Haurren kontrako indarkeria

Ikusi nahi ez dena argitzeko urratsak

UNSPLAHS/ELIA PELLEGRINI

Haurtzaroaren Etxea zabalduko dute aurki Gasteizen. Sexu-indarkeria jasan duten haurrak eta nerabeak artatuko ditu zentro aitzindariak. Arazoa azaleratzeko garrantziaz ohartarazi dute adituek.

Eusko Jaurlaritzak Barnahaus edo Haurtzaroaren Etxearen proiektu pilotua martxan jartzeko asmoa du Gasteizen, hurrengo urtean. Haurtzaroaren Etxean sexu-indarkeria jasan duten haurrak eta nerabeak artatuko dituzte, modu integralean, birbiktimizazioa saihesteko eta nerabeei eta haurrei zuzendutako arreta hobetzeko. Proiektu pilotua bi urtez luzatuko da. Eusko Jaurlaritzako Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburu Beatriz Artolazabalek iragarri duenez, "haur edo nerabeei sexu-abusua egiten dietenean esku hartzen duten sail guztiak koordinatuko dira eta elkarrekin lan egingo dute, biktimari laguntzeko".

Era berean, sexu-abusuen arloan erakunde arteko eta sail arteko lantalde teknikoa eratzeko lehen urratsak egin dira, kasu horietan esku hartzen duten arloekin: Justizia, Segurtasuna, Osasuna, Gizarte Zerbitzuak, Hezkuntza… Lantalde horrek abenduan egingo du lehen bilera, eta bere helburuen artean dago eredua Euskal Autonomia Erkidegoko eskumenen errealitatera egokitzea eta protokoloak prestatzea.

"Haurren kontrako sexu-indarkeria bereziki kezkagarria den fenomeno bat da"

Hasieratik, proiektuaren sustatzailea izan da Save the Children taldea, eta laguntza teknikoa eskainiko dio, gainera, Eusko Jaurlaritzak martxan jarriko duen Haurtzaroaren Etxearen lantaldeari. Charo Arranz Save the Children-Euskadiko zuzendariak azpimarratu du garrantzitsua dela esku hartzen duten sail guztiek elkarrekin aritzea, haurren eta nerabeen interesa bermatzeko. "Poliziaren, gizarte-zerbitzuen, epaitegien eta osasun-sistemaren arteko koordinazio-espazio bakarra da Barnahaus, eta horri esker umeak ez du erakunde batetik bestera ibili behar. Kontakizuna behin baino ez du ematen eta arreta berezia jasotzen du", azpimarratu du. Gaur egun, aldiz, Arranzen esanetan, haurren sexu-indarkeria kasuak toki desberdinetatik artatzen dira, eta haurrak, gutxienez, lau zerbitzu desberdinetatik igaro behar du, zerbitzu horiek ez daudelako koordinatuta. "Horrek sendatzea oztopatzeaz gain, kaltegarria da prozesu judizialerako, ez baita haurraren testigantza zaintzen eta adingabearen birbiktimazioa sortzen da".

Etxepe Berean txostena aurkeztu du Save the Children-ek Barnahaus-en ekarpenak biltzeko. Suedia, Danimarka eta Norvegiako esperientziek erakusten dutenez, Barnahus eredua herrialde bakoitzeko sistema juridikoen beharretara egokitu daiteke, arazorik gabe. Alde horretatik, Barnahus etxeen proposamen bat landu eta aurkeztu dute, EAEko berezitasunetara egokituta.

Arazo ezezaguna

Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak emandako datuei erreparatuta, garrantzitsua da sexu-indarkeria pairatzen ari diren adin txikikoen kopurua: "bost adingabetik batek sexu-indarkeria jasan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Gaur, Euskadin, 18 urteko 2.000 eta 4.000 gazte artean egon daitezke bizitzan zehar sexu-indarkeriaren bat jasan dutenak”, esan du.

Ildo horretatik, hiru lurraldeetako foru-zerbitzuen datuen arabera, 2018an, 90 jakinarazpen inguru erregistratu ziren kasu hauen inguruan; euskal epaitegietan, berriz, 151 pertsona heldu kondenatu zituzten 16 urtetik beherakoen aurkako sexu-delituengatik. Urte horretan bertan, Ertzaintzak eta udaltzainek 16 urtetik beherakoen aurkako 276 sexu-delitu erregistratu zituzten.

"Sexu-hezkuntza integralak aldarria izan behar du eskolan, eta ez da hala izaten ari"

Bestalde, adituek eginiko ikerketa desberdinek nabarmentzen dutenez, haurrek jasandako sexu-abusuen %2 baino ez dira denbora errealean ezagutzen, hau da, abusuak gertatzen diren unean; eta soilik %10ek salatzen dute gertatutakoa, helduarora iristen denean. Fenomeno konplexua da, bereziki ezezaguna bere benetako dimentsioari dagokionez, eskura dagoen informazioa oso urria delako. Sexu-indarkeriaren nagusitasuna egindako estatistiketan agertzen dena baino askoz handiagoa izan daitekeela uste da.

Sare sozialen eragina

Arazoaren benetako neurria jakitea zaila den arren, zenbait adituk azpimarratu dutenez, haurtzaroan eta nerabezaroan ematen den sexu-indarkeriaren fenomenoak gora egin du azken urteetan. EHUko Psikologia Klinikoko katedradun Enrique Etxeburuak Zarauzko Udalak antolatu dituen indarkeria matxistari buruzko VI. jardunaldietan sexu-indarkeriaren tamainari buruzko azalpenak eman ditu."Ez da alarmismo sozialaren kontua; azterlan desberdinak bat datoz datuetan. Sexu-abusua bereziki kezkagarria den fenomenoa da eta alor desberdinetatik aurre egin behar zaio".

