Astearte honetan, 16:30etik aurrera, Covid-19aren pandemiari aurre egiteko azken bilera egin du LABIk. Ondoren, 17:00etatik aurrera, ohiko prentsaurrekoaren ordez, Iñigo Urkullu lehendakariak galderarik gabeko adierazpen instituzionala egin du, indarrean dauden neurrien gainean ostegunetik aurrera —urriaren 7an— ezarriko diren aldaketen berri emateko.
Lehenik eta behin, pandemiaren hasieran ezarritako osasun larrialdia amaitutzat ematea erabaki du Eusko Jaurlaritzak, urte eta erdiren ostean. Horrekin batera, LABIren aholku batzordea desegingo da, eta aurrerantzean Osasun Sailaren esku geldituko da Covid-19aren aurkako estrategiaren kudeaketa EAEn.
Azken asteetan bilakaera epidemiologikoa egonkortu denez eta "pandemiaren unerik zailenak" gainditu direnez —intzidentzia tasa metatua 60 kasutik jaitsi da eta txertaketa biztanleriaren %90era iritsi da—, "normaltasun berrira" itzultzeko neurriak hartzea erabaki dute.
Neurri gehienak bertan behera
Honako hauek dira Eusko Jaurlaritzak mantenduko dituen neurri nagusiak:
- Maskara: espazio itxietan derrigorrezkoa izaten jarraituko du; baita segurtasun distantzia mantendu ezin den espazio irekietan ere.
- Ostalaritza: murrizketa gehienak bertan behera geldituko dira; besteak beste, barran eta zutik kontsumitzea baimenduta egongo da berriz ere.
- Edukierak: 5.000 ikusle baino gehiagoko espazio itxietan %80ko edukiera —adibidez, saskibaloiko pabilioietan—; futbol zelaietan, berriz, %100eko edukiera itzuliko da.
- Ekitaldietan jatea eta edatea: horretarako propio bideratutako lekuetan izan ezik, debekatuta egongo da, bai barrualdean, bai kanpoaldean.
Lehendakariak osasun eta prebentzioko gomendioak errespetatzen jarraitzea eskatu badu ere, gainerako neurri murriztaile guztiak bertan behera geldituko dira ostegunetik aurrera. Besteak beste, edukiera zein ordutegietan ezarritako mugak bertan behera geldituko dira, pertsonen arteko topaketetan ez da mugarik egongo, kontzertuak zutik ikusi ahal izango dira, eta gazte lonjak berriro ireki ahal izango dira.
"Osasun zaintzako etapa berri bati ekin diogu", adierazi du Urkulluk. "Lortu dira Biziberri IV planean ezarritako helburuak, baina osasun krisia ezin da amaitutzat eman".