Elurra urtzearekin batera eta azken ordutako euritearen ondorioz, Arabako hainbat herritan –Gaubea aldean bereziki– arazo handiak sortu dira. Tumecillo eta Omecillo ibaiek gainezka egin dute hainbat puntutan: Osman, Karankan, Espejon edo Villanañen eta horrek errepideak ixtea eragin du. Horregatik, hain zuzen, herriko eskola ixtea erabaki dute, umeak ezin baitziren Uribarri Gaubeara iritsi.
Berdin gertatu da Erriberagoitiko Pobesen, Ereñan eta Mimbredon. Bertan, Baia ibaiak altuera handia hartu du eta errepidera atera da. Halaber, Iruña Okan, Bilodan eta Tresponden ohiko arazoak sortu dira Zadorra ibaiak gainezka egin duelako, eta Gasteizko udalerriko Gereña herrian Zaia ibaia etxeetan sartzeko zorian dago. Kuartango ere kaltetu ditu urak. Baia ibaiak gainezka egin du. Bizilagunek ezinegona agertu dute, Udalak ibaia garbitzeko eskatutako lanak ez direlako baimendu. Andagoiara sartzeko bidea ere uraren azpian geratu da.
Argindarrik gabe
Beste herri batzuetan argindar falta izan da arazo nagusia. Elurtearen ondorioz, argindar-sarea matxuratu egin da eta Bujandan, Uribarri Aranan, Aldan edo Kontrastan 24 orduz egon dira agindarrik gabe bertako bizilagunak. Astelehenean goizean Iberdrolak ekipo elektrogenoak jarri behar izan ditu toki horietan argindarra bermatzeko. Lautadan ere argindar-mozketak egon dira asteburuan zehar, batik bat igandean.
Kasu larrienetakoa La Leze gaztandegikoa da, izan ere igandetik argindarrik eta urik gabe daude bertan. Eli Gorrotxategik ALEAri azaldu dionez, igandean argindarraren zutoina erori zen, eta argirik eta urik gabe geratu ziren, ura ekartzeko ere argindarra erabiltzen baitute. "Oso larria da kontua. Kanpoan, 30 zentimetroko elurra dago eta ganadua dagoeneko ukuiluetan sartu dugu; jaten eta edaten eman behar diegu eta horretarako argindarra behar dugu". Gorrotxategik azaldu duenez, Iberdrolatik hitz eman diete ekipo elektrogeno bat jarriko dietela, baina oso kezkatuta daude.
"Deskoordinazioa" Trebiñun
Trebiñuko zenbait herritan ere elurte handia jasan dute, eta deskoordinazioa salatu dute bertako bizilagunek. "Berriro ere, erabateko deskoordinazioa aldundien artean. Portuko zati bat garbi dago eta bestea garbitu gabe, bakoitzak bere zatia garbitzen du... ondorioz Trebiñu isolatuta dago. Eta hori gutxi balitz, goizeko bederatzietatik argirik gabe" salatu du EH Bilduk sare sozialetan.