Herrialde desberdinetan eginiko inkesten arabera, sexu-indarkeriaren intzidentzia %15ekoa da batez beste, alegia helduei galdetzen zaienean haurtzaroan edo nerabezaroan sexu-abusuak jasan dituzten %15ek baietz erantzuten dute. Emakumeen kasuan ehuneko hori altuagoa da –%20– eta gizonen kasuan txikiagoa –%7–.

Kasuen igoera horretan bi adierazle nahasten dira, Etxeburuaren ustetan. Batetik, haurren indarkeriaren inguruan dagoen sentsibilitatea handiagoa da egun gizartean. "Bestetik, onarpen sexuala kontuan hartzeko gutxieneko adin muga 13 urtetik 16 urtera igo da, eta ondorioz indarkeria jasan dezakeen sektorea zabaldu egin da. Beste faktore bat teknologia berrien garapena da: sare sozialen eta plataforma digitalen bitartez egiten den sexu-jazarpena; eta online pornografian, sarritan, gezurren bitartez, egiten den adin txikikoen erabilera". 
EHUko katedradunak ere argitu du sexu- indarkeriaren barruan denetariko abusuak daudela. "Sexu-abusuaren barruan daude larrienak eta ohikoenak ez direnak (uzki edo bagina-koitoa) eta larritasun txikiagoa dutenak (ukituak, nahi ez diren laztanak, exhibizionismoa edo pornografia ikustera behartzea)". Halere, kasu guztietan abusuak ondorio larriak ditu haurrarentzat, kalte sakonak eta iraunkorrak ditu umeen eta nerabeen garapenean; eta arazoaren aurrean dagoen isiltasunak desoreka mentalen eta biktimizazio berrien aurrean zaurgarriago bihurtzen ditu umeak.

Askotan, gainera, ez dago agresibitaterik, ezta indarkeria fisiko espliziturik ere; aitzitik, pertsona heldu abusatzaileak adingabeari sedukzioaren bidez egiten dion indarkeria da, adingabearen onarpena eta konplizitatea bilatuz. Horregatik, biktima askotan ez da ohartzen berataz abusatzen ari direla. Eta ohartzen denean ez du esaten. Sinetsiko ez diotelako beldurra dago, erru-sentimendua, erasotzailearen errepresaliei beldurra eta familia hondatzeko beldurra. "Ezin dugu beste alde batera begiratu –esan du Etxeburuak–. Gaur egun hobeto ezagutzen dugu fenomenoa eta antzematen dugun bezain laster laguntza eskatu behar dugu; zenbat eta lehenago detektatu, orduan eta handiagoak dira adin txikikoa sendatzeko aukerak".

Alta, oso zaila da kasu hauek antzematea eta are zailagoa salatzea eta frogatzea. Aitziber Bañuelos Eraikiz Kolektiboko proiektuen koordinatzailea da, gizarte-hezitzailea, eta haur eta nerabeen aurkako indarkeria matxistetan eta sexu-indarkerietan aditua. Zarauzko Udalak antolatutako jardunaldietan modu oso argian esan du: "Sexu-indarkeria ez da anekdotikoa, gertatzen ari da; ez da antzematen eta detektatzen denean ez da salatzen; hori da hain zuzen estatistikek erakusten digutena: pertsonen %10ek soilik salatzen dutela, helduarora iristen direnean". Gainera, oso zaila da frogatzea. Ebidentzia fisikoak egonez gero, oso nabarmenak ez badira, beste gaitz batzuekin lotzen dira sarritan; eta haurren edo amaren testigantzak ez dituzte sinesten epaitegietan. "Paperak dena aguantatzen du, baina hemen errealitatea da kasu gehienetan adin txikiko baten testigantza dugula, eta adin txikikoari ez zaio sinesten; bestetik, normalean babes figura ama da, eta amaren testigantzak ere ez du sinesgarritasunik epaitegietan gizarte patriarkal batean bizi garelako".

Egiturazko arazoa

Salatzen diren auziekin batera kezkagarriena azaleratzen ez diren kasuak direla azaldu du Bañuelosek, eta isiltasun horren atzean dagoena. "Sexua eta haurrak lotzen dituen binomioari buruz oso gutxi hitz egiten duen gizarte batean bizi gara. Isilduta dago arazoa. Isiltasun ituna dago. Gogorra da esatea baina gizartearen balio sinbolikoetan duen pisuagatik haurren kontrako indarkeriarekin oro har eta sexu-indarkeriarekin zehazki nolabait isiltasun itun bat dago. Ez da erraza hitz egitea".

Hortaz, emakumeen indarkeriarekin egiten ari den bezala, haurren eta nerabeen kasuan ere arlo sinbolikoan eta ideologikoan prebentzio lan handia egin behar dela uste du adituak. "Haurtzaroaren kontrako indarkeria egiturazko arazoa da emakumeen kontrako indarkeria bezala. Indarkeriaren kulturarekin lotuta dago, bortxaketaren kulturarekin". Helduetan fokua jarri behar dela uste du Bañuelosek, erasotzaileak helduak direlako. "Gizarte sarea sortu behar da, errespetuan eta tratu onean oinarrituta, emakumeen kontrako indarkeriarekin egiten ari garen bezala, abusatuak diren pertsona horiek guztiak babesteko eta laguntzeko. Halaber, sexu-hezkuntza integralak aldarria izan behar du eskolan eta eskolaz kanpo, eta ez da hala izaten ari. Indarkeria eta sexualitatea urruntzea funtsezkoa da, eta era berean, haurren indarkeriarekiko dagoen permisibitatearekin amaitu behar dugu" azpimarratu du Bañuelosek .

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide