Iragan asteartean, Covid-19ari aurre egiteko irizpide berriak ezarri zituen Eusko Jaurlaritzak. Besteak beste, ekitaldi jendetsuak bertan behera uztea edo atzeratzea eskatu zien intzidentzia altuko udalei. Horrekin batera, 150 kasutik gorako intzidentzia duten udalerrien kasuan Covid-19 ziurtagiria derrigorrez ezartzeko baimena eskatu zion EAEko Auzitegi Nagusiari: ostalaritzan, gaueko aisialdiari lotutako lokaletan, 50 pertsona baino gehiagoko edukiera duten jatetxeetan, dantzalekuetan, diskoteketan, ikuskizun aretoan, karaokeetan...
09:30etik bilduta izan dira Administrazioarekiko Auzietako Aretoko epaileak. Fiskaltzak aldeko iritzia agertu bazuen ere, Covid-19 ziurtagiriaren derrigortasuna ezartzeko baimena ez ematea erabaki du epaileen gehiengoak; bi epailek kontrako jarrera agertu dute, eta Luis Garrido presidenteak aldeko boto partikularra eman du. Baina, azkenean, eskaerak ez du aurrera egin.
Eusko Jaurlaritzak hiru eguneko epea du Auzitegi Gorenean helegitea jartzeko. Hala ere, epaiaren kontra agertu bada ere, epaileen erabakia onartu eta errekurrituko ez duela iragarri du.
Covid-19 ziurtagiria Osakidetzaren webgunean edo Zuzenean zerbitzuko bulegoetan eskuratu daiteke, eta hiru egoera aurreikusten ditu: txertoen ibilbidea osatuta izatea, azken sei hilabeteetan gaixotasuna gainditu izana, azken 48 orduetan antigenoen proban negatibo eman izana edota azken 72 orduetan PCR proban negatibo eman izana.
Une honetan, Ipar Euskal Herrian edo Espainiako Estatuko hainbat erkidegotan —Galizian, Katalunian eta Balearretan, adibidez— ziurtagiriaren derrigortasuna indarrean dago.
Araba eta Gasteiz ere, eremu gorrian
Covid-19aren bilakaera epidemiologikoari dagokionez, azken asteetako goranzko joera mantendu da azken egunetan ere. Astelehen honetan Osakidetzak plazaratutako datuen arabera, Arabako intzidentzia tasa metatua 174,43koa da une honetan.
5.000 biztanle baino gehiagoko udalerri arabarren artean, une honetan, bi udalerri eremu gorrian daude une honetan: Agurain, 560,43ko intzidentziarekin baina beheranzko joerarekin; eta Arabako hiriburua, Gasteiz, 177,76ko intzidentziarekin eta eremu gorrira iritsi berri.
Hala ere, horiez gain, Arabako beste hamabost udalerri daude eremu gorrian; guztira, beraz, hamazazpi udalerri daude 150eko intzidentziatik gora:
- Dulantzi (222,93)
- Asparrena (185,64)
- Barrundia (1.381,51)
- Bernedo (377,36)
- Kanpezu (282,75)
- Burgu (313,97)
- Eltziego (483,09)
- Kuartango (268,82)
- Lapuebla de Labarca (568,83)
- Legutio (163,76)
- Leza (1.327,43)
- Samaniego (414,94)
- Urkabustaiz (758,62)
- Ekora (374,53)
- Zuia (465,71)