mugikortasun-mugarik, konfinamendu perimetralik edo etxeratze agindurik ezarri.
  • LABI berreskuratzea, pandemiari aurre egiteko krisi-mahai gisa.

Covid ziurtagiria: nola lortu eta zertarako?

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileen kontrako erabakia onartu eta errekurrituko ez zuela iragarri zuen arren, joan den astean Auzitegi Gorenera jo zuen Eusko Jaurlaritzak, Covid-19 ziurtagiria derrigorrez ezarri ahal izateko. Astearte honetan helegitea onartu du Gorenak, eta, hortaz, Jaurlaritzak agiri horren erabilera arautu ahal izango du; nolanahi ere, oraindik ez du horretarako data zehatzik iragarri.

Eusko Jaurlaritzak zenbait kasu zehatzetan ezarri ahal izango du Covid ziurtagiria: gaueko aisialdian, ekitaldi jendetsuetan, ostalaritza establezimendu batzuetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten jatetxeetan, besteak beste. Establezimendu edo jarduera horietara sartu ahal izateko, 12 urtetik gorako herritarrek QR kode bat erakutsi beharko dute, paperean edo gailu digital batean.

Covid-19 ziurtagiria Osakidetzaren webgunean edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan eskuratu daiteke, eta hiru egoera aurreikusten ditu: txertoen ibilbidea osatuta izatea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna gainditu izana, azken 48 orduetan antigenoen proban negatibo eman izana edota azken 72 orduetan PCR proban negatibo eman izana.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide