Tokikom Sarien seigarren edizioko sari banaketa egin dute gaur Arrasateko Garaia Parke Teknologikoan, Tokikomek antolatuta, EiTBren laguntzarekin, eta Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Bizkaiko zein Gipuzkoako Foru Aldundien babesarekin. Euskarazko komunikazioaren arloko ehun lagun inguru batu dira ekitaldira, eta bertan jarraitzen dute uneotan, nazioarteko adituekin batera hedabideen inguruko komunitateen sorkuntzaz eztabaidatzen.
Kazetaritza lanen kalitatea
Kazetaritza sariak emateko epaimahaia Maria Gorosarri Gonzalezek, Edorta Arana Arrietak eta Amaia Pavon Arrizabalagak osatu dute. Hiru epaimahaikideak bat etorri dira aurkeztutako lan guztien kalitatea nabarmentzean, eta azpimarratu dute maila igotzen doala urtez urte, aukeraketa gero eta zailagoa suertatzen delarik.
Bederatzi lan finalistak, tartean lau saridunak, sariketaren webgunean daude ikusgai. Urtero bezala, kazetaritza sariak hiru kategoriatan banatu dira:
- Azalik onenaren saria: Sakanako Guaixe aldizkariaren Uda Sakanan lanarentzat izan da. Alde estetikotik txukuna eta bizia izateaz gain, Sakanako Guaixe astekariak udako zenbaki berezirako landutako azalak balio informatibo handia ere badu, eta primeran islatzen du eskualdeko mapa erreferentziala. Begi-kolpe batean ikusten da herri bakoitzean zer dagoen, eta bertako ondare natural eta kulturala oso modu bisualean islatzen da.
- Edukirik onenaren saria: Hego Uribeko Geuria aldizkariarentzat izan da, Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak monografikoagatik. Hego Uribeko Geuria hilabetekariak hainbat uztarketa interesgarri egin zituen, berak ere udako zenbaki berezian. Alde batetik gaia, hainbat fenomeno global (aldaketa klimatikoa, kontsumismoa, hirigintza) tokiko ikuspegitik lantzen. Lanketa horretan, gainera, kazetaritza genero ezberdinak eta informazio iturri anitzak ere uztartu ditu. Testuaren eta alde grafikoaren arteko oreka ere mimo handiz zainduta dago, bai eta online eta offline euskarrien artekoa ere: infografiak, ilustrazioak, argazkiak eta bideoak ez dira falta, ez eta paperezko edukia digitalarekin lotzeko QR kodeak.
- Ikus-entzunezko onenaren saria: Goierri Irrati-Telebistak jaso du, Ateak itxi, leihoak ireki lanari esker. Goierri Irrati-Telebistak lan bikaina egin du, Covid-19aren ondoriozko itxialditik urtebetera, orain hain urrun geratzen zaigun esperientzia kolektibo horren testigantza gordetzeko. Etxealdiko esperientziaren ikuspegi eta errelato zabala eskaintzen du, hainbat herritarren bizipenak eta oroitzapenak jasoz, estetika oso zainduarekin eta edukia hitzen bidez ez ezik, irudiak erabiliz ere transmititzeko ahalegina eginez. Gerora begira ere, dokumentu ederra da, etorkizuneko ikusleek jakin dezaten nola bizi izan den itxialdia bertatik bertara.
- Laugarren sari bat ere banatu da: Komunitatearen Saria. Sari hau publikoak erabaki du, internet bidezko bozketa egiteko galdetegi baten bitartez. Aukerarik bozkatuena, jasotako 373 bozken %25arekin, Karkara aldizkariak aurkeztutako Bandera da Orion portada ederra izan da.
Komunitatea josten, nazioarteko adituen esperientziaz
Sariak banatu ostean, Arrasaten bildutako komunikabideak goiza aprobetxatzen ari dira beraien arteko zein publikoarekiko komunitateak eratzeko moduez jarduteko. Horretarako, Britainia Handiko BBCko, Flandriako Het Belang van Limburgeko eta Espainiako eldiario.es hedabide digitaleko lankideen esperientziak entzun eta haien inguruan eztabaidatzen ari dira.