Aurrerapausorik ez Esku-hartze Sozialeko hitzarmenaren negoziazioan

Erredakzioa 2021ko aza. 10a, 19:35

Esku-hartze sozialeko langileen laugarren mobilizazioa, Probintzia plazan. / Argazkia: ELA

Esku-hartze Sozialeko langileek laugarren mobilizazio egunean salatu dutenez, AISA patronalak "zehaztasunik gabeko" proposamena luzatu die. Emilio Sola diputatuak, ordea, hitzarmena aurrera ateratzeko borondatea agertu die.

Asteazken honetan, ELA, CCOO, LAB, ESK eta UGT sindikatuek abiatutako dinamikaren barruan, laugarren mobilizazio eguna izan dute Arabako Esku-hartze Sozialeko langileek, eta berriz ere Aldundiak Probintzia plazan duen egoitzaraino eraman dute hitzarmen duinaren aldeko aldarria.

Mobilizazioaz gain, azken nobedadeen berri emateko prentsaurrekoa eman dute, mobilizazioekin jarraitzeko eta horiek areagotzeko asmoa iragarriz, "patronalak eta erakundeek, ekintzekin, sektoreko lan eta laguntza baldintzak hobetzeko apusturik egiten ez badute".

Izan ere, negoziazio mahaia berriro martxan jartzeko AISA patronalaren proposamen bat jaso dute. Azaldu dutenez, negoziazioa "erakundeen finantziazio faltagatik blokeatuta" zegoela argudiatu du AISAk, baina, hala ere, astearte honetan egindako bilera berri batean, "zehaztasunik gabeko" planteamendu orokorra luzatu zien, "duela hilabete mahai gainean zegoena baino eskasagoa, mobilizazioak eragin zituena baino are kaskarragoa".

"Erakundeek argi eta garbi adierazi digute, orain arte ez bezala, finantzaketa bermeak eman dizkietela, baina sektorearen baldintzak hobetzeko proposamenak urrun daudela gure aldarrikapenetatik, eta ez daudela beste mugimendurik egiteko prest; hori onartezina da sektoreko langileentzat, hamaika hilabetez negoziatzen aritu ondoren", azaldu dute sindikatuek.

Bilera horren amaieran, AISAk konpromisoa hartu zuen sindikatuekin "ahalik eta lasterren proposamen argi eta zehatz bat egiteko mahai gainean dauden puntu guztietan".

Aldundiaren borondatea

Joan den astean hitzartu bezala, gaurko mobilizazioaren ostean, Emilio Sola Gizarte Politiketako foru diputatuarekin eta bere lantaldearekin bildu dira sindikatuak. Diputatua, "bideratzaile" gisa agertuz, Aldundiak Esku-hartze Sozialaren aldeko apustua egin duela eta sektoreko langileen aldetik hitzarmena aurrera ateratzeko "borondatea" duela jakinarazi die.

"Hori guztia hurrengo negoziazio mahaian gauzatuko delaren itxaropenarekin utzi gaitu. Sola jauna, ekintzak nahi ditugu, ez itxaropenezko borondateak", ohartarazi dute sindikatuek.

Hitzarmen duinaren alde borrokan

Arabako Esku-hartze Sozialaren sektoreko azken hitzarmena 2020ko abenduaren 31n amaitu zen. Orduz geroztik, 2021. urtean zehar, hainbat bilera egin dituzte AISA patronalarekin, baina oraingoz ez dute aurrerapausorik lortu.

Besteak beste, patronalak soldaten %4ko igoera planteatu du datozen hiru urteetan, baina sindikatuek ohartarazi dute "urte arteko KPIa dagoeneko %4koa dela". Horren aurrean, sindikatuek gogorarazi dute 2017an hiru eguneko grebari esker lortu zutela aurreko hitzarmena, eta mobilizazioei ekin diete berriro, hainbat eskakizun plazaratuz; oraingoz patronalak baztertu egin ditu:

  • Soldaten %6,5eko igoera
  • Urtean zortzi orduko lanaldi-murrizketa
  • Hobekuntzak aldi baterako ezintasunaren osagarrian
  • Lizentziak eta baimenak
  • Familia, gizartea eta lana bateragarri egiteko eskubideak
  • Plusen arteko bateraezintasunak
  • Txanda kontratua eskuratzeko eskubidea ezabatzea

Egoera desblokeatzeko eskatu diote AISAri, planteatutako baldintzak "lehenbailehen" adosteko. Bestalde, Arabako Foru Aldundiaren inplikazioa eskatu dute sindikatuek, esaterako, hobekuntzak finantzatzeko konpromisoaren bitartez.

Gaur egun, sektoreak 1.000 langile baino gehiago ditu Araban, hainbat enpresaren bitartez. Langile horien eginbehar nagusia gizarte-bazterkeriako arriskuan dauden pertsonak, babesgabetasun egoeran dauden adingabeak, familia kalteberak, indarkeria matxista jaso duten emakumeak eta osasun mentaleko arazoak edo mendekotasunak dituzten pertsonak artatzea da.

Izan zaitez ALEAkide!

ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu? Aukera ezberdinak dituzu gure proiektuarekin bat egiteko.

Informazio gehiago