Pandemia hasi zenetik hirugarren aldiz, osasun larrialdia berriro aktibatzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, Covid-19aren datuen gorakada berriari aurre egiteko asmoz. Gotzone Sagardui Osasun sailburuak Gobernu Kontseiluaren bileraren osteko agerraldian iragarri duenez, Espainiako Auzitegi Gorenak Covid ziurtagiria onartu ostean ezarriko dute larrialdi egoera.
Sailburuaren adierazpenetik ordu erdira iritsi da Auzitegi Gorenaren epaia: EAEn Covid ziurtagiria derrigorrez ezartzea baimendu du, egungo osasun egoera kontuan hartuta, neurria "proportzionala eta ulergarria" dela iritzita.
Osasun larrialdiarekin batera, beste hainbat neurri aztertzen ari da Osasun Saila, betiere Eusko Jaurlaritzaren eskumenen eta Pandemiaren aurkako Legearen barruan. Besteak beste, indarrean dagoen errege dekretua aldatzea eskatu diote berriz ere Lurralde arteko Osasun Kontseiluari, kanpoaldean ere maskara derrigorrezkoa izan dadin.
Covid ziurtagiria: nola lortu eta zertarako?
EAEko Justizia Auzitegi Nagusiko epaileen kontrako erabakia onartu eta errekurrituko ez zuela iragarri zuen arren, joan den astean Auzitegi Gorenera jo zuen Eusko Jaurlaritzak, Covid-19 ziurtagiria derrigorrez ezarri ahal izateko. Gaur bertan, helegitea onartu du Gorenak, eta, hortaz, Jaurlaritzak agiri horren erabilera arautu ahal izango du; nolanahi ere, oraindik ez du horretarako data zehatzik iragarri.
Eusko Jaurlaritzak zenbait kasu zehatzetan ezarriko du Covid ziurtagiria: gaueko aisialdian, ekitaldi jendetsuetan, ostalaritza establezimendu batzuetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten jatetxeetara sartzeko, besteak beste. Establezimendu edo jarduera horietara sartu ahal izateko, 12 urtetik gorako herritarrek QR kode bat erakutsi beharko dute, paperean edo gailu digital batean.
Covid-19 ziurtagiria Osakidetzaren webgunean edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan eskuratu daiteke, eta hiru egoera aurreikusten ditu: txertoen ibilbidea osatuta izatea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna gainditu izana, azken 48 orduetan antigenoen proban negatibo eman izana edota azken 72 orduetan PCR proban negatibo eman izana.
Zer ekarriko du osasun larrialdi berriak?
Neurri murriztaile nagusiak, osasun larrialdia eta LABI bera bertan behera utzi zituenetik, Eusko Jaurlaritzak kezka agertu du Covid-19ari aurre egiteko baliabide faltagatik. Osasun larrialdia berrezartzeak honako aukerak eskainiko lizkioke Jaurlaritzari:
- Murrizketak ezarri ahal izatea ordutegietan, edukieretan eta hezkuntzan.
- Ezingo du mugikortasun-mugarik, konfinamendu perimetralik edo etxeratze agindurik ezarri.
- LABI berreskuratzea, pandemiari aurre egiteko krisi-mahai gisa.
Intzidentzia altua eta ospitaleak okerrera
Asteotako joera mantendu da azken egunetan, eta EAEko intzidentzia tasa metatuak 500 kasuko langa gainditu du dagoeneko. Astelehen honetako datuen arabera, Arabak ere eremu gorrian jarraitzen du, 370,37ko intzidentziarekin. Gainera, gure lurraldeko 25 udalerri daude eremu gorrian, 150eko intzidentziatik gora: horien artean, Agurain, Amurrio, Laudio eta Gasteiz.
Ospitaleen egoera ere nabarmen okertu da azken asteetan: dagoeneko 249 lagun daude Covid-19arengatik ospitaleratuta, eta horietako 49 ZIUn daude.