Koronabirusa

Covid ziurtagiria ezartzeko errekurtsoa jarri du Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Gorenean

Erredakzioa 2021ko aza. 24a, 19:30

Covid ziurtagiria ezartzeko "aukera guztiak" agortuko ditu Eusko Jaurlaritzak. / ALEA

Epaileen erabakia onartu eta errekurrituko ez zuela iragarri zuen arren, Eusko Jaurlaritzak Auzitegi Gorenera joko du ostalaritzan Covid-19 ziurtagiria derrigorrez ezartzeko.

Azkenean bai, Eusko Jaurlaritzak helegitea jarriko du Auzitegi Gorenean, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ostalaritzan Covid-19 ziurtagiria ezartzearen aurka hartutako erabakiaren aurrean.

Eusko Jaurlaritzak ziurtatu du Covid pasaportea ezartzeko "aukera guztiak" agortuko dituela, eta pandemiaren bilakaeran izandako gorakadari aurre egiteko neurri gisa defendatu du zenbait kasutan: gaueko aisialdian, ekitaldi jendetsuetan, ostalaritza establezimendu batzuetan edo 50 lagunetik gorako edukiera duten jatetxeetara sartzeko, besteak beste.

Covid-19 ziurtagiria Osakidetzaren webgunean edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan eskuratu daiteke, eta hiru egoera aurreikusten ditu: txertoen ibilbidea osatuta izatea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna gainditu izana, azken 48 orduetan antigenoen proban negatibo eman izana edota azken 72 orduetan PCR proban negatibo eman izana.

Une honetan, Ipar Euskal Herrian edo Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan —Galizian, Katalunian eta Balearretan, adibidez— ziurtagiriaren derrigortasuna indarrean dago.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago