Josean Kerejeta buru duen Baskonia-Alaves taldearen unibertsitate pribatuaren proiektua 2022ko irailean abiatuko da; 2017an aurkeztu zenetik, bost urtetara. Osasun, kirol eta teknologia berrien hezkuntza eskaintza batekin, Vital Kutxaren eraikin zaharrean izango du behin-behineko egoitza, Salburuan.
Izan ere, Eusko Legebiltzarrak ostegun honetan onartu du Euneiz EAEko bosgarren unibertsitate gisa aitortzen duen lege proiektua, EAJ, PSE, PP+Cs, Vox alderdien aldeko botoekin; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontra bozkatu dute, proiektuaren "irabazi-asmoa" salatuz eta diru publikorik ez jasotzea exijituz.
Behin-behineko proiektua martxan jarri ostean —sei gradu eta hiru master—, bost urteko epea izango du Euneizek Espainiako Gobernuak abuztuan onartutako unibertsitateen araudi berrira egokitzeko. Horren arabera, 2027rako gutxienez hamar gradu, sei master eta bi doktorego eskaini beharko ditu.
Gainera, Baskonia-Alaves taldearen asmoa eraikin propio bat eraikitzea da; oraingoz, Vital Kutxaren eraikina handituko du. Horrekin batera, 12,5 milioi euroko inbertsioa egitea eta etorkizunean zuzeneko zein zeharkako 400 enplegu baino gehiago sortzea aurreikusi dute.
Ekainean aurkeztutako Innovaraba proiektu integralaren parte da Euneiz. Unibertsitateaz gain, zortzi ardatz izango ditu Araba Sport Capital izeneko instalazioa: enpresa sortu berrientzako Hegan startup azeleragailua, nazioarteko futbol akademia, nazioarteko ikastetxea, gazte kirolarientzako garapen eta teknifikazio zentroa, ikasle eta kirolarientzako egoitza (300-350 gazterentzako lekuarekin), eta, azkenik, ikerketa eta kirol medikuntza zentro bat. Azpiegitura horiei Bakh kirol eta aisialdi zentroa handitzeko proiektua gehitu behar zaie. Guztira 64 milioi euroko inbertsioa aurreikusi dute, eta horietatik 30,73 milioi Europako funtsetatik iristea espero dute.
Sindikatuak proiektuaren aurka
Lege proiektua eztabaidatzen zen bitartean, sindikatuak eta beste eragile sozial batzuk elkarretaratzea egin dute Legebiltzarreko atarian. ELA, LAB, STEILAS, CCOO, CGT/LKN eta ESK sindikatuek osatutako gehiengo sindikalak, proiektu "elitista" hori geldiaraztea eta diru publikoarekin ez finantzatzea eskatu dute, Ernai eta EHUko Ikasleen Kontseiluarekin batera.